Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
Kazetaria eta ikertzailea

Bortxaketa ez da sexua

Sanferminak amaituta, zenbat emakume bortxatu dituzten kalkulatu dute hedabideek. Zenbat emakumek bortxaketa salatu duten zenbatu dute, hain zuzen. Albistea, baina, zenbat gizonek bortxatu gaituzten litzateke. Gainera, poliziak eta hedabideek sexua eta sexu indarkeria parekatzen dituzte:

• «‘Una vez dentro [del portal] me rodearon los cuatro y me tiraron al suelo, en esa posición me quitaron el sujetador y me quitaron los botones del pantalón’», prosigue el relato en el que los cuatro le obligaron a tener relaciones sexuales, según el atestado policial» (“El Español”, 2016/07/14).

“Diario de Navarra”-k bere horretan kopiatu zuen albistea, baina Twitterren kritikatu egin nien eta aldatu egin dute:

• «En ese momento aprovecharon para agarrar a la chica y meterla en el interior, donde llevaron a cabo varias agresiones sexuales» (“Diario de Navarra”, 2016/07/14).

Gogoz kontrako sarketa ez da sexu harremana. Inork ezin gaitu sexu harremanak izatera behartu, behartuz gero, harremana ez delako. Horregatik, bortxaketa ere ez da sexua, bortxatzailearentzat ere ez. Plazera eta sexua ez dira gauza bera; badira plazera eragiten digun sexuaz haragoko hainbat gauza: jatea, adibidez. Konorterik gabe gaudenean ez daukagu sexu harremanik. Logikoa ematen du, baina salaketa hartu behar diguten funtzionario publikoei ez zaie axola:

• «El ertzaina encargado de la instrucción del atestado de los dos crímenes supuestamente cometidos por Juan Carlos Aguilar ha explicado [en el juicio] que en las imágenes, ‘esas otras mujeres aparecían inconscientes, medio desnudas, con ropa erótica, y en algunas ocasiones manteniendo relaciones sexuales’» (Eitb.com, 2015/04/20).

• «El máximo responsable de la investigación incide en la ‘faceta dominante y sádica de Aguilar’, que queda patente en las numerosas fotografías y vídeos tomados a las mujeres con las que mantenía relaciones sexuales no consentidas» (“El Correo”, 2015/04/26).

Ez onartutako sarketa ez da sexu harremana, bortxaketa da. Ertzainentzat ez dago alderik, baina! Gertakariak deskribatzea badute: aluan zakila sartu zion.

Hedabideek sanferminetako bortxaketen berri eman arren, oraindik salaketa faltsua ote den zalantza zabaltzen jarraitzen dute (“ustezkokeriak”):

• «La Policía Nacional investiga un presunto caso de violación, la cuarta denunciada durante las fiestas» (Eitb.com, 2016/07/10).

• «El Ayuntamiento de Pamplona se personará como acusación particular en el presunto caso de abuso sexual a una joven de 19 años» (“Diario Vasco”, 2016/07/14).

Udalak “gezurrezko” kasu baten alde egingo du? Erasoak salatu eta Ertzaintzak ikertzen baditu, ziurrak direlako izaten da. Kontuan izan salaketa ipintzen dugula sexua eta sexu indarkeria parekatzen dituzten funtzionarioen aurrean. Gogoratu Aranako jaietan (Araba) Ertzaintzak izandako utzikeria. Atxilotua, ordea, ustezkoa izango da epaitu arte, legeak errugabetasun presuntzioa aurreikusten diolako. Ustezkokeriez gain, emakumeak gezurtitzat hartzeko bigarren urratsa erasotzaileei hitza ematea da, andreon testigantza auzitan jartzeko:

• «Los encarcelados por la violación ven ‘contradicciones’ en la víctima» (“Diario de Navarra”, 2016/07/16).

• «La defensa de los detenidos por la violación de San Fermín: ‘No hubo violencia, fueron 4 y de forma consentida’» (Navarra.com, 2016/07/16).

• «El guardia civil preso por la violación dice que no participó y que sólo grabó. El abogado del militar trata de desacreditar a la denunciante: ‘Es una rabieta’» (“Noticias de Navarra”, 2016/07/21).

Gizon baten esanak, frogarik eta ezelango ondorio judizialik gabekoak, salaketa ofizialak beste balio du hedabideentzat. Gertatutakoaren bi bertsio daudela uste dute: andrearena eta gizonena. Ez da egia. Emakumeak salatutakoa lege-haustea denetik, Estatuak bere gain hartzen du kasua. Era berean, frogarik gabe, gizonen esanak ez du baliorik, epaileak sinesgarritasunik eman arte… ematen badio. Frogarik gabe emakumea desakreditatzea helburu dutenei hitza emateak bortxaketaren kulturan parte hartzea dakar: sexua eta sexu indarkeria nahastea, hain zuzen. •