«Ezin dut zerbait ulertu koadernoan marraztu dudan arte. Oroimenaren salbazio-ohol dut, irudimenaren tiradera»
Euskal paisaia, lehengai; errealitatea argitu eta ikuskera berriak eskaintzea, ardura; bidaiatzea bera, bidaiarako xede. Horra artista unibertsal honen ardatzak.

Busturiako San Bartolome auzoko aroztegi zaharra eraberritu ondoren, bertan lekutu zuen bere estudio eder eta argitsua Jesus Mari Lazkano pintoreak. Urdaibai natura-erreserbako paisaia, malba-koloreko udazkenak, zeruaren arkua, koloreak... denak ditu eskuragarri oso azkar pentsatu eta hobe ikusten duen artista bergararrak. Ez du inoiz handitan zer izan nahi zuen erabaki behar izan, pintorea izan ala ez, «txiki-txikitatik nirekin batera zetorren zerbait izan delako».
Haur eskolan 4 urterekin egiten zituen marrazkien bilduma gordetzen du oraindik. 9 urterekin bere lehen olio-pintura eta 15 urterekin bakarkako lehen erakusketa egin zituen. Bere lehen marrazkien inguruko anekdota kuriosoa gogoan du: «Nik, jakina, ez nuen espeziala zen ezer egiten ari nintzen kontzientzia, eta, hortaz, ez nuen ezer gordetzen. Kaligrafiako koadernoko orrien atzealdean marrazten nuen, eta, Bergarako San Lorenzo auzoko eskoletako señorita Maria Pilar andereñoa ohartu zen, intuizio handiz, nire pasio horretaz. Niri ezer esan gabe, nire marrazkiak gordetzen hasi zen, gero, urte bukaeran, grapatuta nire aitari emateko. Eta aitari behin eta berriz esaten zion segitu behar nuela marrazten, segitzera animatu behar nindutela, banuela dohain natural bat. Hortik hasi zen dena».
Bergara artista asko eta askotarikoen herria da. Historian ilustrazioaren egoitza, kulturalki dinamikoa, azpiegitura aproposak eskaini ditu beti artea lantzen zutenentzat. Jesus Mari Lazkanoren kasuan ez zen ezberdin izan. «Bergararrok zorte handia izango dugu –diosku konbentzimenduz–. Nik argi nuen artista izan nahi nuela, pintore, eta zortea izan nuen espazio bat, estudio bat, bazelako herrian pintore denak elkartzeko. Oso espazio zabala zen, oso liberala. Azkar ikasi genituen teknikak. Soslai guztietakoak ginen, helduak, haurrak, gazteak... Jakin-mina, ikasteko gogoa, informazioa... dena partekatzen genuen. Norbaitek arte aldizkari edo libururen bat ekartzean irentsi egiten genuen, kaleko pintura lehiaketetara denak elkarrekin joaten ginen. Bai, Bergarako esperientzia eta bizipen artistikoa oso garrantzitsua izan zen nire ibilbidean, zorteduna izan nintzen oso».
Bergara atzean utzita, 17 urterekin, Bilbora joan zen Arte Ederrak ikastera. Hura ere esperientzia oparoa izan zuen, «nahiz eta irakasle askok erregimen zaharrekoak ziruditen oraindik. Ikasleen artean, gure artean, askoz gehiago ikasi genuen irakasleekin baino. Oso esperientzia praktikoa, inmediatoa izan zen. Urte esplosiboak izan ziren oso. Eta Bergaratik tekniken jakintzari dagokionez nahiko suelto iritsi nintzenez, Bilbon edukiak lantzera dedikatu nintzen. 17 urterako teknikak menperatzen nituen; jakina, beti jarraitzen duzu poliki-poliki hobetzen, baina marrazkia, ikatz-marrazkia, olioa, akuarela… horiek guztiak banekizkien jada, eta gauza berrietan pentsatzeko moduan nintzen».

