«Genozidioaren ondotik gauzak erraten hastea haustura bat izan zen. Gerra ez da bukatu»
Rapa askatasuna da «artibista» alai eta bizi honentzat, eta bere buruaz eta herriaz mintzatzeko darabil, baita emakumeek libre izan behar dutela aldarrikatzeko ere.

Rebeca Lane edo Miss Penny Lane bere buruaz mintzo da rapa abesten duenean, baita bere herriaz ere, kolonia zen garaitik gerran den Guatemalaz. Horregatik, bere historia kontatzen hasi zaie iluntze batean Errenteriako Merkatuzarren bildutako lagunei. Emakumeen Ahalduntzerako Eskolak egiten ari dira bertan, eta La Bragada Criminal taldeak gonbidatuta etorri da poeta feminista, hitzaldia eta kontzertua ematera.
Lanparatxo baten argitan, denak borobil batean jarrita daudela, Guatemalaz solas egin du lehenik. Kontatu du trantsizio guztia oligarkien bidez egin zela eta lurra esportaziorako erabili izan dela: kafea, banana eta eskulana, munduko merkeenetakoa, esportatzeko.
Gaineratu duenez, esklabotza legezkoa izan da 1944ra arte, eta, legezko sistematik ezabatu arren, ez da desagertu oraindik. «Indigena jaiotzen bazinen, esklaboa izanen zinen. Esklabotzan oinarritutako erregimenak izan dira, diktadurak».
Genozidiorik handienetakoa
Azaldu du AEBen esku-hartzearen bidez 40 urteko gerra bat hasi zela. «1954an gringoek erabaki zuten iraultza ez zela bidea eta estatu kolpea eman zuten. Gerra horretan genozidiorik handienetako bat gertatu zen: 250.000 lagun erail zituzten, 45.000 herritar desagertu ziren, milioi bat baino gehiago errefuxiatu... 1998an zabaldutako datuak dira. 1996an izan ziren bake akordioak. Gaur, militarrek, narkotrafikoek eta korrupzioak erabat mendean hartutako estatua da Guatemala».
Rebeca Lane 1984an jaio zen erdi mailako familia batean. «Ez naiz indigena, baina sustrai indigenak ditut. Indigena izatea txarra zen eta horregatik gure jatorria aipatzen ez genuen testuinguru batean hazi nintzen. Italian genuen familiaz bai, hitz egiten genuen. Orain gure historia berreskuratzen saiatzen ari gara. 1980 eta 1982 artean izan zen gerraren zatirik okerrena; giza eskubide guztiak urratu ziren. Nire aitaren arreba, gerrillaria eta poeta, 1981ean desagertu zen. Ez dakigu non dagoen, zer gertatu zen berarekin. Zauriak sakonak dira sustraitik mindutako gizarte batean».
Izebaren izen bera duen eta bera bezala poeta den Rebecak dioenez, belaunaldi oso bat desagertu zen Guatemalan: ikasleak, nekazariak, irakasleak... Eta, egoera larri horretan, isiltasuna defentsa mekanismo bat zen. «Gure zaharrek ez zuten nahi gu ezertan sar gintezen. Eta gauzak erraten hastea haustura bat izan zen. Oraindik mehatxuak jasotzen segitzen dugu. Gerra ez da bukatu».
12 urterekin egia deskubritu
«1996an, bake akordioak egin zirenean, nik 12 urte nituen eta ez nekien gerrarik zegoenik ere. Orduan ohartu nintzen izeba ez zegoela, kontatu zidaten bezala, AEBetan. Eta gauzok jakiteak mojen eskolako lagunengandik urrundu ninduen. Aunitz ikertu nuen eta bilaketa horretan ni bezalako bertze gazte batzuk ezagutu nituen. Denok genuen norbait galdua».
Antolatzen hasi eta kalera atera ziren. «Orain egiten genuena elkarri kontatu eta ‘nola ez gintuzten hil?’ galdetzen dugu. Armadaren Egunean, desfile militarrik ez egotea lortu genuen. Desagertuen argazki eta loreekin atera ginen, ‘armada hiltzailea’ oihukatuz. Sarri jarri ginen arriskuan. 10-15 metroko mantak zabaldu genituen plazaren erdian eta horrek beldurrik ez izaten lagundu zidan, izu handia bainuen», aitortu du.
