Xabier Izaga Gonzalez
MAIRUELEGORRETA

Gorbeiako euskal jaia iluntasunetik argitasunera eramateko dokumentala

Orain dela 53 urte norbaiti bururatu zitzaion Gorbeiako haitzulo batean «Amaia» ezpata dantza antzeztea, eta, azkenerako, euskal jai bat antolatu zuten. Bada, euskal jai horrek bizirik dirau. Mikel Ezkerroren dokumental batek haren berri eman eta jaialdiaren sortzaileak omentzen ditu: «Mairuelegorreta, iluntasunetik argitasunera».

Urtero-urtero, iraileko lehendabiziko bi asteburuetan, Zigoitia Euskaraz ekimena ospatzen da Arabako udalerri horretan, Gorbeiaren parean. Baita Gorbeian bertan ere, baina ez gailurrean. Izan ere, Gorbeia mendilerroa gurutze ikaragarria dagoen tontorra baino askoz gehiago da. Hamaika gailur, baso eta bazter ezkutu eta eder ditu, galtzeko modukoak. Galtzekotan, baina, hobe nahita galtzea. Araba aldetik igotzeko bideetako bat Murua herrixkatik abiatzen da, hango harrobi zaharren paretik igarota. Gurutzera zuzen igo beharrean eskuinetara jota, Mairuelegorreta leize itzelera iristen da. Paleolitoko aztarnak dituen kobazulo horretako 13 kilometrotik gora daude esploratuta, Arabako Espeleologia Taldeak (AET) ondo asko dakienez. Talde hori 1962an sortu zen, Manuel Iradier Espeleologia Taldeak eta Lan Espeleologikoen Arabako Etxeak bat egin zutenean. Orduz geroztik, Arabako haitzulo gehienak arakatu ditu AETk. Baina espeleologiaz harago, Euskal Herriaren bilakaera kultural eta politikoan erreferentzia izango zen topaketa baten sortzaile ere izan zen.

Jende askok ez du urtero Gorbeiako kobazulo bateko areto zabal batean egiten duten euskal jaiaren berri; beste batzuek, berriz, badute, baina ez dakite jaialdi horren lehenengo edizioa orain dela mende erdi baino gehiago, 1963an, egin zutela, euskal jaiak jarduera ia subertsiboak ziren garaian; euskara, mendizaleak eta sano regionalismo-an sartzen ez zen guztia susmopean zegoen garaian. Edonola ere, hainbat motatako eragozpen ugariri aurre eginda, jaialdia baino askoz gehiago izatera iritsiko zen; sasoiko askatasun nahiak hitzordu saihetsezina zuen.

Jose Mari Lopez de Elorriaga Coppi, euskal musika eta dantzaren mundua barrutik ezagutzen zuena, AETko kide zen. Haren lagunek diotenez, berari bururatu zitzaion Mairuelegorretako «zezen plaza» esaten dioten aretoan “Amaia” ezpata dantza doinurako egindako koreografia dantzatu behar zutela. Eta espeleologo haiek, beste zenbait mendizalek eta dantzarik, eta euskal kulturaren gainbehera kezka zuten beste hainbat lagunek, Manuel Iradier Txangolari Elkartearen eskutik, Coppiren ideiari eutsi eta ez zuten atsedenik hartu 1963ko uztailaren 21ean Mairuelegorretako «zezen plazan» “Amaia” ezpata dantza ikusi arte.

Dokumentala

Horrela hasi zen gaur arte iraun duen euskal jai bitxia. Datorren irailaren 11n, igandea, Zigoitia Euskaraz ekimenak antolatutako aste osoko ekitaldien amaiera izango da berriz ere Mairuelegorretakoa.

Luzea ez ezik, jakingarria ere bada jaialdiaren historia, Euskal Herriaren bilakaera kultural eta politikoari estu lotua. Horri erreparatuta, Mikel Ezkerro gasteiztarrak haren gaineko dokumental bat zuzendu du oraindik orain, euskal jai horren sorrera eta bilakaera batzuei gogorarazteko eta beste batzuei haren berri emateko. Zigoitia Euskaraz ekimeneko egitarauaren barruan aurkeztuko du, Mairuelegorretako ekitaldiaren bezperan eta kobazulotik hurbil, Ondategiko kultur etxean, hain zuzen. Zigoitikoa ez da aurkezpen bakarra izango, urrian Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean ere proiekzio bat egingo baitute. Filmak “Mairuelegorreta, iluntasunetik argitasunera” du izenburu, mende erdia baino gehiago dirauen ekimen ikusgarri hori iluntasunetik ateratzeko ahalegina baita.

