Afrikatik Proxima B planetara


Urte batzuk pasa dira dagoeneko GAUR8k zientziaz aritzeko txoko hau eskaini zidanetik. Zehaztasun zientifikoz esatearren, ehungarren artikulua dut honakoa. Laurehun bat mila karaktereko ibilbidea, lehen artikuluko izenburuari mamia ateratzen: «Zientzia ezagutza balitz». Askotan, gehiegitan apika, jarduera zientifikoa kritikatu baitut lerrootatik. Gizon zuri burgesaren epistemologia antropozentrikoagatik normalean, baina baita ontologikoki ere, errealitatea ezagutzeko metodo zientifikoak dituen mugen aurrean, umiltasunez jokatu ordez, zientzia harrotuta ibiltzen baita maiz, beste ezagutza bideak gutxietsiz. Kritikaz haratago, baina, mundu zientifikoa lagunarteko solasaldira ekartzeko saiakera izan da ibilbide honen xede nagusia; zientzia ere errealitate politikoa edo ingurune sozioekonomikoa ezagutzeko baliatzea, alegia. Are, “une interesgarriak” bizi ditugun garai honetan, krisi sistemikoak ziurgabetasun anizkoitzean murgildu gaituenean.
Eta ez, ez gaitu Heisenbergen printzipioak aterako ziurgabetasun honetatik, nahiz eta maiz jo izan dudan XX. mendeko hasiera nahasi horretara XXI. mendeko hastapen hau ulertu nahian. Orduan ere krisi handi bat eman baitzen fisikaren muinean, Plancken hitzetan –kuantikari atea zabaldu arren ideia berriekiko mesfidati mantendu zena– fisikari zaharrak hil artean gainditu ezingo zena. Eta hil ziren, eta gutxika ideiak praktikaren bidez berresten, ezartzen eta instituzionalizatzen joan dira, eta gaur da eguna teknikak makro eta mikro kosmosen ezagutza ikaragarri bizkortu duena. Bata bestearen atzetik datoz partikula azeleragailuetako aurkikuntzak, tamaina atomikoko gailu funtzio anitzak, hurbileko astroen berriak eta baita urruneko gorputz ikusezinen hotsak ere! Ez litzateke harritzekoa, halako batean, mende eskas duten teoriak ere urratzea, baina, tira, halakoxea da zientziaren ibilera... ezin ezer egiatzat hartu.
Bitartean ingurunea gero eta hobeto ezagutzen goaz, gure mesedetara moldatzeko eta, nola ez, nondik gatozen eta nora goazen galdegai gizatiarrei erantzunak topatzeko. Hain zuzen ere, iruditzen zait oso abagune interesgarria bizi dugula zalantza existentzial horren gainean. Izan ere, azken boladan astintze polita bizi baitu paleontologiak DNAren azterketaren bidez, eta, aurrera begira ere, adimen artifiziala batetik eta estralurtarra bestetik, albiste iturri joriak dira jarraitzen ditudan aldizkari zientifikoetan. Ez da kasualitatea AEBetako eta Europar Batasuneko inbertsio zientifiko handienak garunaren azterketan jarrita izatea. Askotan arinkeriaz bezala pasatzen da lerrootan, baina nahiko posible dirudi hamarkada batean giza adimenaren funtzionamendua pentsamenduak irakurtzeraino ulertu ahal izango dugula (hots, dutela). Are, adimen artifizialak bizi duen garapena ikusita, ez dakit ba nik “Blade Runer” 2019an kokatzean bete-betean asmatu ez ote zuten. Ez da apokaliptiko ipintzearren, baina Sirirekin lan egiten duen jendea ezagutzen dut, lehen pertsonan bizi dut mugikorrarekin dugun harreman intimoa –gorputzean inplantatzea (integratzea?) bakarrik falta zaigu, biohacker delakoek txipak sartzen dituzten bezala–, haurrek etxea garbitzen duten robotekin bizitza nola konpartitzen duten ikusten dut... ez dakit ba!
Etorkizun apokaliptikoenak, dena den, unibertsoari begira heltzen zaizkigu. Bizitza estralurtarraren bila «berririk eza, berririk onena» den bezala, Hawkingek ere ohartarazten du gure peskizek ez ote duten adimen estralurtar superraurreratu eta harrapakari bat gure presentziaz ohartaraziko... Heriotza erridikuluari panikoak, baina, ez gaitu gelditzen, eta hara non ohartu berri garen Proxima Centaurin –Eguzkitik gertuen dugun izarrean– Lurraren baldintzen antzerakoak izan ditzakeen planeta bat badela: Proxima B. Hurrengo urratsa, antza, dagoeneko eguzki sisteman meatzaritza espaziala planteatzen hasi den homo sapiens-arentzat, behinola Afrikatik Lur planeta konkistatzera irten zen hori, eta dagoeneko Lurra bera labur gelditu zaiona... Agian, sapiens abizena bezain labur ataka honetatik irteteko! •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
