Taxi gidariak eta zentzu komuna


Taxi gidariena izan liteke gaur egungo gizartean nagusitzen den zentzu komunaren lagin fidagarrienetako bat. Alde batetik, lanak hartara beharturik, klase guztietako bezeroak eraman behar izaten dituztelako alde batetik bestera: negozio bidaietara doazen enpresariak, erosketak egitetik bueltan datozen herritar xumeak, hemengo paisaiaz eta gastronomiaz gozatzeko asmotan lurreratu berri diren turistak, parrandatik bueltan etxera ailegatu nahian edozer ordaintzeko prest dauden eta hitz egiteko gai ez diren giza hondakinak... Bestetik, normala den moduan, gidatzen ari diren bitartean isilik dagoen ikuslearen papera jokatzeak ematen dielako horrelako abantaila antzeko bat jendeak errealitateaz duen pertzepzioa baloratzeko orduan.
Gaueko azpimundua eguneko joan-etorriak bezainbeste ezagutzen duten ehun taxilari gela batean sartuko bagenitu eta aktualitateari buruzko galdetegi bat pasatuko bagenie, zinez ondorio interesgarriak aterako genituzke gizartean gauza askoren inguruan dauzkagun iritzi konpartituei buruz. Beste kontu bat litzateke, esperimentuak iraun bitartean taximetroa martxan jarriko balute, akaso ondorio bakoitza garesti xamar ordainduko genukeelako.
Duela urte batzuk, Gasteiz kanpoaldean dagoen kontzertu areto batetik bueltan gentozela, goizaldeko ordu txikietan, filmetako dialogoak entzuteko ohitura zuen taxi gidari bat ezagutu genuen. Hiriaren erdialdera ailegatu bitartean, film klasikoetako elkarrizketak entzuten pasatu genuen denbora: guk film baten izenburua bota eta hark elkarrizketa jarri guri entzungai musika aparatuan. Surrealista xamarra zen egoera, dena esate aldera, baina eskertu genuen taxi gidariaren originaltasuna. Telefono zenbakia ere hartu genion beste baterako badaezpada, baina ez dugu berriro harekin elkartzeko plazerik izan zoritxarrez. Gau hartako bidaiaz, dena den, sarritan gogoratu gara geroztik.
Espainiar erreinuko hiriburuan, mehatxu jihadistari aurre egiteko taxi gidariak protagonista izango dituen plan bat jarriko dute martxan hemendik gutxira. Susmagarria iruditzen zaien bezeroren bat tokatuz gero, poliziari jakinarazteko bidea erraztea izango du helburu Barne Ministerioak taxilarientzat diseinatutako eskuliburuak. Izan ere, Bruselako atentatuen egileetako batek, maleta lehergailuz beteta zeramala, taxi bat hartu omen zuen ekintza burutzeko lekura ailegatzeko. Taxi gidariak berak gerora poliziari jakinarazi zionez, bezeroak susmo txarra piztu zion hasieratik, maleta kapotean sartzera zihoanean ez ziolako baliza ukitzen utzi ere egin. Hori ikusirik, eta Madrilen egunero 16 mila taxi ibiltzen direla kontuan hartuta, atentatuak saihesteko bide eraginkorra iruditu bide zaie Barne Ministerioko arduradunei jendea hemendik hara eramateaz arduratzen diren langileentzako jarraibide bat prestatzea.
Ez dakit zentzu komunak albistearen inguruan zer esango duen, taxilari bati galdetzea genuke onena. Niri boteprontoan “Taxi Driver” filma ekarri dit akordura. Robert de Niro du protagonista pelikulak eta Vietnameko gerratik bueltan, depresioak eta insomnioak jotako Travis izeneko taxilari baten gorabeherak kontatzen ditu. Hiria prostituta, drogazale eta bestelako gaitzetatik libratzeko nahiak obsesionaturik, taxian alde batetik bestera pasatzen ditu gauak Travisek.
Film klasiko eta ezaguna izanagatik ere, ez dut ondo gogoan kontzertu hartatik bueltan, gure taxi gidari frikiari “Taxi Driver”-eko dialogoren bat ipintzeko eskatu genion edo ez. Despiste galanta gurea hala izan ez bazen, badirelako zinemaren historiara pasatu diren esaldi pila bat pelikulan, egoera hartan entzuteko ezin aproposagoak. Beharbada taxi gidari zinefiloari ere ez zion grazia handirik egingo eskaerak, ez baitu gremioa leku onegian uzten, egia esan. Jakina delako ez dagoela taxi gidariekin erabat fidatzerik. Ezta gizartean nagusi den zentzu komunarekin ere. Baina hori beste pelikula bat da. Bitartean, kontuz ibili udan Madrilera bazoazte zapatetan betuna ematearekin, lehergailu bati darion usaina oso antzekoa baita, diotenez. •

