ARBOLA-JENDE SOLIDARIOA: Bizitza emozional betea dute zuhaitzek
Arbolak hierarkia eta banaketa lerroan hirugarren dauden izakiak direla uste da, hots, gizakien eta animalien azpitik. Nortasun, memoria eta erabakitzeko gaitasunik gabeko bizidun begetatiboak omen dira, egur eta oxigeno ekoizle mekanikoak. Antropomorfikoak eta sozialki marabilla bat direla ikusi eta ikasiko dugu, baina, beste begirada batekin.

Basoan bizi diren iratxo eta maitagarrientzat ez da sorpresarik egongo jarraian aletuko dugun istorio eta hausnarketa honetan, aspaldidanik ezagutzen baitituzte arbolen misterioak. Badakite beren kumeei “titia ematen” dietela. Usain, soinu edo seinale elektrikoen bitartez mintzatzen direla. Izaki sozialak diren neurrian “gizarte zerbitzuak” dituztela; guk Osakidetza eta Osasunbidea ditugun bezala, arbolek ere badutela osasun sistema kolektibo bat. Lagunarteko elkarteak, haurtzaindegiak, elkarrekiko amodioa edo oso partikular eta ezberdinak diren nortasunak ere badituztela badakite.
Ez dakit badakiten, baina badaezpada hemen utziko dut haientzat idatzita, gizakiak edo gure antzeko gainontzeko goi mailako animaliak garun-heriotzara kondenatuta gauden bitartean, literaturaren eta zientzia medikuen arabera, zuhaitzak egoera begetatiboan daude. Beste hitz batzuekin esanda, bizitza begetatiboa borondaterik, memoriarik eta sentipenik gabea dela uste dugula. Alegia, salbaziorik gabea. Eta hor nonbait imajinatzen ditut, gutaz barrezka, edo lotsaturik, gauza ororen neurri eta elikadura kateko tontor garela uste dugunok pentsatzen ditugun txorakeriekin. Eta gure pentsamendu horren eta gure jokabideen ondorioekin guztiz kezkaturik ere bai. Horrela imajinatzen ditut, bai.
Asko poztuko dira, baina, Alemaniako basozain batek idatzi duen liburuak sortutako iraultzarekin. Basoa eta arbolak beste begi batez ikusteko eskaini duen begiradarekin, haien misterioak ezagutarazteko erabili duen hizkuntzarekin, irauli dituen mentalitateekin. Izan ere, ez da gutxiagorako. Peter Wohllebenen “Arbolen bizitza ezkutua” liburua Europan fikziozkoa ez den liburu salduenetarikoa bihurtu da, Aita Santuaren beraren memorien liburua baino gehiago saltzera iritsiz. Baina ez hori bakarrik: Wohllebenen idazkera berritsu eta ulerterrazaren eskutik mundu berri bat erakutsi du. Hogeita hamar urteko lan esperientzian oinarrituta, orain arteko aurkikuntza zientifikoak gogoratuz, historia liluragarri bat utzi digu, arbolen abilidade miresgarriak erakutsiz, irakatsiz. Liburua irakurri eta gero, basoan onddo bila edo bueltaxka bat emanez berriz ere ibiltzean, ez dugu jada sekula berdina sentituko.
Ehunka izei, pago, haritz eta pinu komertzialki markatzeaz aspertuta, krisi psikologiko betean murgildu zen Wohllebenen, eta, hala, bere egunerokotasunari buelta erradikala ematea erabaki zuen. Ahuldutako arbolak egurretarako markatu baino, arbolon erresistentziarako ahalmen eta baldintzak hobetzeari ekin zion. Jardun horretan pilatu dituen jakintza, ideia eta proposamenak bildu ditu liburuan.
Arbolak ikusteko eta aztertzeko formula oso antropomorfikoa du Wohllebenek. Harentzat basoa gizartea da. Arbolek elkarrekin ongi bizitzeko sortu duten ekosistema perfektua. Hizkera laua, gizatiarra darabil, emoziorik gabeko hizkuntza zientifikoarekin zerikusi gutxi daukana. Esate baterako, arbolek beren kimuei “titia ematen” dietela esatean, ez du azalpen gehiagorik behar, denok ulertzen baitugu esanahia.

Planetaren birika baino gehiago
Basoan, izaki indibidualak baino osoki izaki sozial diren arbolen bizitzaz asko dakigula uste dugu, nolabait etxeko ditugula, haietara ohituta gaudela. Topiko batzuk ere gure-gureak egin ditugu, “basoak planetaren birika dira” eta antzekoak kasu. Eta, antza, horrekin konformatzen gara. Baina, ezagutzen al dugu beren espiritualtasuna? Ez, ez dugu ezagutzen, arrotz zaizkigu beren mintzaira eta sekretuak.
