2016 IRA. 10 infraganti LEIRE ELZAURDIA MENDIBERRI Bertze behin, hitzak soberan daude. Gazte beratarraren aurpegiak dena erraten du. Kamerunen bizitakoa barneratzen ari da oraindik baina badaki zoragarria izan dela. Une latzak pasatu ditu, baina aunitzez gehiago izan dira onak. Pobrezia eta desnutrizioa sufritu arren, zoriontsu bizitzen eta disfrutatzen badakitela erakutsi diote. Maider Iantzi Goienetxe Ezin dut sentitzen dudana esplikatu. Nahaste-borraste bat da. Hagitz desberdina da dena eta burua nahasia dut. Puzzleko pieza guztiak izanen banitu bezala da, baina ez lotuak. Oraindik ez dut hangoa barneratu eta ezin dut etorri eta bertze aldera begiratu». Hala hasi zaigu solasean Leire Elzaurdia Mendiberri (Bera, 1993). Hilabete pasatxo da Kamerundik bueltatu zenetik eta begietan distira berezia sumatzen zaio oraindik. Zerca y Lejos garapenerako gobernuz kanpoko erakundearekin aritu da uztailean herrialde afrikarrean lanean, eta bere bidez jarraituko du ahal duen guzian laguntzen, boluntario izanez. Joan den ikasturtean beraiekin eskuz esku ibili zen Madrilen, bertan ari baitzen Optika eta Optometria ikasketak bukatzen. Orain indar gehiagorekin segituko du eta, jakina, egunen batean Kamerunera itzultzeko ilusioa du. «Mundu guztiarentzat gomendagarria den esperientzia bat da», dio ziur. Bere kasuan, txikitatik izan du amets hori. «Irakasle batek Afrikako bertze toki batean laguntzen izan zela kontatu zigun eta nik ere noizbait eginen nuela erabaki nuen. Hagitz garbi nekien umetatik. Eta ez esperientzia bizi eta ahaztu. Kooperazioaren arloa gustatzen zait». Karrerako azken urtean irakasle batek gobernuz kanpoko erakunde batean dabilen lagun optometrista bat zuela eta Kamerun hegoaldean lan egiteko laguntza behar zuela azaldu zien. «Nik eginen dut!», erran zuen Leirek segidan. Eta hala hasi zen Pigmeo Baka etniako kideekin integrazio kanpainan parte hartzen. Hamasei kide joan ziren hilabete baterako, mediku, optiko, erizainen artean. Hilabete erdialdean komunikazioko bertze hiru lagun batu ziren. Hiru aldetan egon dira: Bengbis, Minton eta Djoum. Beratarrak denetarik egin du pixka bat: aste batez optikako zereginak bete zituen oftalmologo batekin; osasun orokorreko kanpainetan ere ibili da, haurren pisua eta altuera neurtzen eta desnutrizioa, tuberkulosia edo malaria bazuten tratamendua jartzen; eta hitzaldiak ere eman ditu, ez dakitelako adibidez eltxo-sarea jarrita malariari aurre hartzen ahal zaiola. Ikusmen arazo nagusien artean agertzen dira trakoma eta kataratak. Sarri ohituta egoten dira gaizki ikustera eta antiojoak jartzean zoratzen egoten dira. Alkoholaren gaia ere landu dute, «aunitz edaten baitute. ‘Kitoko’ izena duten plastikozko poltsa batzuetan saltzen da edozein lekutan, hagitz-hagitz merke, 5 zentimotan. ‘Zergatik edaten duzue?’ galdetzen genien eta ‘ahazteko’ erantzuten ziguten. Hagitz gogorra. Haurrek ere edaten dute». Futbol eta eskubaloi txapelketak Baina une txarrei onak gailentzen zaizkie. Hitzaldiekin batera futbol eta eskubaloi txapelketak egin zituzten inguruko herrietako jendearekin: Alkoholik Gabeko Baka Txapelketa. Janaria eta lo-lekua eskaintzen zieten, eta goizetan hitzaldiak eta arratsaldetan partidak izaten zituzten. Uniformeak eman zizkieten, baita kopak ere, eta zoratzen zeuden. «Polita izan zen. Aste osoan kanpin dendetan, beraien ondoan lo egin genuen. Batzuk gero partida jokatzeko joaten ziren hitzaldietara, baina bertzeek gogoz parte hartzen zuten». Bi hitzalditan emakume eta gizonen arteko ezberdintasunez aritu ziren. «Batean emakumeek gehiago parte hartu zuten. Bertzean lotsatuta bezala egon ziren. Batzuek erraten zuten mutilak bakarrik ibiltzen zirela eraikuntzan. Bi etxe mota daude: potopotoak eta munguluak. Lehenak haziekin eginak dira, ongi daude eta gizonek egiten dituzte. Eta bigarrenak iglu antzekoak dira, belarrez eta harrapatzen duten guztiarekin osatuak, eta emakumeek egiten dituzte. ‘Emakumeek ere eraikuntzan lan egiten dute, munguluak beraiek egiten dituztelako’ erraten genien. ‘A, egia da’. Ez zuten baloratzen». Ezberdintasun handiak daude. Adibidez, gizonak nahi adina emakumerekin ezkon edo ibil daitezke, baina emakumeak gizon bakarrarekin. Pigmeo Baka etniaren eskualde berean bantuak bizi dira. «Hauek bizi maila handiagoa dute, gorputzez ere ikusten da zeintzuk diren pigmeoak eta zeintzuk bantuak. Pigmeoak txikiagoak eta argalagoak dira, eta, bantuak, altuxeagoak. Pigmeoek