Politikak sormenik ez duen garaietan, sormena da armarik politikoena


Hartu arkatza, hartu kaligrafia koadernoa eta idatzi. Idatzi asteburuan egin duzuna; ze menditara, ze hondartzatara, ze herritara joan zaren familiarekin; orrialdetxo bat, besterik ez, ordubete daukazue idazteko eta, ondoren, zozketaz egokitutako bik jendaurrera atera eta irakurri egingo duzue. Eta gu arkatza ahoan sartuta, egur zaporeko asteburuari hozka eta hozka ezpalen bat atera nahian; anekdotaren bat, abenturaren bat, zerbait, aurreko klasekideak konbentzituko dituena, eta ustez bilatutakoan esaldiak ahalik eta ondoen, ahalik eta suspense handienarekin tolestatu nahia lagunek kontakizunaren amaierara arte eutsi diezaioten arretari; tartean benetan gertatu ez den zerbait sartuta, edo gure emozioak puztuta. Baina zer ardura dio horrek, behin irakurri ondoren idatzita dagoena izango da benetan gertatu dena; egiak eraiki egiten direlako eta, batzuetan, egiak fikzio pixka bat behar duelako benetan sinesgarria izango bada.
Burua kaligrafia koadernoetan nuela hasi du euri zaparrada Victoria Eugenian sartzeko ilaran gaudenon gainean. Ohiturarik ez badut ere gaur aterkia daukat eskutan eta aterkipean babestuta aritu naiz ilaran aurretik dauzkadanei buruzko istoriotxoak asmatzen: zer ari diren hemen, film bat ikusteko ordu erdi luze batez euripean; ez ote duten etxean betetzen dituen ezer edo estatusa eta glamour-a adierazteko ote dauden hemen, kulturaren marko konparaezin honetan, Maria Kristina hotelaren ertzean, kale distiratsu hauetan. Galderaren batek ekarri ote dituen hona, edo kuriositateak, edo ohituraz etortzen ote diren Zinemaldira urtero. Maitalea ote duten aldamenean dutena, edo bikotea, eta, bakarrik baldin badaude, norbaiten zain ote dauden, edo bakardadeari ihes egitera etortzen diren hona, inguruan dituztenenen bizitzen inguruko istorioak asmatzera. Eta ondoren ohartu naiz nik ere ez dakidala oso ondo zer egiten dudan hemen, eta kuriosoa dela Zinemaldia eta hauteskunde kanpaina elkarrekin egokitu izana. Eta telebistako eztabaidak ze generotan sailkatuko nituzkeen pentsatzen aritu naiz: komedia, drama, thriller-a, fantasia edo denetik pixka bat, eta Maria Kristinaren eta Victoria Eugeniaren arteko plaza distiratsuan galdu zaizkit begiak, eta hor kokatzen saiatu naiz langabezia eta RGIa eta hizkuntza eskubideak eta eskakizunak eta etorkinak eta bakea eta bizikidetza eta dena egin zait irreala, lekuz kanpokoa, ilara hau mundutik aparte baldin balego bezala, mundua kultura ukitzeko zikinegia balitz bezala. Eta Zinemaldiko inaugurazio galako banderekin oroitu naiz, eta aldarriekin, eta txistuekin, eta kritikekin. Gaixo dauden presoak askatzeko eskatzea zilegi da nonbait, baina ez traje eta kulturaz betetako areto batean: politika politika da eta kultura kultura nonbait, nahiz eta kulturari politika ukatzea oso erabaki politikoa den. Gauza bakoitzak omen du bere lekua hemen, gauza bakoitzak omen du bere denbora eta politika lau urtean behin egiten den zerbait omen da, politikarik gabeko egunak oso politikoak diren arren, eta euria ari du, eguraldiak ez daki hausnarketa egunak zer diren eta haizeak egunkari orriak ekarri dizkigu Alde Zaharreko kioskoren batetik eta filmak iragartzeko Argentina pasealekuan jarritako kartelak hegan atera dira eta haizeak zabaldu ditu Victoria Eugeniako ateak, munduak zinemara sartu nahiko balu bezala. Edo agian ez, agian ez du euririk ari eta nik ez dut aterkirik ekarri eta fikzioa baino ez da idazten ari naizen hau guztia. Baina fikzioa behar dut; aste honetan telebista eztabaidetan ikusi dudan mundu gris horren aurrean fikzioa behar dut, baina ez, ez dut ihes egin nahi, fikzioa inoiz ez baita ihes egiteko tresna bat izan; izenik ez duena izendatzeko eta ulertzen ez dugunari forma bat emateko balio du fikzioak, eta politikak sormenik ez duen garaietan ez dago sormena baino arma politikoagorik. •

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

«Pertsonalki, greba oso gogorra izan da, baina merezi izan du»
Sinetsarazi nahi digute, baina...
