Eltziegoko ardogintza, ARQUE sozietatearen irudian

Errioxako ardoari buruzko agiririk zaharrena 873. urtekoa da, mahats laborantza erromatarren eskutik iritsi zen arren. 1926an, Errioxako Ardoaren Kontseilu Arautzailea sortu zuten, ekoizpen esparrua mugarritu eta «Errioxa» izenaren erabilera kontrolatzeko, baina 1970 arte ez zen Jatorri Izenaren eta Kontseiluaren Araudia onartu, upeltegiak modernizatu eta berriak ezarri zirenean. XIX. mendearen hasieran, ardo ekoizpenaren tamainari dagokionez, Arabako Errioxako herririk garrantzitsuena Eltziego zen. Mende bukaeran bi milioi litro ekoizten zituen. Gaur egun Eltziegon 275 mahasgintza ustiategi daude, ia 1.400 hektarea. Irudian, Eltziegoko mahats deskargatzea ageri da, 1970eko urrian. Federico Arocena eta Gregorio Querejazu argazkilariek osatutako ARQUE sozietatearen argazkia da. 1955etik jardun zuten, 1975ean Gasteizko San Prudentzio kalean zuten estudioa itxi zuten arte.
