Hausnarketa sustatu nahi du Jon Ander Alonsok ikus-entzunezko antzerki batekin
«Heriotza bikoitza (doble malta)» lanaren bidez, heriotzari buruzko hausnarketa sustatu nahi du Jon Ander Alonsok, gaiari «pare bat buelta» emanda. Heriotzak tabu izateari uztea du xedeetako bat, erlijio zein filosofietatik kanpo. «Crowdfunding» kanpainan murgilduta dago proiektua aurrera atera ahal izateko.

Zer da heriotza? Bizitzaren azken eguna eta ezerezaren artean dagoena? Zer dago ondoren, betiere zerbait badago? Nola prestatu une hori heltzen denerako? Izan ere, prestatu al gaitezke? Normala al da beldurra sentitzea? Kontziente al gara gure ordua helduko dela? Baita inguruko maiteena ere? Heriotza izan da eta bada inspirazio iturri zineman, antzerkian, literaturan, artean. Erlijio guzti-guztiek oso presente dute modu batean edo bestean, eta filosofiak ere ez dio bizkarrik eman. Mendebaldeak eta Ekialdeak beren modura bizi dute, familia bera osatzen duten kideak bailiran. Hainbat buru hainbat aburu auzi honetan ere.
Gai mardul honen inguruan hausnarketa egin eta hausnarketa plazaratu nahi du Jon Ander Alonso aktore donostiarrak. Ez da, ordea, kameraren aurrean jarriko, atzean baizik, “Heriotza bikoitza (doble malta)” izeneko proiektu eszenikoa zuzentzeko.
Bere lana Gipuzkoako Aldundiak hautatua izan da, martxan duen Meta! egitasmoaren bidez babesteko. Beste hemeretzi kultura-proiekturekin batera, crowdfunding kanpaina abiarazi du, lanok aurrera ateratzen laguntzeko. Jendeak ematen duen euro bakoitzeko, Aldundiak beste hainbeste jarriko du, kolpez gehienez 100 euro jarriz.
Alonsoren proiektua hezurmamitzea falta da oraindik, dena ondo bidean datorren urtean amaituta egongo delako lana, baina aurreratu dezake ikus-entzunezkoa eta antzerkia uztartuko dituela. «Heriotzari buruz hitz egingo dugu, baina pare bat buelta emanda. Asmoetako bat gure gizartean dugun kontzeptua desmitifikatzea da, heriotzak tabu izateari uztea. Hala ere, garrantzitsua da aipatzea gure asmoa ez dela erantzun absolutuak ematea, baizik galderak sortzea ondoren bakoitzak bere gogoeta egin ahal izateko», dio Alonsok. Era berean, ez dute teoria bat eraiki nahi. «Guri interesatzen zaizkigun kontzeptuak eta ideiak hartu ditugu. Hausnarketa erabat irekia izango da ondoren horrekin guztiarekin bakoitzak bere ondorioak atera ahal izateko».
Heriotzak «tabu izateari uztea» bilatzen duela baieztatzen duen unetik, pentsa daiteke debekatutako hitza dela iruditzen zaiola. Halako zerbait, bai. Iritzi duenez, gure gizartean, Mendebaldean, «ez gara heriotzarekin pentsatzen bizi, hitza erabat saihestu egiten dugu, ihes egiten diogu, gizarte bezala ez dago txertatuta», erantsi du.
Umeak garenean, eta hezten goazen neurrian, eskolan zein unibertsitate garaian, hutsune bat sumatzen du heriotzari buruz egiten den irakaspen edo heziketan. Egiten den lanketa hutsaren hurrengoa dela deritzo. «Inork ez digu behar bezala hitz egiten, ez gaituzte prestatzen, informatzen…». Akatsa dela uste du, ondoren, heriotza gertatzen denean, inguruan zein gertu, traumak gerta daitezkeelako. «Ez gaude prestatuta ez heriotza iristen denerako, ezta dakartzan ondorioei aurre egiteko ere».
Zentzu horretan, neurri batean behintzat, garaiak aldatu egin direla iritzi du. Mende batzuk atzera «barneratuagoa» zutela uste du. «Gaur egun, gure gizartea doan erritmoa kontutan hartuta, despistatuago gaude, nolabait esatearren. Lehen naturalagoa zen, ez zen akaso hain traumatikoa, agian onartuago zuten. Egun beste aurrerakuntza batzuk ditugu, beste dibertsio batzuk, distrakzioak, eta heriotzari bizkar emanda bezala bizi gara: batzuetan pentsatzen dut inoiz hilko ez bagina pentsatuz bezala bizi garela, eta hori ez da erreala».