Mikel Ezkerrok aspalditik entzuna zien gurasoei Mairulelegorretako jaialdiaren berri, haiek hara joan ohi baitziren 70eko hamarkadan. Ondoren, Zigoitiko lagun batzuek ere hitz egin zioten hartaz eta Mikelen jakin-mina handitu egin zen. Bertatik bertara ikusi zuenean, berehala pentsatu zuen jaialdiaren historia betikotu egin beharra zegoela, eta berak egingo zuela, Ikus-entzunezko ikasketak eginak ditu-eta. Are argiago ikusi zuen premia hori dokumentazio bila hasi zenean. Izan ere, ezer gutxi argitaratu izan da jaialdi horren gainean.

Hartara, jaialdiaren lehen edizioak antolatu zituzten hainbat lagunekin hitz egiteko aukera paregabea izan zuen. Haietako batek, Luis Mari Iriartek, gainera, jaialdiaren lehen ediziotik 80ko hamarkada arteko kronika idatzia zuen, argitaratu gabe baina ez balio gutxikoa. Leku egokira jo zuen hasieratik informazio bila, Manuel Iradier Elkartera, hain zuzen, eta jaialdiaren garai guztietako lekukotasunak jasotzen hasi zen. Gasteizko Udal Artxiboan lehen edizioetako argazkiak lortu zituen; beste batzuk, berriz, zenbait partikularrek eman zizkioten, eta Sancho el Sabio Fundazioa ere informazio iturri izan zuen, bertan zenbait artikulu aurkitu baitzituen. Joan den irailean hasi zen Mikel bere taldearekin dokumentazio lanetan buru-belarri eta martxoan bukatu zuen. Ondoren, errealizazio lanen txanda izan zen.

Dokumentalean parte hartu duen lekuko horiek Mikeli esan ziotenez, oso nekeza zen haitzuloko ekitaldia antolatzea. Material guztia haraino garraiatu behar baitzuten, eta 4X4 autoren bat edo beste lortzen bazuten ere, kobazulorainoko azken zatia oinez igo beharra dago derrigor: soinu ekipoak, txalapartak, jantziak… den-dena bizkarrean hartu behar!

Nekeza zela diote jaialdiaren aitzindariek eta benetan nekeza dela baieztatu du Mikelek, berak ere antzeko lana egin behar izan baitzuen dokumentaleko elkarrizketak eta bestelako grabaketak leizean egiteko. Dokumentalaren helburuetako bat, hain zuzen, 53 urte horietan egindako lana aitortu eta ezagutaraztea da. Lan hura eta aurre egin behar izan zieten beste eragozpen ugariak, batez ere frankismo betean. Luis Mari Iriarteren altxor idatzia, 63tik 82ra bitartean idatzitako kronikak, euskal jaiaren lehen etapako beste zenbait antolatzaileren kontakizunekin osatu zituen. Iriarterekin batera, Isidro Saenz de Urturi, Iñaki Agirre, Pepe Elejalde eta Jose Mari Lopez de Elorriagak parte hartu dute filmean. Bigarren etapako lekuko nagusia Joseba Azkarraga da, sasoi hartako antolatzaileetako bat. Eta egungo antolatzaileek, Zigoitia Euskaraz ekimenekoek, 1990az geroztiko informazioa eman dute. Halaber, garai guztietako zenbait kantariren lekukotasuna ere jaso du dokumentalak, hala nola Gorka Knörrena, Pantxoa eta Peiorena eta Xabi Solanorena. Mairuelegorretan ez ezik, Gasteizen eta Senperen ere egin ditu grabaketak.

Jaialdiaren testuinguru soziopolitikoa aztertzeko Iñaki Martinez de Luna EHUko irakasle eta Hizkuntzaren Soziologian adituaren laguntza izan dute, baita Kike Amonarrizen kolaborazioa ere.

Diktadura garaia

Esan bezala, 1963an ospatu zen Mairuelegorretako lehen euskal jaia, egitarau xumea zuena, Manuel Iradier Elkarteak antolatuta eta Zigoitiko Udalak lagunduta. Gogorarazi beharra dago artean ez zela Ez Dok Amairu mugimendua existitzen. Aurreneko urteetan programazioa sasoi hartako ohiko jaialdietakoen antzekoa izaten zen: txistulariak, abesbatzen bat, alboka, trikitia… eta egun arte ikurra izan den ezpata dantza.

