Budour Hassan

«SIRIAKO IRAULTZAK NOLA ALDATU NAUEN»

Budour Hassan palestinar ekintzaileak honako testu hau idatzi zuen maiatzean. Nazioarteko eragile askoren «elkartasun selektiboa» salatzen du, bere buruaren autokritika egiteaz gain, Siriako gatazkaren inguruko kontuetan hasiera batean inozoegia izan zelakoan.

Mundu osoa Palestinaren inguruan bueltaka dabil. Hori pentsatzen nuen behintzat 2011 arte. Palestinarron kausa, orduan argudiatzen nuenez, pertsona batek askatasunarekiko eta justiziarekiko duen konpromisoa erabakitzeko azken froga zen. Palestina zen edozein arabiar iraultza gidatu behar zuen iparrorratza. Erregimen bat ona ala txarra zen esateko, palestinar kausarekiko bere jarrerari erreparatu behar zitzaion. Gertaera guztiak ikusi behar ziren betaurreko palestinarren bitartez. Arabiarrek huts egin ziguten, eta palestinarrok mundu osoa inspiratzen genuen geure erresistentziarekin.

Bai, neure buruari internazionalista esaten nion. Esaten nuen ideal unibertsal eta humanistak babesten nituela. Behin eta berriz esaten nuen mugak hautsi beharra zegoela eta iraultza sozialista egin beharra zegoela. Baina orduan Siria iritsi zen. Eta nire zurikeria eta ideal horien hauskortasuna agerian geratu ziren.

Siriako Daraa hiriko herritarrei entzun nienean lehen aldiz erregimenari erreformak eskatzen, 2011ko martxoaren 18an, gauza bat besterik ez zitzaidan etorri burura: «Sirian Egipton gertatu den gauza bera gertatuz gero, Palestinarentzat hondamendia izango da».

Ez nituen izan buruan erregimenak egun hartan eraildakoak. Ezta atxilotu eta torturatuak ere. Ez nuen pentsatu erregimenak abian jarriko zuen errepresioan. Ez nituen goraipatu Daraako protestaldi ausartak, ezin ausartagoak. Ez behintzat Tunisia, Egipto, Bahrein, Yemen eta Libiako matxinaden inguruan sentitu nuen emozio eta gogo berarekin. Susmoak eta beldurra besterik ez.

Assad eroriz gero, hondamendia?

«Assad tirano bat da –esan nion neure buruari–. Baina bera erortzen bada etorriko dena hondamendia izan daiteke Palestinarentzat zein bere erresistentziarentzat». Erresistentziaren ardatz sakratu hori garrantzitsuagoa zen niretzat garai hartan ardatz horren ustezko defenditzaileak suntsitzen ari ziren siriar bizitzak baino. Nire bihotzak oso azkar egiten zuen taupada Hasan Nasrallah Hezbullahko burua telebistan ikusten nuen bakoitzean. YouTuben eskaintzen ziren bere milaka hitzaldi markatuta nituen. Negar egiten nuen erresistentzia eta bere garaipenak loriatzen zituzten abestiak entzutean.

Hasiera batean siriar manifestarien eskariekin bat egiten banuen ere, baldintzak jarrita eta errezeloz beteta egiten nuen. Ezin zitzaion elkartasuna esan nire jarrerari, erabat berekoia baitzen, eta Palestinan erabat zentratuta baitzegoen.