Arbolak eta basoak ez dira soilik planetaren birika. Ez dira oxigeno eta egur ekoizle mekaniko huts. Arbolez, eta, oro har, landareez pentsatzean, kode genetiko zehatz bati jarraitzen dioten robotetan pentsatzen dugu. Baina, ez.
Beren aukerak sortzen dituzte, aukeratu egiten dute, egin behar dutenaren inguruan erabaki egiten dute. Besteak beste, memoria eta nortasun ezberdinak dituztelako. Edo beste hitz batzuekin esanda, arbolak ez dira bizitza begetatibo gisa ulertzen dugun horren adierazleak. Eta hari horretatik tiraka, etikoki ez da onargarria arbolak gure nahieran tratatzea, erru sentsaziorik izan edo hausnarketarik egin gabe.
Bai, guk bezala, arbola-jendeak ere lagunak ditu. Lagunari argia ez blokeatzeko sarri adarrak kontrako aldeetarantz bideratzen dituzte arbolek. Bakardadea sentitzen dute, mina izatean garrasi egiten dute, elkarrekin hitz egiten dute lurpeko sustrai sare miresgarriari esker –“basoko Internet”–. Arbolak beren mezuak elkarri pasatzeko gai dira, beren larritasunak eta pozak, sustraietan zehar, onddo sare baten bitartez barreiatzen dituzte seinale elektrikoen bitartez. Ahultzen doazen arbolak zaintzen dituzte, ahulenen gaineko ardura hartuz. Beren kimuak eta zuhaixkak elikatu egiten dituzte, eta, beren komunitatea zaintzearren, beste batzuei basoan sarrera eragozten diote.
Gutxi gorabehera, beren sustrai eta onddo sarearekin gure nerbio sistemak egiten duena egiteko gai dira. Batzuek guraso bezala jokatzen dute, besteek auzokide jator gisa. Badira itzala emateaz gain aurkariak dituzten espezien aurrean matoi totalak direnak ere.
Gu bezala gaixotzen dira
Arbolak, pertsonak bezala, gaixotu egiten dira. Izurriak, beren harrapari propioak pairatzen dituzte, eta, hala ere, ongi defendatzen dira. Izurri batek erasotzen dituenean “zuku” bereziak jariatzen dituzte harraparia uxatzeko, eta hainbat espeziek gas berezi bat jaurtitzen dute hurkoak arriskuaz ohartarazteko, toxinak jariatzen has daitezen erasoa jasan baino lehen. Beldar batek hozkada bat ematean arbolaren ehunek aztoratu egiten dira, seinale elektrikoak bidaliz parasitoen apetituari aurre egiteko.
Guk bezala gauez sosegua behar dute arbolek, deskantsua. Horregatik egunez hostoen bidez arnasten dute eta gauez sustraietatik, udaran hostoak dituzte eta neguan ez. Horregatik demostratu da hirietako argiztapenak, adibidez, haritz asko gaixotzen dituela, %4ko heriotza tasa eragiteraino.
Lorategietako edo hirietako arbolek ez dute basoan daudenek bezala jokatzen. Bakarrik daude, sarritan isolaturik, eta, horregatik, ez dute nortasun berdina. Beren sustraiek muga fisikoak dituzte, hormigoizkoak askotan, eta lur oso pobrea dute, humus gabea. Arbola biziak dira, bai, dekoraziorako erabiliak, baina usu bizitzarik ez duten lur eremuetan landatuta daude.
Beraien artean oso ezberdinak diren espezieak elkarrekin bizi dira lorategi edo hirietan, baina ez dira elkarri laguntzeko gai. Hazkunde geldoagoa dute, nolabait esatearren, “titia hartzeari” lehenago uzten diotelako. Bestela esanda, kanguru edo izurde batek haurtxo bat hazterik ez duen legez, espezie ezberdineko zuhaitzak ez dira kimuen hazkuntzan elkarri laguntzeko gai.

Arbola bat, nortasun bat
Sustraien bitartez mintzatzen dira arbolak. Gaixo diren arbolak edo loratze azkarregia edo gehiegizkoa dutenak, eta, beraz, gehiegi jaten ari direnak, sustraien bidez jakinarazten diete hurkoei. Eta sustraietatik emango diete elkarri beharrezko elikadura edo sendagaia (soluzio azukretua izan ohi dena).
