«Erreak»
Orain egun batzuk egin zuen publiko Mikel Salegiren familiak Donostiako Udalari egindako eskari zehatza: euren datuak “bake eta bizikidetza” programen barruko ekimen orotatik kanpo uztea, udal horrek izandako jarrerarekin gogaituta, haserre, etsita.
Aldi baterako haserrealdia dela usteko dute batzuek, beroan botatako purrustada. Ba hara, ez. Mikel Salegi gazteak 21 urte zituen Guardia Zibilak ezkutuan jarritako kontrol batean 18 tiroz erail zutenean. Hemerotekan begiratuz gero, «kontrol batean hildako gaztea» irakurriko dugu. Hara, euskal gazteak ez dira tiroengatik odolusten polizien begiraden aurrean, poliziok ezer egiten ez duten bitartean. Badirudi kontrola ikusi eta hil egiten direla.
Ez da purrustada, “erreak” daudela baizik. “Erreak”, familiak bultzatutako ekimenetan udal ordezkaritza falta izan delako. Instituzioen babesa ez delako inoiz egon. Euren pazientzia agortu zen nazioartean aitortzen den justizia trantsizionalean oinarritutako memoria ekimena antolatu zutenean. Trantsiziozko justizia horretan, “hiru erreak” deitzen diren neurriak dira ezagunak: errekonozimendua, erreparazioa, berriro gertatuko ez den bermea. Ezinezkoa izan zen babes hori eta familiak azkenean beste herri bat aukeratu zuen euren jardunaldi xumerako, nahiz eta Salegi Donostiako auzo batean jarritako kontrol batean erail zuten.
Donostiako Udala ez da gai honetan jarrera epelegia izan duen bakarra. Izan ere, gaia korapilatsua izan daiteke eta erabateko irmotasuna behar da, bai bederen benetan zerbait aurreratu nahi bada. Madril Lakuak onartutako “polizia gehiegikerien biktimen” (noiz utziko dira alde batera eufemismoak alde bateko biktimei buruz hitz egitean? Nahikoa da!) proiektua atzera bota nahian dabil. Ez da proiektu hoberena, baina bazen hasteko modu bat. Hori bai, nahikoa mingarria izan da urte luzez gaiaren inguruan egondako isiltasuna, behinean aurrekontuetatik partida aitortu, politikarien aldetik errekonozimendu eta memoriaz hitz egiten hastean… hainbat eta hainbat lagun ahaztuta gelditzeko berriro ere. Izen-abizenak dituzten hainbat.
Estatu biolentziaren biktimek jarrera eraikitzaile izugarria azaldu dute beti. Ez dituzte sekula euren drama pertsonalak (eta benetako dramei buruz ari gara) aldeen arteko elkarrizketen gainetik jarri, ez dute gatazka konpontzeko bidean inolako oztoporik suposatu nahi izan. Ez dute erantzule penal edo politikoen izenik exijitu eta jakin badakite kartzelak ziurtatzen ez duen inpunitatearen aurka bestelako neurriak beharrezkoak direla. Berriro ez gertatzearen alde agertu dira. Errekonozimendu bat. “Erreak”.
Hor dugu Naparraren familia, euren senidearen gorpua eskatzen aitaren ondoan lurperatu ahal izateko. Salegiren familia, euren bidea segitzeko prest baina erabiliak ez izateko eskatuz. Badaude biktimak, biktima elkarteak (gogoratu Egiari Zor Fundazioa, zienen sortze aktan azaltzen diren hemen aipatzen ditudan “erreak”), ekarpen eraikitzailea egitearen alde. Ez da kasu bakarra: Kolonbia egunkarietako lehen orrialdeetan izan da orain gutxi, Habanako Akordioentzako babesa bilatzen zen erreferendumean ezetza gailendu zenean. Ezetzak ezetz, akordio horietan agertzen ziren trantsiziozko justiziaren elementuen alde azaldu dira 500 biktima elkartetik gora. Jakin badakite zuzenbide penalak ez dituela arazook konpontzen. Errekonozimendua, hori gabe erreparazioa ezinezkoa delako. Eta batez ere, ziur egon nahi dute eurek pairatutakoa ez duela beste inork sufritu behar izango. “Erreta” egoteko arrazoi ugari baina laguntzeko prest.
“Erreak”. Serio ari bagara, benetako errelatoa osatzera bagoaz, berebizikoak. •

2025eko telesailik onenak

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian
Noiz hasi ote zen dena?