Egiptoko ekintzaile batek siriarrei eskatu zien Siriako banderak eramateko, erregimenaren propaganda indargabetzeko, eta nik birtxiokatu egin nuen haren txioa. Nik defenditzen nituen ideal unibertsal berberak babestera irten ziren kalera siriarrak, baina ni haien borroka nire prisma palestinar estutik kanpo ikusteko gauza ez nintzen. Internazionalista nintzela esaten nuen, baina palestinarron kezkei lehentasuna ematen nien, siriar biktimei eman beharrean. Inolako lotsarik gabe, “Sufrimenduaren Olinpiar Jokoetan” esku hartu nuen eta mindu egiten ninduen siriarren sufrimenduak egunkarietan geureak baino orrialde gehiago hartzen zituela ikusteak. Inozoegia nintzen siriar eta palestinarron esperientzia izugarriak oin-ohar hutsak baino ez zirela konturatzeko. Eta bihotza hausten zidaten berriok errutina bihurtuko zirela ohartzeko. Eta handik hilabete batzuetara berriok grazia galdu eta kontsumitzeko produktu ere ez zirela izango onartzeko. Zapalkuntza era guztiak arbuiatzen nituela esaten nuen, milizia sektario bateko buruzagiak Siriari buruz zerbait esan eta Palestinari buruz era sutsuan hitz egitea espero nuen bitartean.

Neure printzipioei uko egiteagatik erruztatuen aulkian eseri ninduen Siriako Iraultzak. Hala ere, ni zigortu beharrean, neure bizitzako leziorik handiena eman zidan: graziaz eta duintasunez emandako ikasbidea.

Beldurrari aurre eginez, masa-politika

Lezio hura kalean maitasunez abestu eta dantza egiten zuten gizon eta emakumeek eman zidaten, sormen handiz burdinazko eskumuturrari aurre egin zioten haiek, atzera egiteari uko eginez, nahiz eta segurtasun indarrak ondoan izan. Gizon eta emakume haiek hiletetako prozesioak askatasunaren aldeko ibilaldi oparo bihurtzen zituzten. Erregimenaren zentsura gainditzeko modu berriak asmatzen zituzten. Egundoko beldurraren erdian masa-politika bultzatu zuten manifestariok, sekten zirikaden aurrean batasunari abestu zioten siriarrok. Gainera, Palestinaren izena errepikatzen zuten, eta geure bandera zabaltzen, kalean egindako protestaldietan, Egiptoko blogari super-izar batek zer egin behar zuten esan ez arren.

Pixkanaka gauzatutako prozesu bat izan zen. Nire aurreiritziak irentsi behar izan nituen: iraultzak nolakoa izan behar zuen eta zer egin behar genuen ustez palestinarron aldekoa zen erregimen baten aurkako mugimendu baten aurrean. Hezbullahk zeraman erresistentziaren mozorroaren azpian ezkutatuta zegoen aurpegi izugarrira ez begiratzen saiatu nintzen, etsi-etsian. Baina Iraultzak mozorro hura zuzenean kendu zion. Ez zen izan kendutako mozorro bakarra, gero beste askori gauza bera gertatuko zitzaien-eta. Eta orduan, sasiezkertiarren eta bere burua askatasunaren borrokalaritzat zutenen benetako aurpegiak agerian geratu ziren: denbora askoan ezkutuan geratutako siriar ahotsak orduan agertu ziren.

Nola da posible inspiratuta ez sentitzea bere ahotsa berriz ere aurkitu duen herri baten aurrean? Nola abesti tradizionalak eta futboleko kantak iraultzarako tresna bihurtu dituzten herritarren aurrean? Nola ez zara liluratuta geratuko tankeen aurrean egindako manifestazio koreografiatuen aurrean?

Erregimenak esaten duena baino askoz ere anitzagoa eta aberatsagoa da siriar geografia. Errelato ofiziala hankaz gora joan zen bazterrean zeuden siriarrek beren kontakizunak berreraiki zituztenean. Siriako ortzadarrak erregimenak onartutako koloreak baino gehiago zituen. Herritarrek beren ahotsa entzunarazteko aukera izan zuten futbol estadioetatik kanpo ere, plazetan zein kaleetan beren garaipen abestiarekin Hafez al-Assad «betiereko buruzagia» madarikatzeko. 2011 arte Hafez al-Assaden izena beldurrez baino ezin bazen xuxurlatu, azkenean jendeak bera eta bere semea madarikatzeko aukera zuen, dinastia horren nagusitasunaren, fisikoaren zein sinbolikoaren, oinarriak astintzeko.