Lanaren oinarria “Bizitza eta heriotzaren liburu tibetarra” liburua da. Jatorriz izaera budista du, baina gerora berridazpen bat egin zen Mendebaldean irakurri eta ulertu ahal izateko. Funtsean, heriotzari aurre egiteko argibide liburua da. Alonsok bizpahiru bider irakurri du, eta oso baliagarri egin ei zaio irakurraldi bakoitza. «Liburua oso ondo egituratua dago, heriotzaz eta ondoren dagoenaz hitz egiten du, betiere zerbait badago… Azken hori asko interesatzen zaigu. Eta gero zer? Irekitzen al da aterik? Haragitzearen kontzeptua... Horiek eta beste mila galdera oso erabilgarriak izan litezke gure ikuspuntua birpentsatzeko edo aldatzeko». «Liburu hau aspalditik ezagutzen dut, bitan edo hirutan irakurri dut. Lehen irakurketarekin sortu zitzaidan halako gogo bat zerbait egiteko liburuarekin, izan ere, ez da testu literario bat, baina balio dezake oinarri gisa proiektu bat egiteko. Gerora, urteak pasata, izan ditut halako gertakariak, oso gertuko lagun bat galdu nuen minbiziak jota eta gertakari hura abiapuntua izan zen argi ikusteko zerbait egin behar nuela», gogoratu du.
Hain zuzen, hilzorian daudenek edo gaixotasun larriren bat dutenek irakaspen handiak uzten dituztela baieztatu du. «Inguruan halako egoera bat bizitzeak galderak birplanteatzera bultza zaitzake, baita beste sentsibilitate bat garatzera ere. Lehentasunak zehaztu, zertaz kezkatu eta zertaz ez, gure bizitzeko modua zertan oinarritzen dugun hausnartu…».
Edozein kasutan, liburu honek irakasten duena edozein korronte filosofikotik kanpo dagoela nabarmentzen du, proiektua bera bezalaxe. Era berean, asmoa ez da «inongo erlijiotan sartzea». Gauzak naturalizatzea gustatuko litzaioke; auzia pertsonala dela uste du, «bakoitzaren prozesu, gogoeta eta aldaketekin bat egin behar duena».
Testigantzak, lehen pertsonan
“Heriotza bikoitza (doble malta)” lanak antzerkia –«baina ez modu klasiko batean»–, eta ikus-entzunezko atalak izango ditu. Aktore lanetan Eneko Sagardoi eta Miren Gaztañaga arituko dira. Haiek jarriko dute ahotsa lehen pertsonan, beren bizipenak kontatzeko, besteak beste. Alonsok kontatu duenez, gaiarekiko interes handia dute biek ala biek. Sagardoik, antza, «aspalditik idazten ditu heriotzari buruzko poemak eta testuak», eta, Gaztañagak, berriz, gertaera pertsonal batetik abiatuta antzezlan txiki bat sortu zuen, gai berari eutsiz. Oso pozik dago lantaldearekin. «Elkartzen garen bakoitzean ikusten dut interesa elkarbanatzen dugula, hizkuntza berean hitz egiten dugu eta hori niretzat ezinbestekoa zen, lana sakona eta gogorra izango delako. Umila da nire proiektua, baina sorkuntza lana hutsetik abiatuko dugu».
Bi aktoreenak ez dira izango entzungo diren ahots bakarrak, heriotzarekin bizipen zuzenak izan dituzten pertsonen testigantzak ere bilduko dituelako. Grabatu eta eskaini. Zentzu horretan, alde dokumental «indartsua» izango duela aurreratzen du, «oso zuzena» izango dela erantsiz.
Testigantzak jasotzeko, besteak beste, Mandalara taldera joko dute. Orion dute egoitza eta bertan hilzorian daudenei eta beren senideei prestakuntza lanak eskaintzen dizkiete hitzaldi, mahai borobil, terapia… bidez. Lehen harreman bat egon da eta badute asmoa elkarlan bat abiatzeko. Hala ere, beste ate batzuk ere joko dituzte, besteak beste, heriotza kliniko batetik itzuli den edo diren pertsonen testigantzak bilatzeko. «Oso-oso interesgarria» egiten zaio donostiarrari egoera hori. «Tarte horretan zer gertatzen da?», jakin nahiko luke, adibidez.

Lantaldea, prest
Antzerkia, zinema eta telebista egin ditu Jon Ander Alonsok, kamera aurrean zein agertoki gainean. Proiektu honek, ordea, bigarren plano batera darama donostiarra, ikusten ez den atzeko aldera, koordinatzaile-zuzendari gisa; horrek ikuspuntu orokorra emango dio, baina ahots anitz egongo dira, lantaldea osatzen duten guztiek izango dutelako ekarpenak egiteko aukera. Egiteko modu hori, talde sorkuntzarena, antzerki munduan oso ohikoa dela azaldu du, eta halaxe izango da “Heriotza bikoitza (doble malta)” lanean.