Ikuskizunera gobernadore militarren bat eta alkateren bat agertu izan ziren, eta urtero-urtero, nola ez, ba, Guardia Zibila, inguruetan hedatuta. 60ko hamarkadako zenbait urtetan debekatu ere egin zuten. 70eko hamarkadaren hasieran, ordea, baimena berreskuratuta, ekitaldi guztiz jendetsua bihurtu zen. Aurrreneko urtean, 63an, 2.000 lagunetik gora joan omen ziren; hamar urte geroago, berriz, 20.000ra iritsiko ziren. Joseba Azkarragak gogoratzen duenez, bigarren etapako urteetan jaialdiak kutsu erabat aldarrikatzailea hartu zuen. Murua herritik kobazulorainoko bide osoan eskuorriak, pegatinak eta pankartak ikusten ziren, euskal preso politikoen askatasuna eta beste aldarrikapen politiko batzuk agertzen zituztenak, ikurrinak... Bidean zehar eta batez ere leizeko ekitaldian; «zezen plaza» bitxi hartan independentziaren eta amnistiaren aldeko oihuak gorgarri gertatzen ziren. Bertako giro beroa gailendu egiten zitzaion tenperatura baxuari ordubete baino gehiagoko tartean. Hara gerturatzen ziren guztiek ez zuten haitzulora sartzerik, jakina, baina bai milatik gora lagunek, antzeztokiaren inguruko harkaitzak estaltzeraino.

Antolatzaileak jaialdiaren bezperan joaten ziren, eta prestaketa lanak bukatutakoan, Muruko harrobietan kanpatzen ziren, gaua pasatzeko, betiere Guardia Zibilaren kontrolpean, batzuetan haren bisita jasota. Ohikoa zen nortasun agiriak eskatu edota kentzea, isunak jartzea, atxiloketa mehatxuak egitea… Poliziak kaleko jantziekin ere igotzen ziren jende artean, baina berehala antzematen zitzaien, euren zapatak denen boten artean nabarmentzen ziren-eta. Jaialdia baino egun batzuk lehenago, abestu behar zituzten kanta guztiak gaztelaniara itzulita eraman behar zizkioten Informazio eta Turismoko ordezkari bati. Hark, “askatasuna” eta gustuko ez zuen beste hitzen bat irakurtzen zuenean, ez zuen baimenik ematen. Abesti berberak hitz horiek kenduta eramaten zizkiotenean, berriz, baimena ematen zuen. Edonola ere, abeslariek jaialdian osorik kantatzen zituzten beren abestiak, jakina. Gorka Knörrek filmean gogoratzen duenez, abestiak entzutera bidaltzen zituzten zentsoreetatik inork ere ez zekien euskaraz.

Mikel Ezkerrok dioenez, era guztietako trabak gaindituta egunotara iritsi den ikuskizunak oztopoak izan ditu azken urteotan, batez ere edukierari eta bestelako zenbait traba legali dagokienez. Penagarria iruditzen zaio horrrenbeste urteren buruan jaialdia beharko lukeen modu duinean ezin egitea.

Mairuelegorretako euskal jaiak bigarren etapari ekin zionerako, abian zen Ez Dok Hamairu mugimendua, eta oro har Euskal Kantagintza Berriak ekarri zuen haize freskoa indartu zuten beste artista asko ere ezagunak ziren jada. Denak igaroko ziren Mairuelegorretako agertokitik, batzuk behin baino gehiagotan. 1976ko egitarauan honako parte hartzaile hauek ageri dira: Manuel Iradier abesbatza, Gorka Knörr, Urko, Mikel Laboa, Gontzal Mendibil eta Xeberri, Ibai Rekondo, Gasteizko Iru Bat dultzaina taldea, Artze anaia txalapartariak, Laja eta Iturbide trikitilariak, Murua eta Matxiandiarena bertsolariak eta “Amaia” ezpata dantza. Luxuzko kartela, inondik ere. Aurkezlea, berriz, Xanpun bertsolari lapurtarra izan zen, eta ekitaldiak Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntza izan zuen.

