Hezkuntza hauteskundeetan


Badirudi hauteskunde zurrunbiloak irentsi gintuela inoiz. Ordutik, hor gabiltza kanpaina amaigabean zilipurdika. Pasa berri diren hauteskundeetara aurkeztu den alderdi politiko bakoitzak, gutxi gorabehera, keinu egin dio hezkuntza arloari. Banan-banan aztertuz alderdi bakoitzak programan zer aurkeztu duen, honokoak topatu ditugu:
EAJk bere hauteskundeetarako propaganda orrian zioenaren arabera, EAEko aurrekontuen bi heren gastu sozialerako erabiliko ditu. Hezkuntza eredu konpartitua eta adostua bultzatuko du, doakoa izango dena, kalitatezkoa eta unibertsala, eta Europako herrialderik aurreratuenen aitzindaria, gainera.
PSEk, berriz, hezkuntza hobea bultzatuko duela dio, eta hirueletasuna zabalduko duela. Era berean, aipatzen du hezkuntza ona eta ingelesa ezin direla ikastetxe aktiboenen edota familia dirudunen ondare izan soilik. Hirueletasuna ezarriko duela (gaztelania, euskara eta ingelesezko ikasgaiak) ikastetxe guztietan, gutxienez, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrera (10 urteko ikasleak).
Elkarrekin Podemos, bere aldetik, familia guztiek hezkuntza jaso dezaten ziurtatzeko moduez ari da.
Alderdi Popularra hezkuntzari bultzada ematekotan da, kalitatea hobetuz eta hiru hizkuntzako hezkuntzaren aldeko apustua eginez. Eredu hirueleduna ezarriko du, ikastetxea libreki hautatzeko aukera emanez.
EH Bilduren helburua, azkenik, Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzuan egongo den hezkuntza burujabea garatzea izango da: euskalduna, parte hartzailea, laikoa, herritarra eta publikoa. Hezkuntza pertsona aske, kritiko, ahaldun, solidario eta euskaldun eleaniztunak hezteko tresna gisa ulertzen du, jaiotzetik hil arte ematen den prozesu gisa, baita Euskal Herriaren biziraupen eta garapen zein egituratze sozial, politiko, ekonomiko, kultural eta linguistikorako ere.
Gehienek eleaniztasuna aipatu dute, era batera edo bestera, beren programetan. Bakoitzak egunero euskararekiko duen jarrera eta jokabidea ikusi besterik ez dago pentsatzeko denak eleaniztasunaz ari badira ere, eleaniztasun hori lantzeko egingo dituzten planteamenduak elkarrengandik oso urrun egongo direla.
Eta guri betiko mamua datorkigu gogora. Alderdi politiko horiek hezkuntzan, eta eleaniztasunaren gaian adibidez, egin beharko dituzten plangintzak eta esku hartzeak zenbateraino oinarrituko ote diren zientziak, linguistikak, soziologiak, psikologiak, didaktikak, pedagogiak eta abarrek dagoeneko ikertu eta frogatu dituzten ildoetan, eta zenbateraino interes politiko eta taktikoetan, orain arte bezala.
Ezer gutxi aurkitu dugu ebaluazioaz eta derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek hizkuntza bakoitzean lortu beharreko hizkuntza mailaz. Eta ez da izango Europako Hizkuntzen Markoak hizkuntza gaitasun bakoitzaren maila zehatz-mehatz azaltzen ez duelako, eta gaitasun maila bakoitza neurtzeko tresna zehatzak eskaintzen ez dituelako.
LOMCEren inguruan, berriz, ez dira hain argi mintzatu. EH Bilduko propagandan bakarrik ikusi dugu ez duela LOMCE aplikatuko, eta Heziberrik jaso dituen LOMCEren araberako dekretuak (lehentasunez, ebaluazioarena) bertan behera utziko dituela.
Behar bada beste alderdiek ere esango zuten zerbait LOMCEren gainean. Hala ere, haien programetan arakatu beharko genuke aipamenik aurkitzeko.
Eta hala jarrai dezakegu hezkuntzan barnebil daitekeen arlo bakoitza aztertzen. Promesak eta hitz hutsak besterik ez dira, ordea.
Politikari batez ere hezitzaile begiekin begiratzea tokatzen zaigunok, eskolan ezartzen ditugun metodologiak eta jardunbideak egokiak diren ala ez jakiteko, ebaluazioa eta behaketa erabiltzen ditugu. Nago, interesgarria eta beharrezkoa litzatekeela, zintzoa bai, behintzat, alderdi politikoek beren programak aurkezten dituztenean aurrera begirako helburuekin batera, aurreko lau urteetarako ipinita zituzten helburuen ebaluazioa eskaintzea: zer egin nahi izan zuten eta zer egin duten, alegia. Gero, nahi duenak, kalifikatuko du alderdi bakoitzaren jarduna; nahi badu, behintzat. •