Esplikatu du bere belaunaldiari isiltasuna haustea tokatu zitzaiola, eta beren buruarekin puskatzea ere bai. «Alkoholikoak ginen. Ez ziguten irakatsi sendatzen. Gero artea erabiltzen ikasi genuen bertze komunitateetako gazteekin antolatzeko. Antzerkira, poesiara, hip hopera eta rapera hurbildu nintzen. Latinoamerikako protesta rapa entzuten hasi nintzen. Gatazka guztietan musika eta arte aunitz zegoen: Victor Jara, Silvio Rodriguez, Ska-P... aditzen nituen. Rap politikoak guztiz txunditu ninduen, niri ere ateratzen hasi zitzaidan arte».
1976an lurrikara izugarri batek arrakalatu zuen Guatemala eta milaka pertsona hil ziren. Herritarren %80 pobrezian bizi zen, eta horietatik erdia muturreko pobrezian. «Herrialdearen erdia baino gehiago erori zen. Amildegi ugari dago eta horietan eraiki zuten aterpea aunitzek. Gobernuak kokaguneok erregularizatu ditu. Rapa egiten duten %90 bertatik dator. Ni, aldiz, %10 pribilegiatu horretakoa naiz, unibertsitate ikasketak egiteko aukera izan duten %2 pribilegiatu horietakoa. Soziologoa naiz».
Erantsi duenez, gerrako barne errefuxiatu ugari ere kokagune horietan bizi da. Horregatik, eduki politiko handia du hip hopak. «AEBetan, Bronxeko gerraondoko gazteei balio izan zien. Hip hoparen espiritu hori Latinoamerikara iritsi da. Palestinan ere badago, eta Afrikan. Hip hopak gazte bati erraten dio: artista izan zaitezke, arma bat hartu eta sikario bihurtzea baino aukera gehiago dituzu. Esperantza handia ematen dio».
Honek ukitzen ez duen jendea
Rebeca Lane, ordea, ez zen hala barneratu artean. Gizarte Zientziak irakasten zituen institutu batean eta, topikoa dirudien arren, hip hopak bizitza aldatu ziola dio. «Beste gauza batzuk ikusarazten dizkizu. Zertarako erabiltzen dudan? Bizitza egina dutenen lekutik solas egiten dut. Historia honek guztiak ez ditu ukitzen. Hip hopa nire burua eta nire pribilegioak interpelatzeko prozesu bat ere izan da. Ez da izan protesta ariketa soila. Nire leku pribilegiatua zein den ulertzeko eta hortik lan egiteko era izan da».
Efrain Rios Monttek estatu kolpea eman zuen 1981ean eta de facto sortu zen gobernua. Garai hartan gertatu ziren, erran bezala, giza eskubideen urraketa gehienak. «Genozidioa antolatua izan zen: biztanleen %20 ezabatu eta gainerakoak berriro heztea zen asmoa. Hau da, herrixka eredu batzuk sortzea, kontzentrazio esparruak zirenak, kuartela komunitatearen bihotzean zutela, Mendekoste elizekin. Genozidioaren biktimen %80 maiak izan ziren».
«Rios Montten kontrako epaiketa egin zen, kasu guztietan %98ko inpunitate tasa dagoen herrialdean. Hiru hilabeteko epaiketan, egin zuten izugarrikeria hartatik biziraun zutenek diktadorea aurrez aurre izan zuten eta aurpegira bota ahal izan zioten dena. Prozesua oso gogorra eta aldi berean sendagarria izan zen. Eta errudun jo zuen epaileak Rios Montt».

«La cumbia de la memoria»
Bi egun geroago, ordea, epaia baliogabetu zuten eta erabateko tristezia eragin zuen horrek. «Oligarkien eliteek finantzatu zuten genozidioa eta horien eraginez baliogabetu zen epaia». Gertaera horren ondoren, kantu bat konposatu zuen Rebeca Lanek, herri mindu batentzat musika nola egin hausnartu eta gero. «Abestiak mantra bilakatzen dira eta mina transmititzen badut jendeak abesten duenean minak iraunen du. Nola bihurtu porrot hori botere, inoiz gehiago gerta ez dadin?». Gogoeta horretatik jaio zen “La cumbia de la memoria”.
23 komunitate etniko-linguistiko daude Guatemalan eta horietatik 21 maien ondorengoak dira. Baina, Laneren iritziz, multikulturalitatea baino aunitzez interesgarriagoa da interkulturalitatea, hau da, nola eraiki zubiak kultura horien artean. «Jendeak bere arrazismoa onartu eta historikoki ekarri duenaz ardura hartu beharko luke. Ez gauza politak kontatu soilik. Hip hopak nire burua bertze era batera identifikatzea ahalbidetu dit. Ez zait gustatzen estatu nazional militarista batekin identifikatzea. Nortasun guatemaldarrak ez dit ezer mugitzen barruan, homogeneizatzeko joera duelako, adibidez eskoletan gaztelania irakatsiz». “La cumbia de la memoria” kantuaren bideoa genozidioa gertatu zen lekuetan grabatu zuten, baita genozidioaren ondotik desagertuen aurpegiak, grafiti ilegalak, margotu zituzten tokietan ere. «Lurperatuen begiak batera itxiko dira justiziaren egunean, edo ez dira itxiko», dio kantak. Eta «horixe baietz, genozidioa egon zen», kanpaina gogor bat egon baitzen genozidioa ukatuz.