Jesus Mari Lazkanorekin egin genuen hitzorduaren funtsa ez da bere obraren eta bilakaera artistikoren narrazio zehatza edo komentario ilustratua egitea. Horretarako, izan ere, aski da artista bergararraren margoen katalogo ugariak irakurtzea, edo, besterik gabe, Donostiako Kubo-Kutxa aretora bertaratzea, erakusketa antologiko eder askoaz hunkitzeko aukera paregabea baliatuz. Aitzitik, bere begiradak duen sakontasuna eta interesa da bilatzen duguna. Paisaia pintura-oihal hartuta, errealitatearen erreprodukzio fidagarri bat baino, pertsonarentzat hain naturala den artifizialtasuna sortuz eta manipulatuz eskaintzen duen berezko espresio artistikoa. Lazkanok argia pintatzen du denbora pintatu nahi duelako, gure begiekin ikusi eta ulertzeko gai ez garen hori beste begi batekin ikusten laguntzen digulako. Gauzek duten garrantzia gorabehera, Paul Cezannek zioen gisa, aski delako interesa jartzea gauzok interesgarri bilaka daitezen.
Artistaren ardura
Lazkanorentzat errealitatea oso inportantea da. Haren aburuz, berau interpretatzea artisten lana da, besteen begietara ikusgarri ez dena baino, hor dagoen hori deskubritzea. «Hori da gure lana, errealitate geruzak kentzen joatea errealitatea bera ikusteko modu berriak eskaintzeko. Pintoreok behaketa lan horretara dedikatzeko denbora edukitzearen zortea dugu». Paisaia eta ingurunearen ideia asko interesatzen zaiola aitortuta, honakoa gaineratu du: «Zerbait asko interesatzen zaigunean, Cezannek zioen gisa, ez du axola zein puntutaraino den inportantea. Nahikoa da horretan interesa jartzea interesgarria izan dadin. Zerua begiratzeak edo argietan arreta ipintzeak denboraren iragatearen erlatibotasunaz ohartzea ahalbidetzen du. Denbora badoala uste dugu, iragaten den zerbait dela, baina ez, ez, harekin batera goaz gu ere, beti gaude garaiz. Artistok denbora hori kalitate interesgarri batekin hornitu behar dugu, aberatsago, askotarikoago, interesgarriago, probokatzaileago iragan dadila egin».
Teknika hau edo bestea menderatu, izan pintore, dantzari edo antzerki gidoilari, bergararrarentzat artisten lana errealitatea beste modu batez ulertzen laguntzea da. Begirada berriak, ulermenerako giltza berriak eskaintzea. Eta adibideak bata bestearen ondotik jartzen hasi da: «Paisaia ulertzeko dugun modua, esate baterako, aurretiko konkista artistikoetatik dator. Ilunabarraren ideiak munduko gauzarik normalena dirudi, behaketa elementu batzuekin lotzen dugu, baina dena XVIII. eta XIX. mendeko literatura erromantikotik dator. Kolore zehatz batzuk ikusi ahal izatea inpresionismotik honainoko konkista bisualen ondorioa da. Adibidez, Cezanne azaldu zen arte sekula ez genuen urdina itzaletan ikusi, edota Jose Mari Urzelaik malba-koloreko zeru haiek pintatu zituen arte ez genekien udazkenak Busturian kolore horiek zituela».
Urrutirago ere badoa: «Euskal Herrian, adibidez, mendizaletasunak txunditzen gaitu. Maila batean, artisten konkista bat ere bada. Paseoa esperientzia estetiko gisa errekuperatu zuten poeta ingelesen eskutik, Ingalaterrako goi mailako klaseak paisaia erromantikoen bila Alpeetara hurbildu ziren, bertako artzainen laguntzaz. Ordura arte, Chamonixen bizi zirenak ez zuten Mont Blanc edo Cervinoko tontorrera igo beharrik».
Paisaiaren inportantzia aipatu digu Lazkanok, bere interesaren pizgarri dela aitortu. Paisaiak pintatu baino, ez ote duen paisaian pintatzen iradoki diogu, ez ote duen paisaia margo-oihaltzat hartzen, bere ideiak, bizitzaren alde naturalak eta kulturalak (hiriak, arkitektura...) bertan uztartzeko. «Hori da! Hori da!», erantzuten du berehala.

Gure paisaia, lehengai
Eta hitz jario dotore batekin honekin diosku: «Izatez, paisaia eraikuntza intelektuala da. Paisaiaren ideia naturala den zerbait bezala hartzea erabat fikziozkoa da. Paisaia eraldatu egiten da, denboraren nozioa paisaiaren baitan aldatzen ari da, paisaia bera humanizatzen, arkitekturizatzen ari garelako. Eraikuntza kulturala da paisaia eta batzuetan ikusten ez dugun eraldaketa horren protagonistak gara. Zanpatu gabeko espazio birjin legez aspaldi utzi zion existitzeari. Nire lana da eraldaketa horretan eta dugun arduran atentzioa piztea».
