Mikel Zubimendi

Estatuak emandako kolpeen markagailuan ez neurtu

Segur aski esajerazioa izango da, baina ez da munduan estrategia politikorik asteotako gertakari zaparradari eutsi eta buru argi segitzeko gai denik. Presta dezakezu zure bidea, zure militanteekin eta euskal jendearekin lantzekoa eta ibitzekoa, patxada eta tenple aski dituena… Hartara, mila bilera egin ditzakezu, gauzak oso argi utzi eta orotan irakurketa distiratsuena egin… baina gaitz, nekez, ezinezkoa da azken asteok utzitako irudi eta errealitateak digeritzea. Are, digestioa egin eta gero pralin gozo baten gisa askatzea. Eta ezer gertatu ez balitz bezala aurrera egitea.

Batek imajina dezake Antiguako zubitik Donostiako udaletxeraino su artifizialak ikusten dabilen jende oldearen kontra kamioi batekin egindako sarraskia? Edo, zeinek imajina zezakeen, Brexit-aren ondoren, Europar Batasuneko kide izatea prozesu independentisten pizgarri izan zitekeenik? Zeinek imajinatu Ekialde Hurbileko “demokrazia handienaren” eta NATO aliantzako bigarren armada handienaren jabe den herrian Twiter eta telebista bidez jarraitzeko moduko estatu kolpea bertatik bertara ikustea? Estatu espainiarra nolakoa den ezagututa, bestalde, nola ez imajinatu Arnaldo Otegi lehendakarigai izatea eragozteko direnak eta bost ikustea bigarrengoz? Aurreneko aldian, “Bildu olatua” deitutakoaren atarian, lehendakaritza Iñigo Urkullu, Patxi Lopez eta Arnaldo Otegiren artean erabaki behar zenean, zein injustu eta lotsagabe sartu zuten preso! Besteak beste, Otegik irabaziko balu, sinbolikoki eta politikoki ETAk irabaziko zuen beldur zirelako. Eta hala ere, frantsesek dioten legez, il faut faire avec. Dagoenarekin egin behar da aurrera.

Aurrez aurre dugun Estatua den modukoa da eta demostratu du demostratu duenez, ankerkeria infinitua izateaz gain, bere zilegitasun sistemikoa indartzen ez duen ezer ez duela demokratikoki onartuko. Epe motzeko garaipenaren marko diskurtsiboan neurtu ezin daitekeen ezer. Muga-mugara eraman nahi duela egoera, horrek gauzak ezinezko egingo lituzkeelakoan. Baina, sarri, muga-mugara jokatzeak, gauzak bere kontrako bilakatzen ditu. Euskal presoen egoerarekin bezala, EH Bilduren lehendakarigaiarekin ere, Estatuak begi bistako abantaila konpetitiboa du: aparatu judiziala nahieran erabil dezake. Horrek egoera kontrola dezakeela pentsatzera eramaten du, denborak markatzera, arauak finkatzera edo arauen gainetik salto egitera. Horrela, ezker abertzalea bidetik ateratzen duela, bere borondate kolektiboa likidatzen duela eta, bide batez, Euskal Herriari, prozesua egotekotan, nola garatuko den erakusten diola uste du: Estatuaren eta ezker abertzalearen arteko kolpe trukaketa baten gisa, “nerbioen gerra” etengabean. Askotan idatzi dut eta berriz idatziko dut: zeinek galtzen du “nerbioen gerra” batean? Ba, hain zuzen, nerbioak galtzen dituenak. Norbere erabakiengan eta analisien zuzentasunean duda eginez konbentzimendu propioa zalantzan jartzen duenak.

Independentismoa beti ispilu berean, plano finko bati beti lotuta, itsututa, nahi luke Estatuak. Euskal Herrian aurrera egiten den ala ez berak ematen dituen kolpeen markagailuan neurtzea, independentismoa beste planoetako egoerak alboratzera behartzea. Eta hori lortuko balu, egoera eta mentalitate kaskarrean geundeke. Prozesu politiko oro ispilu joko bat baita. Ikuspegi orokor baten baitan, denetan jarrai. Horizonte sakon baten jabe eta, iraganean bezala orain eta gero ere, ez dela batere erraza izango jakitun. Oinarri militantea da ispilu bat. Etxekoak. Aliatuena da beste bat. Amets ezberdinak izanagatik gurekin ohe bera konpartitzen dutenak. Gure herriarekin, euskal jendearekin egiten da prozesua. Ispilu inportanteena da. Herritarren kezkak adituz, ongi interpretatuz eta pedagogia positiboa landuz. Orain eta hemen, plano horretan eta beste epe batzuetan neurtu behar dira arrakastak. EH Bilduren hautagaitza ikusita, darion prestakuntza, freskura eta zapore herritarra egiaztatuta, baikor izateko arrazoiak ez dira falta, ez horixe. •