“Artibista” gisa sinatzen ditu lanak. Hitz hori gustatzen zaio, artea erreminta bezala erabiltzen duelako gauza hauetaz mintzatzeko. «La cumbia de frijol, la cumbia de frijol... Badira cumbiak deus ere erraten ez dutenak, jendea dantzatzeko eta mozkortzeko aproposak. Kantatzean jendea indartsu senti dadin nahi dut nik. Artea urrunago iristen da komunikatu bat baino. YouTuben daude entzungai nire kantak. Horrek ez du erran nahi artea zaintzen ez dudanik. Irratian jartzen ez badituzte izan dadila zentsuragatik eta ez kalitaterik ez dutelako».
«Bake akordioek ez dute herri memoria lurperatuko. Jendeak uler dezan nahi dudan ideia polit bat da. Nola egin hain gai konplexua ulergarri eta sentigarri? Sentsibilitatez komunikatuz errazagoa da zubiak eraikitzea. Hori da ‘artibista’ izatea», azaldu dio hitzaren erranahiaz galdetu dion entzule bati. Hizlari aparta da Lane, hagitz alaia izateaz gain. Aho zabalik aditu dute Merkatuzarren elkartutakoek.
Somos Guerreras
Bere lan poetikoan eta rap abestietan emakumeen egoera salatu, eta beren autonomia eta askatasuna aldarrikatzen ditu. Somos Guerreras proposamenaren sortzailea da. Mugimendu hori Erdialdeko Amerikan hip hopa egiten duten emakumeen lana ikusarazteko sortu zen, formakuntzarako, elkarbizitzarako eta ekitaldiak egiteko.
«Ez da erraza hip hop abeslari batentzat Erdialdeko Amerikan mugitzea, baina nahi izatea da kontua. Eta mugitzearekin batera emakumeen jaialdiak sortu ziren. Hip hopak emakume bati erakusten dio gizon bati aurre egiten ahal diola, eta hala abilago bilakatzen da. Emakumezko hip hop abeslarientzat trabarik handiena beren familia izaten da. Arte hau gizonen kontua dela oso zabalduta dago, batez ere pandillero-ena. Estigma handia dago horrekin. Baina guretzat askatasuna da. Nahi dudana erran dezaket, nahi dudan bezala dantzatzen ahal naiz. Nire izena idatz dezaket letra handian horma batean aunitz gustatzen zaidalako».
Aipatu du hip hop kulturan ez dituztela emakumeak aitortzen eta jaialdietan hogei gizonezko egoten direla abesten eta emakume bakar bat ere ez. «Lehia guztiak gizonen artean izaten dira, eta atsedenaldian jartzen dituzte emakumeak dantzan eta denak kalera ateratzen dira. Genozidio beretik bagatoz ere, halakoak gertatzen dira». Horregatik, emakumeak antolatzaile eta parte hartzaile diren jaialdiak sortu zituzten, Erdialdeko Amerikako emakumeen mugimendu bat. «Abeslari zaharrenetakoa naiz ni. 15 urteko gazteak dabiltza kantari».
Azaldu duenez, emakumezkoen jaialdiek eszena mistorako prestatzen laguntzen diete: «Lagun artean gaude eta hanka sartzen badugu ez da deus pasatzen. Teknikan eta espirituan, bietan formatzen gara». Hip hoparen garrantzia azpimarratu du: «Gazte aunitz edo dantzan hasten dira edo pandilla batera doaz. Hil ala bizikoa da».
Urtarriletik apirilera Panamatik Mexikora tour bat egin zuen bertze hiru rap kantarirekin. Bidaiaren dokumentala grabatu zuten eta orain postprodukzioan dabiltza. «Gure ametsa da neskek autogestionatutako eskola bat sortzea herrialde bakoitzean eta eurak izatea filma aurkeztea ahalbidetuko dutenak, mugitzen hastea helduenak garenon mende egon gabe», adierazi du altxatu eta kontzertuan gogo-gorputzak askatu aitzin.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
