Gorka Elejabarrieta

Hamar urte

Urriaren 25ean hamar urte beteko dira Europako Parlamentuak euskal gatazka politikoaren konponbidearen aldeko deklarazioa onartu zuenetik. Estrasburgora joan ziren ehunka lagunen artean nengoen ni ere. Ilusioz eta pozez hurbildu ginen Parlamentuko ate aurrera. Urteak generamatzan nazioartearen eta bereziki Europar Batasuneko instituzioen esku hartzea eta babesa eskatzen. Finean, gure herriak bizi duen gatazka politikoa Europar Batasuneko bi estatu kideren eta Europaren beraren barne gatazka bat ere badelako.

Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren delegazio zabalarekin batera hainbat autobus eta pertsona agertu ziren Estrasburgon. Iñaki Perurenak herri kirol erakustaldi polita burutu zuen jendarmeen begirada harrituen aurrean; oraindik kartzelan jarraitzen duen Rafa Diezek, berriz, hitzartze politiko mamitsua egin zuen, deklarazio horren onarpenak ekar zitzakeen ondorio positiboak azpimarratuz; Parlamentutik Helmuth Markov eta Bairbre de Brun eurodiputatuek hartu zuten hitza, momentu hartan onartzen ari zen deklarazioaren garrantzia azpimarratzeko.

Bazegoen eta badago aurrekari garrantzitsu bat, gainera, Europar Batasunak Irlandako konponbide prozesuari eman zion eta dion laguntza, hain zuzen. Ikuspegi horretatik debate horrek laguntza eta pausu zehatzak ekar zitzakeen. Guztiok dakigun bezala, ez zen horrela gertatu, baina egia da pixkanaka-pixkanaka Euskal herriak bakartze egoera apurtzea lortu zuela, baita gure herriak bizi duen gatazka nazioartekotzea ere. Horrek guztiak nazioartearen esku hartze gero eta garrantzitsuagoa ekarri zuen gurera.

Egia da garaian onarturiko deklarazioa ez zela edukietan oso ona izan. Egia da, era berean, Parlamentuaren baitan sekulako gatazka piztu zuela, bereziki Espainiako Alderdi Popularrak bere talde osoa ezezko botoa ematera behartu zuelako. Gutxigatik onartu zen adierazpena, baina onartu egin zen. Gehiengoak alde bozkatu zuen eta deklarazioak Europako instituzioei eta Batasuneko estatu kideei Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen aldeko pausuei babesa eta laguntza emateko eskatu zien. Garaian garrantzi handia izan zuen deklarazioak, Europaren eta nazioartearen jarreran aldaketa bat markatu zuelako.

Deklarazio hori ez da efemeride soila bakarrik, garaiko prozesuaren beste pasarte bat baizik. Badu gaurkotasun osagarri garrantzitsua ere, garaian onarturikoak indarrean jarraitzen duelako. Ez da geroztik bestelako debate edo deklaraziorik onartu berau ordezkatzeko. Eta bide horretan lan egiten jarraitu behar dugu, gatazkaren ondorio guztiei konponbide integral bat aurkitu arte.

Duela hamar urte Parlamentuko Friendship taldea sortu berria zen, nahiz eta artean ez genekien oso ondo nola esan ere gaur egun jada gure hiztegira gehitu dugun hitz hori. Esan bezala, nazioartearen ekarpenak eta presentziak oraindik ez zuen gerora gure prozesuan lortu duen dimentsioa. Baina dudarik ez daukat eztabaida eta deklarazio horrek ateak zabaldu zizkiela ondoren etorri ziren guztiei: Nazioarteko Harremanetarako Taldea, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, Aieteko konferentzia, “Free Otegi Free Them All” kanpaina, eta abar luze bat.

Nekez uler liteke gure herriak bizi duen egoera nazioarteko hainbat eragilek izan duten parte hartzea kontuan hartu gabe, eta Europako Parlamentuko deklarazioa horrela ulertu beharra dago. Baina baita gaurkotasun ikuspegi funtzional batetik ere. Lan handia dago oraindik egiteko, eta dudarik ez daukat bide horretan Europar Batasuna eta nazioartea, oro har, konponbidearen bultzatzaile eta babesle garrantzitsuak izan daitezkeela. •