Xabier Mikel Errekondo

Eutanasia. Bizitzen eta hiltzen jakitea

Ene bizitza bizi egin nahi dut. Ahal dela minutu bakoitza bizi, eta ez soilik biziraun. Bizitza kreditu bat da, bizitzeko aukera bat… eta bakarra. Milesker amatxo eta aitatxo (direnak direla bakoitzarenak).

Merezi du bizitzeak; hanka sartu, estropezu egin eta ongi egindakoaren satisfazioa jaso, lotsaren oskola hautsi eta kantatu Ainhoa Arteta izan gabe edo dantzatu kubatarra ez izanik ere. Minutu bakoitza sentitu eta bere zapore gozo, garratz zein mingotsak dastatu, eta barruak ito aurretik kanporatu hurbilekoekin. Ez nau obsesionatzen, baina errealitate kaskagogorrak dio amatxok erditu orduko ene denborak atzera kontua hasi zuela. Nago, ordea, norberak edo maite dugun norbaitek gertakari larriren bat izan arte ez garela jabetzen. Behintzat, horrela bizi izan nuen nik orain hamalau urte ene bikotekidea eta seme-alaba biak istripu batek larriki harrapatu zituenean. Parez pare ireki zizkidan begiak, eta geroztik lastoa eta alea erraz banatzen dut. Prejuizioak zakarrontzira jaurti, berritsuago, irekiago eta lotsagabeago bihurtu nintzen, nire estilora…

Harrezkero hanka sartzea ez da kezka iturri, «sentitzen dut» esateko adorea ere nireganatu bainuen. Unerik zirraragarriena (sentimenduak, maitasuna, sexua…) nola xumeena intentsitaterik handienaz bizi ditut, irribarrerik, irudimenik eta ametsik gabe ez dakit bizitzen eta gustuko uneak ez ditut eteten loaren izenean. Horregatik guztiagatik, hain zuzen, eutanasia pasiboa zein aktiboa irmoki aldarrikatzen ditut. Gutxieneko baldintzarik gabe bizirautea ez da bizitzea. Akabo nahiago. Kitto esateko eskubidea pertsonala da, ez medikuena, eta legeak berme publikoa eskaini behar du. Tokitan gaude, ordea, Zigor Kodearen 143. artikuluarekin! Aholkua, egin ezazu Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD).

Zorionak eta milesker Arantxa Iraolari, abuztuaren azken egunetan “Berria”-n argitaratu erreportajeengatik eta aspaldiko ezagunaren irribarrea bihotzeraino ekartzeagatik. Irakur itzazue, merezi du. Muxu handi bat Ibon Gaztanbide, @olagarro. •