Askapenako Brigada
Elkarrizketa
Errikos Finalis
KOE GREZIAKO erakunde komunistako buruzagiA

«Momentu honetan herriaren konfiantza berreraiki behar dugu»

KOE Greziako Erakunde Komunistako nazioarteko arduradunaren arabera, Syrizaren traizioaren ondorioz herritarrak borroka politikotik eta mobilizazioetatik erretiratu egin dira.

Errikos Finalis KOE Greziako Erakunde Komunistako nazioarteko arduraduna ez ezik, Syriza alderdiko nazioarteko arduradun ohia eta “Spiros” aldizkariko erredaktorea da.

 

Zein ondorio izan ditu Syrizak onartutako hirugarren memorandumak, herritarrek erreferendumean haren kontra egin ondoren?

Lehendabiziko ondorioa da ezkerrekotzat jotako gobernu berri honek aurreko gobernuek zituzten politikak egiten jarraitu duela. Eta horrek krisi are sakonagoa sortu du, hondamendi nazional eta sozialetik oso gertu gaude. Kontu objektiboa da honakoa: Gobernuak berak eta baita Troikak ere onartzen dute politika horiek ez diotela inongo irtenbiderik ematen egungo egoera ekonomikoari, baina beste aukerarik ez dela diote, alternatibarik ez dela. Bigarren ondorioa faktore subjektiboari dagokiona da, alegia, herrian izan duen ondorioa. Herritarrek bozkatutako “Ez” hori “Bai” bihurtzea shock bat izan zen denontzat; horrenbestez, herritarrak borroka politikotik eta mobilizazioetatik erretiratu egin dira. Syrizaren traizio horrekin amaitu zen Greziako borroka zikloa; alde batetik, azken hauteskundeetan parte hartzea ikaragarri jaitsi zen, eta, bestetik, alderdi politiko zein sindikatuek antolatutako manifestazioen parte hartzea izugarri jaitsi zen, jada ez baitute inongo sinesgarritasunik gizartean. Momentu honetan herriaren konfiantza berreraiki behar dugu; ezker antolatuak ez du herriak egiten zituen eskakizunen neurria eman, eta oso zaila da orain jende hori guztia mobilizatzea.

 

Syrizaren traizioaz hitz egiten duzu ahoan bilorik gabe. Zergatik uste duzu onartu zituela Syrizak Eurotaldeak agindutako neurriak?

Traizioa oso hitz gogorra da, baina tamalez berau erabili beharrean nago. Herriak urte luzez borrokatu izan du, arrisku askoren aurka, eta gainera diktadura militarreko garaitik aurrekaririk gabeko jarrera borrokalari eta erradikalarekin. Syrizak herria kanpo interbentzioaren aurka, politika ekonomikoen aurka... borrokatzera deitu zuenean, herriak era masiboan erantzun zuen. Eta milioika pertsona borrokarako prest eta borrokaren ondorio zein arriskuak beregain hartzeko prest dauzkazunean, erreferendumean emandako ezezkoa bost ordutan baiezko bihurtzea traizioa da, oso zaila da herriak hori onartzea. Ez baitzen erraza “Ez” bozkatzea erreferendumean, besteak beste, bankuak itxita zeudela eta botereak hamaika mehatxu egin ostean bozkatu baitzuten ezetz herritarrek. Baina egin zuten. Horregatik diogu, herria, momentu hartan gure aurretik zela, ezker antolatuaren aurretik zihoala. Ez genuen traizio hori espero, eta orain, herri mobilizaziorik gabe ezin dugu gure burujabetzarengatik borrokatu, ezin dugu gure bizitzengatik borrokatu.

Orain, gainera, herria konbentzituta dago politikari guztiak berdinak direla. Guk jende horrekin hitz egiten lan handia dugu orain, herririk gabe ezin baita ezer egin. Baina ez da lan erraza. Aldarrikatzen diren baina sakonean baliorik ez duten eslogan bidezko politikarik ez dugu egin nahi. Hori egin izan da, eta orain ere egiten dute protagonismoa bilatzea besterik nahi ez duten sektoreek. Halere, jendeak ez du esloganetan sinesten jada, konfiantza beste era batera berreraiki beharra dago.

 

Hirugarren memorandumak krisi ekonomikoa areagotu du greziarren artean. Zein da egungo egoera?

Pertsona gehiago daude pobreziaren atalasearen azpian, pertsona gehiago daude gizarte segurantzarik gabe, etxea galtzeko arriskuan dauden familia asko daude... Orain, bankuen maileguak erostea baimentzen diete putre-funtsei, eta orain arte zegoen babes legala ez dago. Pribatizazioen eragina larria izango da, eta epe luzera begiratu behar da. Orain arte pribatizatu gabe mantentzen ziren azpiegitura handiak ere galdu ditugu: portuak, aireportuak, uharteak, trenbideak... Gobernua dena saltzen ari da. Gainera, tasa bereziak inposatu dira zorra ordaintzeko, hilero igotzen diren tasak dira eta jendeak ezin ditu ordaindu. Etengabeko hondamendi egoera da, larriagotzen ari dena eta inongo aterabiderik eskaintzen ez duena, ezta aterabide atzerakoirik ere. Grezia ez da jada herrialde bat, ez du inongo subiranotasun formalik.

 

Gaur egun nork agintzen du Grezian?

