Nekazaritza ekologikoak konbentzionalaren pareko errendimenduak lor ditzake

Ez da lehenengo aldia izango atal honetan «nekazaritza ekologikoaren errendimenduekin gizateria elikatu daiteke?» galdera pausatzen duguna. Barkatuko digu irakurleak behin eta berriz lelo berdinarekin etortzea, baina kontuan har beza kontrako iritziak indar handia, zabalkunderako (kutsadura mediatikorako?) baliabide zenbatezinak, eta gizarte oso baten sinesmena dauzkala alde. Zeharka izanda ere, gizakion komunitatea osatzen dugun 7.000 milioi pertsonetariko bakoitzak jakin badaki: ezarrita daukagun elikadura-sistemak, gai kimikoen eta petrolioaren menpekoak, epe laburreko «etekinak» (janaria merkea eta nahi beste) baina epe luzeko arazoak (ingurumenaren behin betiko suntsipena, ur eta lurren kutsadura, gaitz kronikoak) ekarriko dizkigula. Jakin badakigu beste elikadura mota bat, naturatik gertuago dagoen planteamendu bat, askoz egokiagoa eta, ziurrenik, iraunkorra (egun daukaguna ez baita batere jasangarria) izango litzatekeela. Zoritxarrez, kontrakoa esaten duen korrontea askozaz indartsuagoa da, aurrerago aipatu arrazoiengatik.
Horregatik, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik, ez dugu aukerarik galduko lau haizetara esateko ekoizpen ekologikoak alternatiba eskaintzen duela, bai janari osasuntsua ekoizteko, bai mundua elikatzeko. Ez dago soberan aipatzea azken puntu hau, mundua elikatzearena, nekazaritza-negozioak bere kanpainetan argudiatzen duen arrazoietako bat dela pozoiak, transgenikoak eta bestelako gailu berritzaile eta garestiak defendatzeko. Bada, nekazaritza modernoa ez da gai mundua elikatzeko, 800 milioi pertsona gose latza pairatzen ari baitira momentu honetan bertan. Are gehiago, NBEko Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak (FAO) 2014an estimatu zuen nekazari txikiak, familia-nekazariak, direla gizakiok kontsumitzen ditugun elikagaien %80 ekoizten dituztenak. Eta baserritar txiki hauek (pentsa dezagun Hegoalde globaleko nekazarietan) nekez eros ditzakete hazi «hobetuak» zein hauts «magikoak». Hortaz, non gelditzen da «mundua elikatzearen» argudioa? Norberak pentsa beza.
Apurka, tantaka, beste zentzu bateko ebidentziek argia ikusten dute: ekoizpen ekologikoak errendimendu onak eta ingurumenarekiko onurak dakartzala azaleratzen duten lanak aurkezten dira, nahiz eta medioetan ez duten izaten oihartzunik. Uztailaren 30ean, egoitza nagusia Suitzan daukan Nekazaritza Ekologikoaren Ikerketarako Institutuak (FiBL alemanezko akronimoan, www.fibl.org) 2007tik Kenyan garatzen ari den proiektuaren emaitzak argitaratu zituen prentsa ohar bidez. Nekazaritza ekologikoko teknikek tropikoan daukaten jokamoldea aztertzea da helburua. Hamar denboraldiren ondoren, ikusi dute ekoizpen ekologikoak konbentzionalaren tankerako errendimenduak ematen dituela. Ez hori bakarrik: ekoizpen ekologikoko teknikak baliatzen dituzten nekazariek etekin ekonomiko handiagoak lortzen dituztela ere baieztatu dute.
Ezagutza eta formazioa zabaltzea, erronka
Horiek horrela, ekoizpen ekologikoak konbentzionalak baino lur gehiago behar duela adierazten duen mitoa ezeztatu egiten dute Kenyako Thika eta Chukan hamar urtez eta bertoko nekazariekin elkarlanean garatutako proiektu honen emaitzek. Eta ez hori bakarrik: tankerako ekoizpenak lortu dituzte, ekoizpen-gaietan (intsumoetan) gutxiago gastatuta eta merkatuan salneurri handiagoak lortuta. Hori dela eta, bosgarren urtetik aurrera ekoizleen diru-sarrerak handiagoak dira, seigarren urtean %53 handiagoak izatea lortuz.
Ikerketak azaleratzen duen beste faktore garrantzitsu bat da lurraren emankortasuna hobetzen dela nekazaritza ekologikoko teknikekin. Gainera, sistema honetan gai kimiko-sintetikoen erabilerarik egiten ez denez, inguruko ekosistemek ere onurak sumatzen dituzte. Baita baratzeetan dauden pertsonen osasunak ere. Zentzu berean Indian (kotoiaren ekoizpenarekin) eta Bolivian (kafe ekoizpenarekin) egindako ikerketek tankera berdineko emaitzak azaleratu dituzte ekoizpen ekologikoko metodoentzat.
“Ekoizpen Sistemen Alderaketa Tropikoetan” programak –SysCom– ekoizpen-sistema ekologikoek konbentzionalen aldean dauzkaten abantailak eta desabantailak azaleratzea du xede. Azken helburua da lurraren erabileran jarduera jasangarriak ezartzeko politikak eta estrategiak garatzea, maila lokalean zein globalean. Ikerketa honek argi eta garbi uzten du ekoizpen ekologikoko metodoak estrategia bideragarriak direla tropikoetan. Erronka nagusia da ekoizpen ekologikoaren ezagutza eta formazioa zabaltzea.
Epe luzeko ikerketa egiten jarraitzeaz gain (gutxienez 2019ra arte luzatuko dena), ikerketa parte-hartzailearen metodologiari jarraipena emango zaio, tokiko baserrietan bertan ingurumenaren ikuspegitik iraunkorrak diren teknikak frogatuz eta ezarriz. Testuinguru honetan, tokiko nekazari eta eragile interesatuekin batera, landa-entsegu ezberdinak garatzen ari dira teknika berritzaile ezberdinak frogatu eta balioztatzeko. Bill Gates eta enparauek Afrikan bultzatu nahi duten AGRA programaren aurrean (nekazaritza kimiko-intentsiboa eta transgenikoa Afrikan zabaltzeko ekimena), mota honetako lanek erakusten dute lurretik, pertsonengandik gertuago dagoen elikagaien ekoizpen-eredua esku-eskura daukagula. Herritarrak du aukera.