Horrela denak behar duten oreka hori mantentzea lortzen dute. Hain daude komunikatuta, hain dira komunitate integratua, ezen gertatu izan den tximista batek arbola bat jo eta inguruan sustraiak partekatzen dituzten dozenaka arbola ere deskarga berean hiltzea.
Arbolek nortasun ezberdinak dituzte: pagoak, adibidez, arbola “matoiak” dira; zumea, aldiz, poeta bakarlaria da. Memorian zizelkatuta dituzte soluzioak, badakite zer egin behar duten adarrak mozten dizkietenean edota intsektuek sustraiak erasotzen dizkietenean.
Pagadia, adibidez, biziraupen sistema indartsua da. Oso, ikaragarri sozialak, dira pagoak. Laurehun, bostehun urte dituzten eta hosto berde bakarra ere ez duten motzondoek, adibidez, bizirik jarraitzeko ahalmena garatu dute. Euskal Herrian hain eder eta ugariak diren pago eta haritzek, konparazio baterako, familia bat bezala, komunitate autoeratu bat bailiran jokatzen dute; hain zuzen ere, horrek ematen die zuhaitzoi milaka urte iraun dezaketen basoak eratzeko gaitasuna. Izeiek beste horrenbeste egiten dute.
Tribuak osatzen dituzte, tribalak dira oso, genetikoki pertsonak eta medusak bezain ezberdinak izan daitezkeen espezie ezberdinetako arbolak. Pagoek, esaterako, haritzak ahultzeraino, makaltzeraino jazartzen dituzte. Lehenago esan bezala, zumea bakarti bokazionala da, haziak beste arboletatik urruti egiten du hegan, kilometro asko. Esprinter hutsak dira. Iristen lehenak dira, bai, baina hiltzen ere azkarrak dira oso: ehun urte pasa eta gero ez dira gehiago arnasteko gai eta hil egiten dira.
Landareen arteko mamutak
Landareen arteko mamutok, egurrezko hezurrak dituzten erraldoiok, lurrean diren izaki handienak izanda ere, ezezagun dira oraindik baleak ikusteko itsasontzi bidaietan dirutzak gastatzen ditugun pertsonontzat. Bai ala bai, basoetako biztanleon inguruko ezjakintasuna gainditu beharra dago.
Hartara, gure kontzientzian aspalditik sustraitutako hierarkia eta banaketa lerroak –pertsona lehenbizi, gero animaliak, gero landare eta arbolak, eta, azkenik, gauzak–, zalantzan jarri behar dira. Gauza guztien neurria garela dioen uste antropozentrikoa, objektuen munduan jaun eta jabe diren subjektuak garela dioen ustea zalantzan jarri behar da.
Eta, egiari egia zor, azken hamarkadotan Ilustraziotik datorren uste horri arrakalak ateratzen ari zaizkiola esan daiteke, bai. Esate baterako, teknologiaren filosofo batzuen arabera gauzek moral bat dute. Primatologoek erakusten digutenez, gu eta gure lehengusu tximinoen arteko mugak orain arte uste zirenak baino askoz ere lausoagoak dira. Esan dezagun humanoa ez den horren emantzipazioa ate joka dugula. Gure enpatia zirkulua, unibertsoa bezala, hedatzen ari dela etengabe. Gizakia gauza guztien neurri kontsideratze hori azken hatsa botatzen ari dela. Esan, deitu, nahi bezala, baina zer edo zer aldatzen ari da, horixe baietz.
Arbolentzat eskubide legalak?
Animalien eskubide edo ongizatearekin gertatu den bezala, arbolen misterioak ezagutu ahala, arbolez hitz egitean animaliez hitz egiten dugun terminoetan hitz egingo dugu ziurrenik.
Ez dago jakiterik etorkizun hurbilean arbolek eskubide legal aitortuak izango dituzten ala ez. Baina, aurreratu daiteke basogintzako industrian aldaketak etorriko direla. Ezberdintasunak ezberdintasun, gure elikadurarako animalien hazkunde intentsiboak dituen barrabaskeria batzuk errepikatzen direla aitortuta ere, mentalitate berri baten lehen printzak ageri dira.
Izakiak animalien eta landareen artean banatzen direla erakutsi ziguten aspaldi. Baina bereizketa horrekin tematuta segitzeak zentzurik ba ote du? Pertsonaren enpatia zirkulua zabaldu ahala, animaliak bezala, gu geu bezala, arbolek ere usain, soinu edo seinale elektrikoen bitartez nola komunikatzen diren gero eta argiago ikusita, ikasita, muga horiek desagertzen joango dira.
