Ibarretxe PlanetikOtegiren proposamenera
Sinesgaitza da asteartean Donostiako Miramar jauregitik Iñigo Urkulluk Arnaldo Otegik hiru egun lehenago Miramonen luzaturiko proposamenari emandako erantzuna. Ahoskatzen duenak berak sinesten ez duen horietarikoa, gainera. EH Bildu, EAJ, Ahal Dugu eta gehiengo sindikalaren arteko adostasuna «frontea» litzatekeela eta jeltzaleek ez dutela holakorik nahi adierazi du Ajuria Eneko buruak. Zinez bitxia, baina ez ulertezina. Zeren, zer erantzun zezakeen bestela?
Aurkari baino etsaitzat hartzen duen Otegiren ahotik etorritako proposamena izanda, «bai» edo behintzat «ikusiko dugu» patxadatsu batekin erantzuteko aukera ez zen inolaz ere pasako Urkulluren burutik. Beste ihesbide bat bazuen, azken urteotan antzeko eskaintzak jasotzean Sabin Etxeko ordezkariek erabili ohi duten zirrikitua: Ibarretxe Plana garatu zen garaian, ezker abertzalea zertan ote zebilen galdetzea. Baina saihesbide hori ere itxi zion bere buruari Urkulluk, Maria Antonia Iglesias kazetariaren libururako euskal politikan ezagutu dugun striptease deigarriena egin zuenean. Ezker abertzaletik gertuegi egotea egotzi zien Juan Jose Ibarretxeren ekimenei, alderdia «abenturetan sartzea» ere bai, eta hauxe erantsi zuen: «Zailtasun handikoa zait Ibarretxerekiko harremana. Egun askotan benetan fedea erabili behar dut elkarrekin jarraitzeko eta gauden ataka honetatik gutxieneko kohesioarekin ateratzeko». Eskertzekoa da Urkulluren zintzotasuna, gutxi-gutxitan mintzo dira-eta hain garbi politiko profesionalak. Ezker abertzaleko talde parlamentarioak (Otegi buru eta asmatzaile) 3+3 famatu haren bitartez Ibarretxe Planari bide eman zionean, harmailetan Josu Jon Imazen etsipen keinuak eskertzekoak eta zintzo-zintzoak izan ziren bezalaxe...
Aukera berriak hemen, hor eta han
Kontua da, gainera, abiatu zenetik ia hamabost urte pasata, Ibarretxe Plana baino askoz ere aberasgarria dela Otegiren proposamena, estatus berriari dagokionez. Joko eremuak banan-banan aztertuta:
–Euskal Herrian, Gasteizko Legebiltzarrean indar harremana askoz ere ahulagoa zen Ibarretxeren asmoetarako (PPk eta PSEk orduan 32 eserleku batzen zituzten, egun 26 dira, eta hilaren 25aren ostean dudarik gabe gutxiago izango dira). Lurralde zatiketa areagotzeko arriskua ere bazekarren Ibarretxerenak, Nafarroan indartsu zen erregimenak sutsu aurre egiten ziolako eta Ipar Euskal Herriaren erakundetzea oraindik amets izatetik ez baitzen pasatzen. Plana asmakizun politiko hutsa zen, gainera, kaleko bultzadarik izan ez zuena: gaur, hor legoke Gure Esku Dago, hor dira jada egindako galdeketak.
–Estatuan, 2005eko ate-danbada bortitz hura ez zen orain posible izango. Gaur egun ere, erabakitzeko eskubidea barnebiltzen duten estatutu berriak ez zirela onartuko begi bistakoa da, baina Kongresuaren barnean zein kanpoan eztabaida mamitsuagoak eta bozketa emaitza interesgarriagoak eragingo lituzkete (orduan 29 boz alde baino ez zituen izan; orain 95 litezke seguruenik).
–Nazioartean, Eskozian erabakitzeko eskubidea normaltasun osoz gauzatu dela eta Katalunian aldiz hori bera ez onartzeagatik arazoak hor segitzen duela jakinda, nork ez luke Otegik planteatutakoa arrazoizkotzat joko?
Ibarretxe Plana nola amaitu zen jakin badakigu: ezertan ere ez. Aurrera eginez gero Otegiren proposamenak zein ibilbide izango lukeen aurreikustea ere ez da zaila. Madrilek ezetz esango luke azkenean, baina bidean –bai Euskal Herrian, bai Estatuan, bai eta nazioartean ere– euskal aldarrikapena indartzen joango zen, arrazoiak pilatzen, indarrak metatzen. Beste aldagai oso garrantzitsu bat ahaztu gabe: orduan elkarlan politikoa trabatzen zuen borroka armaturik ez dago egun. Bidea libre, aitzarik ez beraz. Oraingoak aurrean izango lukeen agertokia Ibarretxeren ametsa zatekeen. Eta Urkulluren amesgaiztoa, antza. EAJko lehendakarigaia Braveheart izateko ez dela jaio bistan da, baina Artur Mas edota Juan Jose Ibarretxe ere ez. •



