Manada
1646ko urriko goiz hotz hartan, Tuterako biztanleak Jurdana alargunaren amodioak salatzen zituzten bertsoak oraindik buruan zituztela esnatu ziren. Alargunak, bere etxetik atera zenean, bertso iraingarri horiekin osatutako abestien hitzak ikusi zituen zintzilik paper batean bere atean.
Jurdana alargun gaztea zen, 26 urte besterik ez zituen senarra galdu zuenean, eta harez geroztik bere portaeraren inguruko zurrumurruek zeharkatzen zituzten Erriberako hiriburuko kaleak: Tuterako apez batekin zebilela zioten batzuek; besteek, hiriko tabernetatik barna ikusten zutela maiz batzuekin eta besteekin hizketan, edo elizara joan baino nahiago zuela etxean gelditu. Horregatik Jurdanak Francisco zapatariak bortxatu egin zuela salatu zuenean inork ez zuen sinistu.
Auzitegiaren aurrean aurkeztu ziren testigu guztiek Jurdanaren izen txarra konfirmatzen zuten istorioak azaldu zituzten. Franciscoren lagunek, berriz, esan zuten gizon ezkondua zela, zapatari ona, lau mutiko-nesken aita eta kristau ona. Zerbait gertatu izan balitz, erruduna Jurdana zela zioten denek, gizonak tentatzea gehiegi gustatzen zitzaiolako. Hirian aspaldidanik entzuten ziren istorio horiek laster bihurtu ziren abesti.
Mutiko gaztez osatutako ikasle kuadrilla baten denbora-pasa bihurtu zen hura; mozkortu eta Jurdanaren etxeraino gerturatu, bere leihopean abestera. Juanikok gitarra hartzen zuenean besteek laster jarraitzen zioten, «ay la Jurdana, que se cabalga a cualquiera».
Orain dela lau mende emakumearen gaineko ikuspuntua guztiz ezkorra zen. Gizarte patriarkal horretan emakumeak arriskutsuak ziren gizartearen ongizatearentzat. Azken finean, garaiko pentsalariek esaten zuten bezala, emakumeak intelektualki gizonak baino gutxiago ginen. Juan Luis Vives idazlearen arabera, arrazoia biologikoa zen; emakumeak gizonaren hazia jasotzean, bere sabelean bero nahiko zuenean, gizon bat sortzen zen. Berriz, sabela hotz baldin bazegoen, emakume bat sortzen zen. Horregatik zioen berak; «por defecto de calor vivo la mujer es más imbécil por naturaleza, más miedosa y caduca, por lo que ha de ocuparse en el cuidado de pequeños negocios». Emakumeak arriskutsuak ziren euren pasioak kontrolatzeko tontoegiak zirelako. Hau da, Jaungoikoak gizonei pentsatzeko gaitasuna eman zien, eta horri esker euren pasioak kontrolatzeko gai ziren. Baina emakumeok, tontoagoak izanda, ezin genituen gure pasioak kontrolatu eta horregatik ezinbestekoa zen gizon baten mende egotea; hasiera batean aitaren mende eta senarraren mende, ondoren.
Gizonen bekatuen errudunak gu ginen, tentagarriak izateagatik, gure sexualitatearen kontrol ezak gizonak erakartzen zituelako. Bortxatzailea biktima zen, gu berriz, errudun. Ez da harritzekoa, beraz, Jurdana errudun bezala agertzea bere bizilagunen aurrean, bortxatua izan ondoren inork ez zion sinistu eta Aro Modernoko Wathsappa ziren koplek iraina zabaldu zuten.
Baina gu ez gara XVII. mendean bizi, ezta?
Gure gaur egungo gizarte honetan, berriz, ezin dezakegu horrelakorik imajinatu, ezta? Imajinatu ezina litzateke bortxatua izan den emakume batek bere portaeren inguruko azalpenak eman behar izatea, noski! Edo komunikabideetan bortxatzaileen lagunak agertzea esanez ze mutiko jatorrak diren edo, edozein kasutan, neska horren biktimak besterik ez direla.
Gutariko edonork gure Wathsappeko talde batean bortxatuta izaten ari den neska baten irudiak jasoko bagenitu –nahiz eta bideoaren protagonistak gure kuadrillako batzuk izan– korrika batean joanen ginateke ikusitakoa salatzera, ezta?
Ez ditugu inolaz ere txantxa matxistak onartzen edo bortxaketak justifikatzen dituzten portaerak onartzen, noski ezetz!
Euskal Herriko futbol talde bateko bi jokalari neska batekin harreman sexualak mantentzen agertzen den bideoa ez du gutariko inork konpartitu. Are gutxiago, biztanle gehien dituen gure hiriko futbol taldeko kide batzuek neska bat bortxatu zutela entzunez gero, ez genuke inolaz ere gizon horien portaera justifikatuko, ez genuke esango neska hori fama bila zebilela eta kirolariak biktimak direla, ezta? Ziur, sozialki zigortuko genituzkeela eta Munduko Futbol Txapelketa batean parte hartzeko deialditik baztertuko zituztela. Umeentzako ez lirateke eredugarriak izanen, gure gizartean ez behintzat!
Ez genuke eztabaidatu ere egingo bortxaketaren biktimak zeraman arroparen inguruan, edanda zegoen edo ez, erasotzailea aurretik ezagutzen zuen edo ez, eta abar, eta abar, eta abar, ezta? Txantxarik ez gai horien inguruan, ez garela XVII. mendean bizi!!
Ez noski. Gure gizartea Tuterako 1646. urteko biztanleen pentsaeratik oso aldenduta dago, eskerrak. •
