2016/08/13

Erreportajea
ORTZADAR EGUNEROKOA
Egunerokoan biziegi dabilen LGTBIfobia bistaratzeko proiektua abiatu du Gehituk

Aniztasun afektibo-sexuala politikoki zuzenaren marran dabil, akrobaziak eginez. Baina errealitateak kontatzen du homofobia bizirik dela jendartean eta egunero gertatzen direla LGTBIfobiaren ondorio diren erasoak, samurragoak edo latzagoak, baina guztiak eraso. Horiek jaso eta bistaratzeko ireki du Gehituk Ortzadar Egunerokoa.

amagoia.mujika@gaur8.info
Pd14_homofobia

Gaizki begiratu digute eskutik emanda gindoazelako. Nire izebak ez nau familiako bazkarira gonbidatu lesbiana naizelako. Lehengusuak psikologoarengana bidali nahi nau homosexuala naizela aitortu diodanean. Bultza egin didate. Federazioak ez dit mutilen taldean jokatzen uzten nire nortasun agirian emakumea naizela jartzen duelako. Eskolan jipoitu egin naute.

«Isilpean geratzen den gorroto eraso bakoitza bihurtzen da LGTBI komunitatearen (lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualak) porrot handia, baita jendarte osoarena ere». Horrekin kezkatuta, eta egunerokoan ematen diren hainbeste eraso homofobo bistara atera nahian, kanpaina berria abiatu du Gehituk. Ortzadar Egunerokoa ekimena LGTBIfobiaren aurkako proiektua da eta sare sozialen bidez eraso homofoboak salatzeko toki bat eskaini nahi du. Hartara, helbide elektroniko bat prestatu dute (diarioarcoiris@gehitu.org) aniztasun afektibo-sexualarekin loturiko era guztietako erasoak jasotzeko: fisikoak, ahozkoak, eguneroko mikrodiskriminazioak... Mezu bakoitzean adina, lekua, zonaldea eta gertaturikoari buruzko iruzkin txiki bat zehaztu behar dira. Izena ez da beharrezkoa, ekimena anonimoa baita. Bertan jasotako salaketak web orrian eta Gazte Gehituko Facebookean zintzilikatuko dira, jendarteak horien berri izan dezan.

«Proiektuaren helburua edozein motako diskriminazioa, txikia izanagatik, ikusgarri egitea da. Ikusgarri egin eraso horien garrantziaz jabetzeko eta horien aurrean erantzun soziala bultzatzeko», zehaztu du Bea Gomezek, Gazte Gehituko koordinatzaileak.

Azken hilabeteak mugituak izan dira Gomezentzat, Estatu espainiar osoan barna ibili baita bilera batetik bestera Gehituren izenean. «Estatu osoko jendea ezagutzen ari naiz eta konturatu naiz LGTBI komunitatearen kontrako erasoak egunerokoak direla han eta hemen. Jendeak esperientzia pertsonalak kontatzen dizkizu. Esaterako, Toledoko mutil gazte batek kontatu zidan nola eskolan bosten artean sekulako jipoia eman zioten. Eraso horren berri ez zen inon eman eta ez zuen inongo ondoriorik izan, biktimarengan eragindako sufrimendua salbu. Horrelakoak oso ugariak dira eta horiek bistaratzeko beharra dagoela ikusi dugu. Horregatik abiatu dugu proiektu berria», zehaztu du.

Homofobia ikasgela eta jaietan

Gaur egun LGTBIfobia diskriminazio kasu asko ez dira ezagutarazten. Gehituk 2014-2015ean eginiko “Aniztasun afektibo-sexualaren aurreko jarrerak ikasgelatan” txostenak dioenez, ikasleen %82k egoera homofoboren bat ikusi du, ikasleen %24k jarrera homofoboren bat izan du eta %10ek egoera homofoboren bat jasan du. Gazte Gehituko koordinatzaileak garbi dauka, «eraso horiek ikusgarri egitea beharrezkoa da. Ez bada ezagutarazten eta ez bada salatzen, ezinezkoa izango da errealitate horri buelta ematea».

«Jendea izugarri lasaitu da homofobiaren aurrean. Badirudi egun denok onartzen dugula aniztasun afektibo-sexuala, baina ez da egia. Homofobia existitzen da, bortitza da eta sufrimendua eragiten du, baina ezkutatu egiten da», iritzi dio Gomezek.

Gazte Gehituk 15 urtetik 30 urte bitarterako kolektiboa hartzen du bere baitan, gutxi gora-behera. «Nerabezaroa adin konplexua da berez, eta are korapilatsuagoa gerta daiteke LGTBI kolektiboarentzat. Lagunak dira zure bizitzaren ardatza eta askotan ez lagunek ez etxekoek ez dute zure egoera ulertzen. Are gehiago, askotan, norberak ere ez du bere egoera ulertzen, ez daki zer pasatzen ari zaion, zer sentitzen ari den...», kontatu du Bea Gomezek. Ortzadar Egunerokoak eraso baten aurrean larritzen den eta sufritzen duen pertsonarentzat ihesbide bat izan nahi du. «Erasoek min egiten dute, baina are min handiagoa ematen dute isilean gordetzen badira, ez badira kontatzen eta salatzen», gaineratu du.

Udako jaietan eraso sexistak areagotu egiten dira, parrandaren eta ondo pasatzearen aterkiaren pean. LGTBIfobiarentzat ere ingurune aparta dira jaiak, eta eraso homofoboak ugaritu egiten dira. «Iaz, esaterako, mezu bat jaso genuen Gipuzkoako herri txiki batetik. Txarangaren atzetik dantzan zihoazen kuadrilla mordoa eta bat-batean ‘maricon el que no baile’ famatuarekin hasi ziren. Eta denak begira zituela konturatu zen mutil hori. Eta oso gaizki sentitu zen. Tontakeria bat dela pentsa dezakete askok, baina horrelakoak ez dira tontakeriak, pertsona askori sufrimendua eragiten baitiete».

«Isilpean geratzen den gorroto eraso bakoitza LGTBI komunitatearen porrot handia bihurtzen da, baita jendarte osoarena ere». Horrekin kezkatuta abiatu dute Ortzadar Egunerokoa

Helbide elektroniko bat prestatu dute (diarioarcoiris@gehitu.org) aniztasun afektibo-sexualarekin loturiko era guztietako erasoak jasotzeko eta bistaratzeko