Lantaldearen eskeletoa pentsatuta dago. Aktore lanetan aipatutako Eneko Sagardoi eta Miren Gaztañaga, biak ala biak aurpegi ezagunak, «biak lagunak eta oso pertsona maitagarriak», dio estimu handiz. Ane Urtizberea diseinatzailea eszenografiaz eta jantziez arduratuko da eta Mikel Zumeta gidoiaz. Kontatu duenez, film laburrak eta poesia idazten ditu, baita zinema kritikak ere. «Oso fina da», dio. Musikaz azkenik Paula Olaz arduratuko da. Iruñean sortua, musika sortzailea da. «Ikusten denez lantalde txikia gara, ekonomikoki mugatuta egongo garelako. Baina lana baldintza onetan eta duinetan egin ahal izatea nahi dut, gutxiengo batzuk bermatuz».
Abenduak 16 bitartean egongo da zabalik ekarpen ekonomikoak egiteko bigarren eta azken fasea. Dena ondo bidean, 2017an finkatuko lukete lan egutegi bat, eta, aurreikusitakoa betez gero,, udara amaiera edo udazken hasierarako espero dute orain ideia dena begiez ikus daitekeen proiektua izatea.
Eta elkarrizketa amaitzear dagoela dirudienean, azken gogoeta bat. Bai, guzti-guztia ikuspuntuaren araberakoa da, baita heriotza ere. Denbora pasa ahala zerbait hiltzen ei doala, guk bizitza bezala ulertzen duguna kontsumitzen doala… baina debora hori zeri lapurtzen diogu, bizitzari… edo heriotzari?
Bakoitzak ahal duena, lana aurrera ateratzeko
Alez ale, bakoitzak eskura duena eskainiz, atera dira hamaika proiektu mundu zabalean zehar. Hori da crowdfunding edo finantzaketa kolektiboa, eta hori da “Heriotza bikoitza (doble malta)” lanak burutik paperera jauzi egiteko bidea: jendearen laguntza. Urriaren 24ra arte egongo da ekarpenak egiteko epearen lehen fasea zabalik. Aurrera egiteko gutxiengoa 6.360 euro ziren, eta dagoeneko lortu dute. Pozik daude, beraz, baina lana ez da amaitu, bigarren fasean «hobezina» deitzen dutena lortzen saiatu beharko direlako, hau da, 10.360 euro.
Erronka, Alonsoren hitzetan, ekarpenetan jarraipena mantentzea da, oro har hasierak indartsuak izan ohi direlako eta denborak aurrera egin ahal laguntzak apaldu egiten direlako. Horregatik, garrantzia handia hartzen dute sare sozialek, mezu elektronikoek eta ekimena zabaltzeko baliagarria izan daitekeen formula orok. Bide horretan, ekintza txikiak egiten hasiko direla iragarri du, «ekimenari ahalik eta oihartzun handiena emateko».
Gipuzkoako Foru Aldundiak modu berezian babestu ditu Meta! egitasmorako hautatuak izan diren proiektuak, erakundeak jendearen ekarpen bakoitza berdindu egiten duelako, baina 100 euroko mugarekin. Hau da, inork 20 euro jarriz gero, erakundeak beste hainbeste jarriko ditu, baina 150 badira, Aldundiak 100 jarriko ditu.
Parte hartu ahal izateko Goteo.org gunean klik egin beharra dago, ostean bertan proiektuaren izena topatu eta bakoitzak nahi duen kopurua emateko.
Emadazu «doble malta» bat, mesedez
Proiektuaren izenburuak iradoki egiten ditu hainbat ideia, baita izen hori hautatu izanaren galdera sortu ere. “Doble malta” hitzek zenbaiti ziur asko garagardoa ekarriko diete gogora, eta ez dabiltza oker. Jon Ander Alonsok aitortzen duenez, istorio bat ezkutatu nahi izan du izenburuan, eta lagun bati «omenaldi txiki bat» egin, subliminalki bada ere.
Bada lagun horri asko gustatzen zaio garagardo hori, zehazki Donostiako Eiger tabernan zerbitzatzen dutena. Bi hartuz gero KO uzten ei duela-eta, «doble malta» deitu beharrean, «heriotza bikoitza» deitzen dio edariari. Hain justu, dualtasunaz ere hitz egingo du proiektuak.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