Egia esan, Troikaren ordezkariak dira agintean daudenak, orain laukotea badira ere Egonkortasunerako Europako Mekanismoarekin. Ministerio guztietan ordezkariak dituzte, haiek dira ministroen erabaki guzti-guztiak sinatu behar dituztenak, parlamentuan zer bozkatu, nola bozkatu, zer ordutan eta zer prozesu bidez bozkatu behar den agintzen dutenak. Ez da onartzen prozesu parlamentario arrunta, bozkatu aurretiko eztabaidak dituena; ez dute onartzen ezta demokrazia-itxurarekin beren diktadura apaintzea ere. Bozkatzen diren legeak ingelesez idatzita daude, Troikaren egoitzatik idatzita datozen moduan, eta irakurri gabe bozkatzen dira. Hori da Greziaren arazoa, ez dela herrialde bat, zor-kolonia bat baizik.

 

Grezia bete-betean jo duen errefuxiatuen krisia gehitu behar zaio horri guztiari. Nola bizi izan dute errefuxiatuen egoera Greziako herritarrek?

Gobernua ez zegoen prest halako errefuxiatu-saldorako eta ez zuen horretarako baliabide nahikorik. Baina Greziako herritarren erantzuna oso ona izan da, errefuxiatuak onartu dituzte eta ahal izan duten neurrian lagundu diete, batez ere uharteetan eta Turkiatik hurbil dauden zonaldeetan. Bat-batekoa izan den laguntza hori gabe, errefuxiatu horiek guztiak ez lirateke aurrera aterako. Orain EBk eta NATOk inposatutako politika dugu, Grezian kontzentrazio-esparruak eraikitzea agintzen duena, iheslariak Europako beste herrietara pasa ez daitezen. Horrek Greziako arazoak zorrozten ditu maila politiko eta sozialean, baina orain arte herri greziarraren erantzuna eredugarria izan da. Ez gobernu bezala, baina bai herri bezala. Izan ere, Gobernuak EBk agintzen duena egin du iheslariak Alemaniara edo Suediara joan ez daitezen.

 

NATOk base militar handi bat du Kretan. Zein da bere zeregina Grezian?

Bizi garen eskualdeari so eginez gero, etengabeko ezegonkortasun egoeran den eskualde bat dela sumatu daiteke. Mediterraneo ekialdean gaude, eta hurbileko gertakizun guztiek sakonki eragiten digute. NATO eta AEBekiko erabateko mendekotasuna dago Europan, “euroatlantismo” deritzoguna. Hau da, Alemaniak nahieran erabil dezake Europar Batasuna, baina interes iparramerikarrak ase beharra dauka. Koloniaren Gobernua −Greziari hala deitzea gustuko dut− NATOri gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen ari da, hau da, base militar gehiago, Kretako itsas base militarraren hedapena... Eta NATOk gurean dauzkan baseak gure eskualdea ezegonkortzeko guneak dira; bertan prestatzen dira esku hartze militar guztiak. NATOri men egiteak ez digu inongo ondorio onik ekarriko, inondik inora. Mendebaldeko politikak jarraitzeak gure biziraupenerako arriskuak gehitzen ditu, Greziako lurralde osotasuna mantentzeko arriskuak gehitzen ditu, edo osotasun horretatik geratzen den gutxia mantentzeko behintzat.

 

Tsiprasen Gobernuak Israelgo Estatuarekiko harremanak ere estutu ditu.

Bai, egungo Gobernuak −aurrekoek bezala− pentsatu nahi du Israelekin duen aliantzak krisi ekonomikoa konpontzen lagunduko duela. Baina, lehenik eta behin, laguntza hori ez da aldebikoa; Estatu greziarrak orotara babesten du estatu sionista, baina ez du ezer jasotzen trukean. Greziako burgesiaren politika klasikoa da, zergatik? Yankiek hala egitea esaten dutelako, europarrek hala esaten dutelako. Politika horrek arriskua areagotzen du, Greziako herriak eta Estatuak oreka politika bat izan dutelako Israelekiko: Estatuak harreman pribilegiatuak izan ditu beti Israelekin, baina, balantzaren beste aldean, herriak sustatutako herrialde arabiarren borroken defentsa izan da. Desadostasun handia dago politika ofizialaren eta Greziako herritarren sentimenduen artean. Baina ez da soilik printzipio edo sentimendu kontua: Greziaren interesak zeintzuk diren da benetako kontua, Israeli babesa emateak ez baitio Greziako herriari inongo onurarik ekartzen. Ariketa militar komunetan parte hartzeak ez digu onurarik ekartzen. Israelekin aldebiko itun ia berdingabea daukagu, AEBek daukaten berbera. Israelek Greziako lurraldea entrenatzeko erabil dezake, baina baita hirugarren lurraldeak erasotzeko ekintzak hasteko ere. Gu beti izan gara Palestinaren askapen nazionalerako borrokaren aldekoak, baita gainontzeko arabiar herrialdeen borroken aldekoak ere, eta Resistance gure jaialdira hainbat herrialde arabiarretako buruzagiak ekarri izan ditugu. Asko ikasi dugu haiengandik.

 

Denboran atzera egiterik bazenu, zer aldatuko zenuke?

Aurreko urteak oso dinamikoak izan ziren. Programak geneuzkan, plangintzak... baina egoera oso azkar aldatzen zen. Ez dakit beste zer egin genezakeen. Herriak dena alda zezakeela uste genuen, horretan konfiantza osoa geneukan. Eta hala da, herriak dena alda dezake. Gauza bera egin izango nukeen: herriak nahi duen aldaketaren alde borrokatu. Syrizaren lerro kontinuistaren aurka gogorrago egin izan nezakeen, baina benetan zaila da berriz ere orduko egoeran kokatzea. Momentu hartan konfiantza geneukan, herriak zeukan konfiantza berbera, gu herriaren parte garelako. Horrek bere alde on eta txarrak dauzka, baina hori da gu garena. Ez dut uste beste ezer egin genezakeenik, gertatu dena ez zegoen gure esku.