«Amaia» ezpata dantza, ikur

Kantariak, musikariak edo bertsolariak, besteak beste, jaialdian ezinbesteko elementua badira ere, ekitaldiaren ardatz eta ikurra “Amaia” ezpata dantza izan da, eta da. Jose Mari Lopez de Elorriagari bururatu zitzaion ideiatik tiraka euskal jai handi eta ederra antolatzera iritsi ziren, baina jatorrizko ideia ahaztu gabe; aitzitik, “Amaia” ezpata dantza elementu nagusia izango zen, eta hala da gaur egun ere.

Jesus Guridiren izen bereko operako zati hori Durangaldeko “Dantzari dantza” multzoko “Zortzinango”-aren eta “Banango”-aren doinuen konbinazio orkestratua da. Koreografia, berriz, bi talderen arteko liskarra, haietako baten buruzagiak bestearena hiltzean amaitzen dena. Edizio guztietan dantzatu izan dute. Lehen, gizonezkoek baino ez zuten parte hartzen, eta duela zenbait hamarkada erokeriatzat joko zuten gehienek emakumezkoek ere parte hartzeko proposamena; iaz, ordea, «guduan» emakumeek ere parte hartu zuten. Eta halaxe egingo dute datorren irailaren 11n ere.

Zigoitia Euskaraz

1982an etenaldi bat gertatu zen. Badirudi belaunaldi arteko jarraipena nolabait moztu zela, eta Manuel Iradier Elkarteak jaia antolatzeari utzi zion. 1990ean, Zigoitiko Oketa Elkarteak, aisialdiko jardunak eta herri kirolak antolatzen zituenak, lekukoa hartu zuen, harik eta Zigoitia Euskaraz ekimenak, gaur egungo antolatzaileak, ospakizun horren testuinguruan, lan horretaz arduratzea erabaki zuen arte.

Gaur egun, Euskal Herri osoko jendea hurreratzen bada ere jaira, gehiena Zigoitia, Zuia, Gasteiz eta oro har Gorbeia ingurukoa da. Hala, neurri handian garai batean izan zuen izaera nazionala galduxea du.

Formatuak berdintsu iraun du. Duela zenbait hamarkada Xabier Amuriza, Jon Enbeita edo Iñaki Murua Mairuelegorretan ohikoak ziren bezala, azken urteotan Fredi Paiaren, Uxue Alberdiren edo Oihane Perearen bertsoak entzun izan dira harrizko zulotzarrean; behiala Xabier Lete, Benito Lertxundi edo Urko bezala, egun Kepa Junkera, Mikel Urdangarin edo Mikel Markez izaten ditu bisitari. Zortzi egun barru, besteak beste, Kalakan taldearen danborrek akustika aproposa topatuko dute haitzuloan.

Omenaldia

Mikel Ezkerroren dokumentalak, halaber, omenaldia ere izan nahi du. Mairuelegorretako euskal jaia antolatzen hasi zirenei, jarraitu zutenei eta gaur egun lekukoari eusten diotenei; baita urte luzeetan agertokitik parte hartu izan dutenei eta Gorbeiako magala bete izan dutenei ere.

Bestetik, Araba aldarrikatu nahi du, garai zailetan herrialde horretan ere bazegoela euskara eta kulturarekiko grina eta askatasunaren aldeko borrokarekiko konpromisoa ikusarazteko. Hori guztia jaso nahi izan du, eta herri honetan sortu zen fenomeno kultural eta soziopolitiko horren balioa nabarmendu.

Azkenik, Mikelek azpimarratu nahi du lana ez duela berak bakarrik egin, eta baten bat ahazteko beldurrez, lantalde teknikoko kideak zerrendatzen hasi da: Danilo Albin, Irudikate Rec, Haizea Pastor, Anton Mimentza, Jonbi Egurzegi, Galder U. A, Ander Zabaleta, Kokotean Kosk taldea, Berta Alcalde, Izaskun Goienetxea eta Ainhoa Aizpurua.

Finantzaketari dagokionez, zenbait erakundetatik, hala nola Zigoitiko Udaletik, Arabako Aldunditik edo Vital Kutxa Fundaziotik jasotako diru laguntzez gainera, kanpaina bat abiatu eta lagun askoren laguntza txikiak jaso dituzte. Baita desilusioren bat ere.

Pozik ageri da Mikel, merezi izan duela uste baitu. Eta hala uste izango bide dute dokumentala ikusten dutenek, beharrezkoa baita mende erdia baino gehiagoko herri ekimen baten garrantzia aitortzea.