Naturako “objektuek”, adibidez ibaiek edo ozeanoek, edo landareek eta arbolek, eskubide legalak izan behar dituztela defendatzen duenik ez da falta. Zergatik izan behar du, eman ahal zaio, nortasun juridiko bat mankomunitate edo merkataritza konpainia bati, eta ez baso edo arbola bati?
Imajinatzen hasita, imajinatu ahal da behinola beltzei edo emakumeei aitortzen ez zitzaizkien, eta, egun, teorikoki bederen, aitortzen zaizkien eskubideak legez, ingurune naturalari ere aitortuko zaizkiola eskubideak etorkizunean. Norabide horretan mugitzen ari da lurpeko korronte bat. Adibideak ez dira falta. Zeelanda Berrian, esaterako, Whanganui ibaiari entitate legal gisako estatusa eman zaio. Ekuadorren konstituzioan naturari eskubideak aitortzen zaizkio. Ez hil edozein animalia edo ez moztu edozein landare Suitzan, izan ere, hango konstituzioak ere animaliak eta landareak babesten ditu. Ama Lurraren Eskubideen Deklarazio Unibertsala ere idatzia dago hor nonbait. Ttanttaka-ttanttaka, geldoegi seguru aski, baina ari da korronte hori handitzen.

Arbola-jendea, hots, giza-jendea
Izan ere, arbolen eta animalien arteko paralelismoak harrigarriak dira. Edo, nahi bada, arbolen eta gizakien artekoak. Antropomorfikoak diren moduetan komunikatu eta elkarri laguntzen gai baitira. Arbola-jendeak “gizarte zerbitzuak” ditu, osasun sistema kolektiboa, lagunarteko elkarteak, haurtzaindegiak… Broma gutxi.
Gizakiak ez diren horien, landareen eta arbolen eskubide eta interesen gainean hitz egiteak, ezinbestean, gizateriaren ispiluan gure buruak begiratzera behartzen gaitu. Gizaki zer egiten gaituen gure buruei galdetzera, besteengandik zerk ezberdintzen gaituen hausnartzera. Arbola-jendearen eta giza-jendearen, bi-bien gizarteen arteko paralelismoak marraztera.
Eboluzio naturala ez dago jada norbera eta besteen arteko konpetizio hutsaren bitartez azaltzerik. Egia da, baina, indibidualismoaren garai oparoa bizi dugula, oso preziatua dela singularraren lehen pertsona, egoak disparatuta dabiltzala nonahi. Begirada zorroztu, arreta ipini eta arbolak aztertzeko denbora hartuta, baina, modu horretan ez dutela funtzionatzen oso agerikoa egiten da. Beste kodigo batzuk dituzte, beste kategoria bat, nolabait esatearren, utopia sozialistaren ernamuina daramate altzoan.
Gai direnak biziko direla bada bizilegea, arbolek honela itzultzen dute: ahula zaindu eta lagundu egin behar da beti, basoak –arbola-jendearen gizartea– osotasun bezala funtzionatu ahal izateko, denon beharra du, ahul eta makalenena barne. Eta gisa horretan, oroigarri paregabea oparitzen digute arbolek, gizarteak harmonia betean nola funtzionatu beharko lukeen erakusten duena.
Begirada eta hizkuntza aldatu
Antropozenoa ofizialki aldarrikatu den honetan, hots, 11.000 urte eta gero holozenoa atzean utzita gizakien eraginez aro geologiko berria abiatu dela, gure ekintzen ondorioak, aztarnak, gero eta handiagoak, atzeraezinagoak bilakatzen ari direla inork gutxik ukatzen du. Eta gero eta adostasun unibertsal handiago bat sendotzen ari da: ezinbestean aldatu behar ditugu gure begirada eta hizkuntza.
Salbaziorik izango bada, alboratu egin beharko dugu elikagaien kateko tontor eta planetaren jaun garela dioen ikuspegi harroputza. Izaki bakar eta errepikaezin garela, gure ustezko inteligentziatik eratorritako eskubide eta pribilegio esklusibo eta eztabaidaezinen jabe.
Eta hizkuntza berria ere beharko da. Sarriegi, zoritxarrez, natura arimarik gabeko makina bat bezala ulertu dugu. Eta, ehunenekoak gora ehunenekoak behera, gizakiok %90 batean emozio garela ahaztuta, alferrik eta etxekalte, natura pasio eta emoziorik gabeko hizkuntza zientifiko batekin adierazi nahi izan dugu.
Aldatu beharko dugu, bai. Behingoz barneratuz aldaketa hori izango dugula, izatekotan, gure existentziaren forma eta berme bakar.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