Euskal Herriari dagokionez, dugun paisaiak garena izatera bultzatzen gaituela dio, gure geografiaren oinordeko eta ondorio garela. «Dauzkagun bailarak, euri tasak, gure zeruko arkuaren angelua, aurrez aurre itsasoa irteera natural eta kontzeptual gisa, gure bizkarretara mendiak... Horiek guztiek egin gaituzte, nortasun bat eman digute, babestu egin gaituzte eta nolabait babestu egin behar ditugu. Niretzat gure paisaiaren eta geografiaren kontzientzia hartzea ardura bat da, nire gain hartzen dudana».
Eta hari beretik tiraka aitorpen bat egin digu: «Nire lehengaia Euskal Herriko paisaia da, paisaia esperientzia erreal gisa bizitzea. Ez Internetera joan eta Goierriko argazkiak jaistea, ez, ez, hori ez. Handik hona joatea da, gure bazterrak ibiltzea, euria egiten duenean bustitzea, elurra dagoenean hotza pasatzea, Euskal Herriko kostalde elurtua itsasotik begiratzea, Pirinioetara joatea, gero, material horrekin guztiarekin gure paisaia eraldatu ahal izateko, detaile txiki-txikietatik abiatuta, Arratzun ezagutzen dudan zuhaitz horretatik. Eta hori baliagarria izan dadila niretzat, nolabaiteko zubia, Connecticut edo Japonian bizi den batentzat interesgarriak izan daitezkeen auzi unibertsalak planteatzeko».
Izan ere, Lazkanorentzat, artistaren oreka naturala artifizialtasuna sortzea eta manipulatzea da. Harentzat koadroa ez da soilik irudi bat, azken azalera. Atzean gordetzen duen guztia da: akatsak, aldaketak, itxaropenak... horrela kargatzen direlako begirada berriak lortu eta emozioak transmititu ahal izateko behar duten energia nahikoarekin. «Aristotelesek berak bere mimesiaren ideiarekin planteatzen zuen jada. Artista ezin da aurrean daukan hori islatzera mugatu, ezin da horrekin kontentatu. Proposatu egin behar du, eskua sartu. Nik beste begirada bat indartzeko manipulatu dezaket paisaia, gauez pintatu, lainoarekin... Artista bezala dudan begiradarekin plusbalio bat emango diot. Ez zait batere interesatzen gauzak diren bezala irudikatzea, badut horretarako gaitasuna, menderatzen ditut teknikak, baina niri horrek aspertu egiten nau».
Eta hausnarketa horri segida emanez, biluztu egiten zaigu pintorea: «Beste bitarteko batzuk erabili behar ditut probokatiboagoa, sentikorragoa, erakargarriagoa, edo ez, den zerbait proposatzeko. Artistok zintzoak izan behar dugu gure begirada pertsonala eskaintzerakoan, proaktiboak izatea dugu obligazio, beti eman behar dugu zerbait gehiago, bestela, zertarako pintatuko dugu?».
Bidaiatzea, bidaiaren xede
Jesus Mari Lazkano bidaiaria da. Eta ez bakarrik fisikoki batetik bestera doan bidaiari horietakoa. Denboran, kontzeptuetan, barrura begira, urruti begiratu eta bidaiatzen du. Bere proposamenean bidaiak duen garrantziaz galdetuta, oso inportantea, ezinbestekoa dela aitortu digu. «Claudio Magrisekin ados nago: bidaiatzeko bidaiatzen da, ez iristeko. Nik ez dut helmuga bat, ez dut holako edo halako lekura iritsi nahi. Niri bidaiaren ideia interesatzen zait probokatuko zaituen eta erantzun bat ematera behartuko zaituen prozesu bezala, eraldaketa bezala, testuinguru aldaketa gisa interesatzen zait. Niretzat hori ezinbestekoa da. Badago ere, jakina, barrurako bidaia, badago fisikoki kontinentez kontinente ibiltzearena, bai. Ni, adibidez, AEBetan, Erroman eta Asian bizi izan naiz, baina, horrekin batera, eta, batzuetan, hori baino gehiago, bidaia kontzeptual eta denboralaren ideia dago. Erroman, adibidez, denboralki bidaiatu eta Errenazimenduko Piero della Francesca pintorearekin elkarrizketa artistiko batean koka nintekeen, edo, konparazio baterako, AEBetako Chicagon Mies van der Rohe arkitektoarekin. Bai, bidaia iraunkorraren ideia hori funtsezkoa da niretzat».

