Iñaki Soto

Esaten zenidaten, baina ezin nuen sinistu

Astebete da Facebook-en kontua ireki nuenetik. Esaten zenidaten, baina ezin nuen sinistu. Guztiak bertan zaudete! Duela hamar urte, nire lagun batek profila ireki zuela esan zidanean, barre galantak egin genituen. Orain beregana jo dut aholku bila. Lagun gehienek –hemen «lagunak» diodanean bere jatorrizko zentzuan ulertu, arren–, ongi etorria eman didate. «Fucking hell», «flipatuko duzu», «jungle», «lasai hartu» eta antzekoak dira esaldirik erabilienak. Jakina, horrek ez nau lasaitu. Ondo ezagutzen nautenek tresna hau nire pertsonalitatearekin ez dela bat etortzen aurreratu didate. Batez ere lanagatik eta joerak ulertu ahal izateko ireki dut kontua, eta kuriositatea eta betebeharra nire pertsonalitatearen parte diren heinean, handicap hori gaindituko dudala espero dut.

Aste honetan ez dut kontu horrekin ezer egin. Nolanahi ere, erabiltzaile gisa lehenengo esperientziak izan ditut eta horiek nigan ezinegona sortu dute.

Kodeak, Tamagotchia eta algoritmoa

Barka nazatela lagun birtual berriek, baita zahar birtualizatuek ere, oraingoz ez baititut sare honetan oinarrizkoak diren kortesia-kodeak erabili. “Lagun”, “gustatzen zait”, “partekatu”, “komentatu ezazu”… terminologiak azpiratu nau. Zalantzak ditut kodeak ulertzen ote ditudan ere, baina aurrerantzean aktiboagoa izaten ahaleginduko naiz. Hori bai, ematen duen lanak harritu nau. Tamagotchi bat bezalakoa da, etengabe lana ematen, iradokizunak egiten…

Artikulu honen berri ematen duen mezua izango da, ziur asko, bertan publikatuko dudan lehendabiziko gauza. Esan didatenez, Facebooken «filosofiaren» nahiko aurkakoa da hau, beren helburua bertan argitaratzea baita, ez erreferentzia egitea. Tira, algoritmoa nolabait gailenduko dela badakit. Baina funtzionamendua hobeto ulertu arte korronteari eusten ahaleginduko naiz. Alegia, ez dut kontrola galdu nahi.

Kontrol soziala

Izan ere, banekien tresna honek ahalbidetzen zuen kontrol soziala ikaragarria zela, baina dimentsioak izutu nau. Tranpa etengabea da, zure eta zure ingurunearen informazio ahalik eta gehien jaso, metatu eta prozesatzeko saiakera esplizitua da, lotsagabea izateraino. Iratxe Esnaolak behin eta berriz salatzen du hau gure egunkarian, zentzu handiz, azkenekoz ostegunean bertan [goo.gl/7J4UvD]. “Fraudebook” liburuko egilea den Vicente Serrano Marini ZAZPIKAn egindako elkarrizketa ere aipagarria da [goo.gl/YLxO21].

Identitatea

Azken aipamen horretatik tiraka, sare honetan identitatearen sorkuntza nola ematen den deigarria eta kezkagarria iruditzen zait. Adibidez, nartzisismoaren eta egozentrismoaren sustapena oso nabarmena da. Jendeak lan handiak hartzen ditu irudi bat islatzen, alegia, islatu nahi duena kalkulatzen. Literaturan autofikzioaren estiloaz dagoen eztabaidaz oroitu naiz eta, honen harira, Jonathan Franzen-en sare sozialei buruzko purrustadaz gogoratu naiz [goo.gl/wVzUDR].

Esperimentalismoa

Maila batean bat nator Franzenen hainbat iritzirekin. Are gehiago arerioa Salman Rushdie bada. Egia da, ordea, esnobismoaren arriskua ere hor dagoela. Edonola ere, esperimentatzeko asmoz sartu naiz Facebooken. Komunikazio eta antolaketa mailan bitarteko bat iruditzen zait. Egunkarien hedapenean duen eragina itzela da, adibidez.

Esan bezala, denak bertan bazaudete zerbaitengatik izango da. Bertan egonda ez naiz bere aldekoago izango, espero dut; bere aurka zergatik nagoen zehatzago esan ahal izango dut, ordea. Eta bere birtualtasunak baliatu ahal izango ditut, bai lanerako bai aktibismorako. Beldurrik gabe, baina zuhurtziaz. •