Iñaki Soto

Geopolitikaz baino nahiago dut demokraziaz eztabaidatu

Zer dute komunean Brasilgo kolpeak, PSOEren barne liskarrak, Greziaren eta Europar Batasunaren arteko harremanak, Putinen garaipenak, Kolonbiako plebiszituak, Rojabako esperientziak, Kataluniako konfiantza mozioak, Poloniako abortu eskubidearen aldeko mobilizazioak, Corbynen iraultza saiakerak eta EH Bilduk Gasteizen 18. eserlekua lortzeak? Lehenik eta behin, boterearen esparruan ematen diren fenomenoak diren heinean, argi dago beren izaera politikoak kategoria edo multzo berdinean biltzen dituela auziok guztiok.

Horrexegatik harritu nau egunotan, Ferrazko batailaren harira, zenbait komentaristek boterea eta politika nola kontrajarri dituzten. PSOEko bi aldeek «boterea ez besterik» bilatzen omen zutenez, auzia politikaren kategoriatik atera dute, botere borroka politikaren esparru naturala denean, hain zuzen ere. Ziur asko, auzia gutxiesteko asmoz esan dute, baina, aldi berean, politikari buruzko ikuspuntu guztiz okerra azaltzen dutela iruditzen zait.

Jakina, azken hilabeteetako gertakari eta gatazka horietan guztietan boteredunen eta, nolabait esateko, boteregabeen edo kontrabotereen arteko tentsioa ematen da, ezarritakoaren eta alternatibaren arteko gatazkak baitira. Botere oreketan eraldaketa sakonen adierazpenak dira horiek guztiak.

Adibideak hain dira desberdinak, ordea, norberak horiekiko hartzen duen posizioa zeharo desberdina izango dela kasu batean edo bestean. Mundua eta jendea anitza denez, konbinazioak ez dira soilik bi, derrigor finituak izan arren. Alegia, gure interes, ideologia eta ezagutzen arabera, besteak beste, auzi bakoitzari buruz izan dezakegun irakurketa desberdina izango da. Baita guk bozkatzen dugun berdina bozkatzen duten beste batzuen posizioekiko desberdina ere. Auzi horiei emango diegun garrantziaren hierarkia ere desberdina izango da. Nolanahi ere, urrutiko gertakariei etxekoei bezainbesteko garrantzia edo are eta handiagoa ematen dieten pertsonen ikuspuntuak harridura eragiten dit.

Desadostasun horien funtsa aitortu eta ulertzea garrantzitsua da, beste aldea gutxietsi gabe eta interes ilunik, esku beltzik edo mugapen intelektualik egotzi gabe. Normalean, ez da besteak ez duela zuk esandakoa ulertu, ezta norbaitek limurtu edo erosi duenik ere. Bestea oker egon daiteke, baina orokorrean ez da akatsa, desadostasuna da. Hori ulertzen ez duenarekin nekez eztabaida daiteke, are gutxiago ezer adostu. Desadostasuna beste maila batekoa baita: eztabaidarako duzun zilegitasuna zalantzan jartzen dute, errespetu izpirik gabe, gainera.

Gertakariak eta prozesuak, geopolitika eta demokrazia

Geopolitika horrelako eztabaidetarako esparru aproposa bihurtu da gurean. Von Clausewitz parafraseatuz, geopolitika ez da moralaren jarraipena baizik, beste bitartekoen bitartez bada ere. Bertan aurreko garaietako eskemak erreproduzitzen dira, hein batean erosoak eta ulerterrazak diren eskemak. Oker egon naiteke, aitor dut, baina geopolitikaren bertsio hau ez zait gaur egun mundua eta batez ere joerak ulertzeko ikuspuntu egokia iruditzen.

Nire ustez, testuinguru geopolitiko eta kultural desberdinetan eman arren, azkenaldiko auzi horiei buruzko irakurketa interesgarriena demokraziari buruzko gogoeta da. Emaitzez, kokapenez eta jazoerez harago, prozesu horietan guztietan –baita Brexitean, Turkiako estatu kolpean, Venezuelan, mundu osoko alderdietako primarioetan…– demokraziaren balioak eta mugak, baldintzak eta aukerak, apetak eta metodoak daude eztabaidagai.

Aldi berean, demokraziaz ari garenean, gehienetan bere balio moralaz ari garela esango nuke. Tresna politiko askatzaile gisa ez dugu gehiegi aztertzen, ordea, eta horrek zeharo baldintzatzen du bere eraginkortasuna. Indar kontserbadoreek abantaila handia dute alor horretan, beren jokalekuan baitabiltza. Prozesu demokratikoei buruzko ulermen hobeagoa premiazkoa da, etorkizuneko estrategia iraultzaileen muina delako. •