bantuentzat lan egiten dute batzuetan eta bantuek gainetik daudela sentitzen dute. Guk parean egotea lortu nahi dugu. Bantu batzuk ere etortzen ziren kanpainara. Gatazka pixka bat dute beren artean, baina gehiago da jende helduaren artean, txikiak elkarrekin joaten dira orain eskolara eta ez dute hainbesteko desberdintasunik sentitzen edo egiten». Zerca y Lejos erakundeko boluntarioak ongi hartzen dituzte. Urteak daramatzate eta ezagutzen dituzte. Bertako jendea ere erakundeko kide da. Formatu egin dituzte bertan lan egiteko (odontologoak, irakasleak...), lortu nahi dutena beraiek han ez egotea baita. Une bat ailegatzea hango jendearekin bizitzak aurrera eginen duena. Oraindik bada lana horretarako. «Egun batean zazpi ordu egon ginen bata bertzearen gibeletik haurrei altuera, pisua eta besoaren zabalera hartzen. Lau kolore bereizten ditugu: berdea, horia, laranja eta gorria. Gorria agertzen bazen guk lo egiten genuen lekura eramaten genituen eta bertako erizaintza lekuan aste bat ematen zuten». Ulertzeko zaila Kontatu duenez, batzuetan familiek ez dute umeen adina jakiten eta jaio eta bi urtera jartzen diete izena, hil egiten direnez penarik ez hartzeko. «Egun hartan, haur bat ikusi nuen amaren besoetan. Fitxan bi urte zituela jartzen zuen, baina ez zuen zerikusirik hemengo adin bereko haur batekin. Besoaren neurria hartu nion eta gorria atera zen. Ezin sinetsirik, berriz egin nuen, eta berriz ere gorria atera zen. Hagitz-hagitz pisu txikia zuen, ez zen zutik egoten ahal. Lankide batek eta biok ikusi genuen eta kanpora atera ginen. Negar egin genuen, egoera hori ez zelako posible». «Ezin dira hango guraso eta umeen erlazioak ulertu, edo ulertzeko denbora behar da. Ez da hemen bezala, han bizirautea da kontua eta arroz plater bat jateko aukera badu guraso batek berak jaten du lehenengo», adierazi du boluntario gazteak. Baina sentsazioak kontraesankorrak dira, gauean suaren inguruan besta ederrak egiten zituztelako, instrumentuak joz eta dantzatuz. «Desnutrizioa edo malaria zuen haurra eri ikusten zenuen goizean, baina arratsean dantzan dena ematen. Nola dauden eta gero nola gozatzen duten, ze alaitasuna eta ze bizia! Une bat ailegatzen da zuk ere goizean ikusitakoa ahanzten duzuna. Baso erdian, izarren azpian... zoratzen geunden! Beraiekin dantzatzera ateratzen gintuzten. Irria ahoan ikusten dituzu. Musika badago dantzan hasten dira, edo baloiarekin ikusten bazaituzte zurekin jolasten dute». Horregatik, etxera itzultzean ez daki oraindik zer kontatu, alde batetik pobrezia dagoelako baina bertzetik alaiak direla ikusten duelako. «Ulertu egin behar da eta ezin ditugu hemendik epaitu». Hain ezberdin bizi dira gurekin konparatuta... Batzuk ez dira eskolara joaten eta joaten direnetako batzuek bost ordu egiten dituzte oinez joan eta etorri eta bueltan etxean laguntzen dute. Mutiko batek kontatu zien egunero bost ordu ibiltzen zela eskolara bidean, baina ez zitzaiola inporta ikasi egin nahi zuelako medikua izateko. Baso aunitzeko ingurua da Kamerun hegoaldea eta zuhaitzak botatzen egiten dute lan. Kamioi luze-luzeekin garraiatzen dute egurra. Bertze batzuek nekazaritzan dihardute, bideak egiten, eta bertzeek ez dute lanik egiten eta zuhaitzetako fruituetatik elikatzen dira. Pigmeo Baka etniako kide gehienak Kamerun hegoaldean daude, baina Kongoko mugaldean eta Ekuatore Ginean ere bizi dira batzuk. Noizean behin denak elkartu eta besta bat egiten dute. «Bilera horietako batean egon ginen eta beraiei buruz solas egiten zuten, nola egiten ahal duten aurrera joateko. Ideiak ematen zituzten hezkuntzaz, politikaz, elikaduraz... Ikusten da poliki baina aurrera egiten ari direla». Joateko motxila prestatzen ari zenean irudikatzen zuenarekin konparatuta topatu duena desberdina da, eta, aldi berean, espero zuena. Kontraesan handi bat da. «Eramateko gauza bat eta bertzea sartu nituen, baina gero konturatzen zara erdia ez duzula erabiltzen, ez duzula behar. Hurrengorako badakit motxila nola egin». Garbi du eman baino aunitzez gehiago jaso duela ere. Une honetan denetara irekita dago. Ikasten segitu nahi du, gehiago formatu han laguntza gehiago emateko, keinu txikiekin munduan aldaketa handiak lortzen ahal direla konbentzituta dagoelako. • Kamerungo jendea ere bada Zerca y Lejos erakundeko kide. Odontologoak, irakasleak... formatu dituzte, lortu nahi dutena bertako jendearekin bizitzak aitzinera egitea baita