Zer da posible?

Nik ezin nuen neutral jarraitu siriarrek posible dena eta ez dena berriz definitzen zuten eta boteretsuen mugak mugitzen zituzten bitartean, zoritxarreko itxaropena nagusi izan zen lehen hilabete haietan. Inpartzialtasunari eustea, ez al zen nik maite nuen guztiaren aurka egitea? Nola irakurri Palestinan eserita daudenei Howard Zinnen esaldi ezaguna, “Ezin duzu neutral izan mugitzen ari den tren batean”, neronek Siriarekin gauza bera egiten nuenean? Siriako Iraultzak nire inguruan zegoen hesia hankaz gora bota zuen. Sirian ikusi nuen mobilizazio erraldoiari esker neure ahotsa aurkitu nuen berriz. Siriako protestaldien bideoak entzuten nituen, kantikak buruz ikasten nituen eta palestinarron protestaldietan errepikatzen nituen. Siriarrek ez zutela beldurrik gogoratzean nire ahotsak indarra hartzen zuen eta neure beldur propioa izutzen laguntzen zidan.

Inork ez du aukeratzen non jaio, baino ez daukazu oin-bilur horrek ezarritako mugak onartu beharrik. Nire siriar nortasuna, Siriako Iraultzako zati izatea, ez zidan inork inposatu. Nik hartutako erabakia izan zen. Ez naiz sekula Sirian izan. 2013 arte ez nuen siriarrik ezagutu, israeldarrek okupatutako Golangoak ez baziren. Munduarekin harremanetan egoteko bide nagusia sare sozialak eta Skype dira guretzat. Hala ere, siriar sentitzen naiz eta bat egiten dut beren borrokarekin. Ezinbestekoa da.

2011 arte, elkartasun internazionalistari eta mugak apurtzeari buruzko nire hitzak erretorika hutsa ziren. Siriako matxinadari esker, azkenean ulertu nuen benetan zer den elkartasuna. Beti nahi nuen jendeak Palestinarekin bat egitea, inolako baldintzarik ezarri gabe, sermoirik eta leziorik eman gabe. Siriako matxinada lehertu zenean, besaulkian eserita egonik palestinarroi Jasminen Iraultza (Tunisiako iraultzari hasiera batean emandako izena) egiteko eskatzen ziguten sermolari horiek egiten duten gauza berbera egin nuen. Galdetzen ziguten ea nor zen gure Gandhi berria eta nor ote zen gure Martin Luther King. Iraultzak aurrera egin ahala, baina, azkenean ulertu nuen behetik sortutako elkartasunaren benetako esanahia, baldintzarik ez duen baina aldi berean kritiko den elkartasuna. Omar Aziz martiria bezalako pertsonak ikusi nituen, auzo kontserbadore eta tradizionalenetan autogobernu horizontala abian jartzen. Eta ikasi egin nuen eredu horretatik.

Herri elkartasunaren esanahia ikasi nuen. Daraako errefuxiatu eremuan bizi ziren palestinarrengandik ikasi nuen palestinarrak eta siriarrak bat egiteko gauza izan zirela: beren bizitzak arriskuan ipini zituzten botikak eta ogiak eremura sartu ahal izateko, erregimenak ezarritako blokeoa hausteko. Ez zen ekimen humanitario hutsa izan, manifestu politiko bat baizik. Hor sortu zen nortasun berri bat, iraultzaile palestinar-siriarrena.

Khaled Bakrawi Yarmukeko errefuxiatu palestinarra eta Zaradasht Wanly Damaskoko siriar gaztea Israelgo indar okupatzaileek zauritu zituzten 2011n, Golanen egindako itzulera ibilaldietan. Gero siriar erregimenak hilko zituen: Khaled torturatuta eta Zaradasht buruan tiro eginda.