Eta zer litzateke bidaiari bat koadernorik gabe? Koadernoan marrazten, zirriborratzen, idazten... diren horiek gabe? Miguel Angel handiak gogor lan egin behar dela eta marrazteari ez zaiola inoiz utzi behar zioen. Lazkanori bere koadernoaz eta Miguel Angelen hitzez galdetu diogu. Erantzun eder eta borobil batekin hasten du bere jarioa: «Nik ezin dut zerbait ulertu koadernoan marraztu dudan arte. Oroimenaren salbazio-ohol dut, irudimenaren tiradera». Eta esperientzia propioa bat kontatu digu bere ideia indartzeko. «Orvietoko katedrala marrazten hasi arte ez nintzen hasi hura ulertzen: proportzioen harremanak, absidearen garrantzia... Marrazteak atentzioa jartzera behartzen zaitu, marraztu beharreko elementuak hautatzera. Alegia, milioika harri ditu katedral eder horrek, baina batzuk bakarrik hautatu behar dituzu. Hori du marrazkiak, hortxe datza bere magia: hektarea bat koaderno orri batean sartzea, hiru itzalekin mila harri marraztea, edo hogei hodei bi lerrotan».
Ideia borobiltzeko honakoa gaineratu du: «Modeloaren aurrean egin beharreko lanak, izan beharreko pazientziak, modeloa ulertzen laguntzen dizu, ez ahazten; hortik diot oroimenaren salbazio-oholarena». Irriño batekin lagunduta, beste aitorpen bat ere egin digu: «Begira, nik oso irudimen gutxi daukat eta ezinbestekoa zait koadernoetako marrazkiekin, oharrekin, lanerako eremu egoki bat sortzea obra sortu ahal izateko».
Zalantza-dantza beti
Jesus Mari Lazkanorentzat begirada da emozioen munduan sartzeko giltza. Begiekin bezainbat bihotzarekin ikusten duen horietakoa da. Pintatzen duen hori ikusten du, ez zaio interesatzen ikusten duen hori pintatzera mugatzea. Pina Bauch koreografoaren hitzak oinarri hartuta eta haiek eraldatuz, ausarki, hainbatetan esan duen hori gogoratu digu: «Begiratu, begiratu, edo zuenak egin du...».
Begiratu, behatu, aztertu eta liluratzen utzi, hunkitzen utzi. Hori da artista honen mezua. Pintura errealistaren adierazgarri dela diote aditu askok, itxura hori izan lezake, baina ez du bere burua hala ikusten. Izan ere, puska asmatu eta errealekin osatzen den obra bisuala da Lazkanorena, fikzio irrealetik sortzen diren paisaia errealak, agerikoa eta ikusiezina eskuz esku jartzen dituen misterioa.
Ez du estilo formal definitua, baina, bai, guztiz identifikagarria den estiloa. Itsasoak amiltzen ditu bergarar honek, menditzarrak lebitatzen jartzen ditu, arkitektura paisaia eder eta sakonen elementu bihurtzen du natural-natural.
Aldaketa aldarrikatzen du zalantzak sortzeko makina gisa. «Aldaketa beti da norberaren lan artistikoan lor daitezkeen konkista artistikoak erlatibizatzeko modu egoki bat. Nik normalki ez dut koadro baten definizioa lehen unean lortzen, tanteoa behar dut, irudiarekin jokatzea, kolorea aldatzen joatea, prozedura aldatzen joatea, egitura aldatzen joatea, koadroaren baitako hierarkiak ezberdintzea». Eta koadro batek «ongi funtzionatzeko» ezinbestekoa den elementua azpimarratu digu bukatzeko: «Beti, bete eta beteki, autorearekiko zintzoa izan behar da koadroa. Ni neu goizero estudiora pintatzera noanean pertsona ezberdina naiz, emozionalki ez gara beti atzokoak, gure jakin-minak eta interesak aldatu egiten dira egunetik egunera. Eguneko meteorologiak, adibidez, eragina du koadroan. Izan ere, artea beti osotasun bat da. Ez da bakarrik irudi bat. Energia biltegia da, emozioak askatzeko indar nahikoa izan behar du. Emozioa pertsonen artean komunikaziorako atea delako. Emoziorik gabe, pasiorik gabe, background hori gabe, ez, ez du funtzionatuko».

