Amagoia Mujika
KONTSUMOA /

Eroskik %25 handitu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barazki freskoen, gertukoen eta sasoikoen erosketa

Eroski duela gutxi hasi da EAEn ekoitzitako barazkiak Eusko Label Eroski Natur markarekin saltzen. Hitzarmen horretan 63 euskal ekoizlek parte hartzen dute, hasi kooperatibekin eta segi familia ustiategi txikiekin. Bertako barazkiak ekoizten dituzte guztiek, freskoak eta bertatik bertara merkaturatuak.

Eroskik aurten %25 handitu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barazkien erosketa. Hartara, Eusko Label Eroski Natur markaren pean saltzen ditu 63 ekoizleren produktuak. Guztira, horrenbestez, 3,3 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu kooperatibak Eusko Label zigiluko urazak, tomateak eta Gernikako AGB piper berdeak erostera, baita Euskal Baserri zigiluko pipermin freskoak erostera ere. Horiek guztiak Eroski Natur markarekin salduko dira. «Produktu freskoetan espezializatzeko apustu sendoa egin du kooperatibak eta denden eredua elikagaien tokiko ekoizpenera irekita dago», adierazi dute Eroskitik. Nabarmentzekoa da aipatu 63 euskal ekoizle horien artean askotarikoak topa daitezkeela, bai kooperatiba moduan antolatzen diren ekoizleak eta baita familia ustiategi txikiak ere. Hartara, «oso ekoizpen ehun dibertsifikatua duen lehen sektore iraunkorra egituratzen laguntzea» ere bada Eroskiren erronketako bat.

Eusko Label eta Euskal Baserri zigiluek kalitatea eta jatorria bermatzen dituzte eta ziurtagiri horiek lortu ahal izateko ekoizleek zenbait baldintza bete behar dituzte: EAEn ekoitzi behar dira eta Hazi Fundazioak zehaztutako kalitate baldintzak bete behar dituzte.

Euskal Label markaren ikurra “K” da eta kalitatea adierazten du. EAEn ekoitzi, eraldatu edo eginiko nekazaritzako elikagaiak identifikatu eta bereizten dira eta produktu horiek beren kalitateagatik, espezifikotasunagatik edo berezitasunagatik nabarmentzen dira. Kontsumitzaileei kalitate handia ziurtatzea, produktuen jatorria eta egiazkotasuna bermatzea eta ekoizleen lana defendatzea dira Eusko Labelen helburu nagusiak.

Bestetik, Euskal Baserri bermezko marka bat da eta horren bidez identifika daitezke EAEko baratze txikietan edo baserrietatik gertu dauden ustiategietan ekoitzitako fruta eta barazkiak, baserritarrek belaunaldiz belaunaldi ekoitzi izan dituzten bezalaxe.

«Ekoizleak merkatutik gertu daudenez, heltze-unerik aproposenean bildutako elikagaiak beti iristen dira fresko saltokietara. Beraz, kontsumitzaileek tokiko produktuak dastatu ditzakete, jatorri ezaguna dutenak eta ustiapen-eredu iraunkorren arabera ekoitzi direnak», nabarmendu du Asun Bastidak, Eroskiren tokiko produktuetarako zuzendari komertzialak.

Esan bezala, Eroski Natur markaren babesean merkaturatzen dira kalitate goreneko produktu horiek. Eroski Natur markaren barruan frutategiko, harategiko eta arrandegiko produktuak daude.

Bultzada lehen sektoreari

Eroskiren, Eusko Labelen, Euskal Baserriren eta ekoizleen arteko hitzarmena Zurekin eredu komertzialaren barruan kokatzen da eta Eroskik abiatutako bide baten segida da. Inguruan ekoitzitako elikagaiak saltzeko eta, hartara, lehen sektore iraunkorra sustatzeko apustua egina du kooperatibak, eta horretan segitzen du, tokiko elikagaien eta lehen sektorearen alde lanean.