Siriarrek Gazaren aldeko elkartasun manifestazioak egin zituzten, erregimenaren aire erasoek suntsitutako etxeen hondakinen artean. Siriako Gaztedi Iraultzaileak palestinarren aurkako garbiketa etnikoaren kontrako propaganda plazaratu zuen, nahiz eta kide gehienak ezkutatuta, espetxean edo erbestean zeuden. Edo hilobian. Horixe da zapalduen arteko elkartasuna, siriarrek hitzetatik praktikara eraman zutena. Nola ez miretsi?

2000. urteko urriko Bigarren Intifadak bere herrixka utzi eta hirira joan zen 11 urteko neska baten nortasuna eta kontzientzia politikoa margotu bazituen, 2011ko martxoko Siriako Iraultzaren lehen olatuak ordurako konfiantzaz Jerusalemen bizi zen emakume gaztea berriz jaiotzea eragin zuen.

Jerusalem da nire hiria, nik aukeratutakoa. Jerusalem ezin zuten askatu nire jendea, siriarrak, zapaltzen zituztenek. Jerusalemeko espiritua ezin dute bahitu hiriaren izena daraman erietxea bonbardatzen duten horiek [Alepon aurtengo apirilean suntsitu zuten Al Quds ospitalearengatik ari da].

Nire nortasunaren bi aldeak, siriarra eta palestinarra, berradiskidetzeko borroka eragin beharrean, siriarren matxinadak Palestina askatzeko borrokarekiko neure konpromisoa indartu zuen: lurra okupatzaileen eskuetatik askatu, eta, kausa, diktadoreen eta beraiekin bat egiten dutenen atzaparretatik. Siriako erregimenari babesa ematen zieten garai bateko adiskideak galdu banituen ere, bizitza osorako izaten diren lagun horietakoak egin nituen, nire mundua berotasunez eta indarrez bete duten lagunak.

Horrenbeste zor diot Siriako Iraultzari! Ez naiz ez berezia ez garrantzitsua. Ez dut inoren izenean hitz egin nahi. Are gutxiago, palestinar herriaren izenean. Hala ere, pertsonalki, barkatzeko eskatu behar diot siriar herriari. Inoiz ez nuen zalantzarik egin behar bere kausarekin bat egin ala ez erabakitzeko garaian. Inoiz ez nien garrantzia gehiago eman behar kezka soziopolitikoei siriarren bizitzei baino. Eta erresistentziaren ardatzaren inguruko propagandak hain era inozoan ni nahastea ez nuen inoiz onartu behar. Nire kausaren izenean hamarkada askotan zapaldutako, isilarazitako eta iraindutako pertsonei barkatzeko eskatu behar diet. Barkatzeko eskatu behar diot herri horri, “Palestinarekin” zuen harreman nagusia izen hori zeraman ziegan izaten zuelako [Assaden segurtasun indarren egoitzetako bati “Palestinako egoitza” esaten zitzaion]. Barkatzeko eskatu behar diot hain mantsoa izateagatik iseken biktima izan zen herriari, matxinada abian jarri zuenean, bakar-bakarrik utzi zutenari.

Barkatzeko eskatu behar diot bere buruaren aurkako sarraskia egin izana leporatu dioten herriari, palestinarroi gertatu izan zaigun moduan; ustez herri hori ordezkatzen zuen oposizioak traizio egin zien herritarrei, geure kasuan gertatu moduan. Barkatzeko eskatu behar diot Assaden erregimenari zein islamistei alternatiba eskaintzeko zinikoki exijitzen zaion herriari, bere aurkako misilak eta bonbak lehartzen diren bitartean. Alternatiba non dagoen galdetzen duten horiek ahaztu egiten dute irtenbide aurrerakoi bat eskaintzeko prest zeuden siriarrak espetxean, erailda edo erbestean daudela, erregimenaren jardueraren eraginez.