Gaizka Amondarain
Irakaslea

Behin betiko

Gutako asko haurtzarorako joan-etorrian ibili gara azken astean, ohi baino sarriago. Zer den denbora, eta zer den kantua. Imanol Urbietaren heriotzak gogorarazi digu, noizbait, izan ginela ume, geu ere. Izango garela hauts, teloia jaistean. Eta bitartean dago parentesi hau.

Gure bizitzaren herena da, kasurik onenean, eskolan pasatzen dugun denboraren batez bestekoa. Bada zerbait. Denbora tarte horretan garatzen ditugu, eskolan zein eskolaz kanpo, gerora ezinbesteko zaizkigun tresna asko eta asko. Bakeroak heroitzat aurkezten zizkigun telebistarekin batera, indioak ere bazirela erakusten ziguten kantuak geneuzkan. Psikomotrizitatea zer zen jakin gabe oraindik, hasi ginen uztaia eskuetan hartu eta lurra zeruarekin berdintzen. Kotoi artean hazten zen babarrun aleari begiratzen genion bitartean, aldatu ginen geu ere. Hitzekin jolasten ikastetik, hitz jario monotonoekin aspertzera ohitu behar izan genuen. Lur berria zen faltan geneukana momentu batetik aurrera, ez hainbeste kotoi artea. Koadernoen atzeko aldean idazten genituen beste leku batean idatz ezin zitezkeenak. Aulkiaren diktadurara egin genituen gure ipurdiak, eta aulkiaren diktaduraren parte gara orain.

“Jakin”-en egindako elkarrizketa batean Imanol Urbietak berak esana da, irakasle zen garaian, haurrak eskolako lehen ordu erdian frontoira eramaten zituela jolastera egunero. Ikasleak motibatzearren egiten zuen. Hezkuntza, frankismoaren azkenetan, esperimentaziorako esparru zela esan izan da askotan. Komunitatean gertatzen ari ziren gauza askoren luzapen naturala zen eskola eremua ere. Dena zegoen egiteko, dena aldatzeko zegoen neurrian.

1978an argitaratu zen “Xirula Mirula” lehenengoz, eta handik urte gutxira hasi zen trantsizio ondorengo eskola publikoa bere lehen pausoak ematen. Aurretik zegoen ikastolek ibilitako guztia. Berrogei urte pasatu dira kasik ordutik. Panorama erabat aldatu da, gauza batzuek bere horretan jarraitzen badute ere. Ez da nire asmoa garai hura gaurkoarekin konparatzea. Sasoian sasoiko beharrak izaten ditugulako, sasoian sasoiko galderak. Erantzunak, zerbaitetarako balio dezaten, norberak aurkitu behar ditu.

Azkenaldi honetan ere, eduki dugu hezkuntzaren inguruan harrabotsa sortu duen albisteren bat edo beste. Nafarroako PPk, esaterako, irakasleen autoritatea indartzeko lege proposamena eraman zuen Parlamentura irailean. Ikasleen aldetik irakasleen kontra gero eta maizago gertatzen omen diren erasoak gutxitzea zen popularren asmoa. Konponbidea, oso espainiarra den bidetik bestalde, irakasleek beraien menekoenganako autoritatea areagotzea. Gainontzeko alderdiek ezezkoa eman eta gero, bertan behera geratu da lege proposamena azkenean. EAEn, orain arteko hezkuntza arduradunek esandakoaren arabera, ez omen da ikasturte honetan Madriletik inposatzen zaigun hezkuntza lege berria, LOMCE famatua, bere horretan aplikatuko. Ikuskizun dago zer gertatuko den aurrerantzean. Gasteizen ere, urrutiegira joan gabe, klase sozialaren eta jatorriaren araberako ghettoak sortzen jarraitzen dugula salatzeko, ikasleen segregazioaren kontrako protestak ikusi ditugu aste honetan bertan.

Imanol Urbietari egindako elkarrizketako beste pasarte batean kontatzen da, umetan, Felipe izeneko lagun bat etorri zitzaiola behin, berak bezala abesten ikasi nahi zuela esanez. Honek, bizikletaren txirrinari eragin, ring! ring!, eta doinu hari erreparatzeko esan zion lagunari. Abesten ikasteko, aurrez, soinuak entzun eta ulertzen ikasi behar zuela.

Ikasturte hasierak utzi digun panoramari erreparatzen badiogu, esan daiteke, gelako ikaslerik azkarrena izan gabe ere, berrogei urte eta gero, hezkuntzari dagokionez akordio berrietara ailegatzeko gehiengoak egon badaudela Euskal Erdi honetan. Eta ez Eusko Legebiltzarrean bakarrik, baita hezkuntza munduko beste eragileen artean ere. Beste kontu bat da akordio sozial berrietarako borondaterik egongo den edo ez. Abesten ikasteko bezala, lehenengo soinuak entzun eta ulertu egin behar direlako, baina, batez ere, abesten ikasteko, gogoa da behar dena. •