 

Bolubarrin zortziak aurretik jasotako urazak, bederatzietan dendan

Bergarako Bolubarri baserriaren eta Eroskiren arteko elkarlana ez da berria, duela 25 urte inguru abiatu baitzen. Bolubarri baserrian bertan daukaten dendan orturako landareak saltzen hasi ziren. Baina behin landatzeko garaia amaituta, jendeak ohitura hartu zuen barazkiak erostera gerturatzeko eta apustua zabaldu zuten. Orain, orturako landareak eta etxeko barazki freskoak saltzen dituzte. «Eroskirekin batera Debagoienean aritzen gara barazkiak saltzen, Bergaratik hasi eta Aretxabaletaraino, baita Oñatin ere. Gero, salmenta zuzena ere egiten dugu; inguruko azoketan aritzen gara astero», agertu du Bolubarri baserriko Agurtzane Olabarriak.

«Urte asko dira Eroskira barazkiak eramaten hasi ginela, batez ere Arrasaten Maxi Eroski supermerkatua zabaldu zutenetik. Guretzako oso garrantzitsua da, jende askok pentsatzen duelako horrelako denda handietan kanpoko generoa bakarrik saltzen dela. Orain garrantzia handia ematen ari dira bertako produktuei. Gure produktuekin gune bat daukate prestatuta eta jendeak estimatzen du. Eta guretzat beste irteera bat da, oso garrantzitsua, jende askoz gehiagorengana iristeko modua eskaintzen digulako. Gu konturatuta gaude azoketan jende nagusia baino ez dela ibiltzen. Jende gaztea, gero eta gutxiago. Horregatik oso garrantzitsua da azoketatik aparte horrelako salmenta puntuak izatea. Gu oso pozik gaude, gure produktua desberdinduta jartzen dute, garrantzia ematen diote eta ondo saltzen da. Azoketan saltzen ditugun produktu guztiak Eroskin ere saltzen dira», nabarmendu du. Eroskirekin daukaten akordioari esker, Bolubarrin animatzen dira apustuak egitera, lursail berriak hartzera, beste negutegiren bat martxan jartzera... «Euskarri garrantzitsua da». Eta goizeko zortziak aurretik Bolubarriko baratzetan jasotako urazak egunero iristen dira bederatzietarako Debagoieneko Eroskiko dendetara.

 

Barrenetxe kooperatiba, 36 urtez bertako barazki freskoei bide ematen

Barrenetxe nekazari profesionalez osaturiko kooperatiba bat da, duela 36 urte Bizkaian sortua. Euskal Herriko barazki tradizionalak ekoizten dituzte eta bere soroak Bizkaiko kostaldean eta barnealdean (Lea-Artibai eta Uribe Kosta) sakabanaturik ditu, urte osoan barna ekoizpenarekin segitu ahal izateko. Laborantzak lurrean edota bestelako substratuetan egiten dituzte, barnetegietan edota estalperik gabe. Eguneroko bilketak klasifikatu egiten dira eta Etxebarriko zentralean ontziratzen dira, bezeroei produktuaren freskotasuna ziurtatuz. Kooperatibako kide Joana Tellok azaldu duenez, «gure egitekoa da bertako barazkiak guk produzitzea eta guk saltzea. Horretarako sortu ginen eta horretan ari gara 1980. urteaz geroztik». Gaur egun 22 bazkidek osatzen dute Barrenetxe.

Barrenetxe kooperatiba Eroskirekin elkarlanean aritzen da, Eusko Labela duten produktuak, bertako ekoizleenak, Eroski Natur markarekin saltzeko. Labeldun uraza, Gernikako piperra, labeldun tomatea eta Natur pipermina dira, nagusiki, akordio horren baitako produktuak.

«Gure filosofia da bertakoa, sasoian sasoikoa eta etxetik gertukoa den produktua iritsaraztea kontsumitzailearengana. Gure betiko ortuetan aurki daitezkeen produktuekin egiten dugu lan; porrua, kalabaza, kalabazina, uraza, piperra, tomatea, zerba...», zehaztu du Tellok. Hartara, bide horretan, oso garrantzitsua deritzo Eroskirekin duten elkarlanari. «Gure lanarekin segitzeko motibazio handia da. Ziurtatzen digute gure produktua eramango dutela eta toki onean jarriko dutela, balioa emango diotela. Postu bat sortu dute espresuki gure produktuentzat, Natur marka zabaltzeko, eta hori oso garrantzitsua da guretzat, gure produktuei prestigioa ematen baitio. Eta zalantzarik gabe Eroski gure produktuentzat erakustoki bikaina da. Oso pozik gaude», bukatu du.