Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Zuloak Valtierrako memorian

Gure ama kobazulo batean jaio zen», dio Ruben Mendik. «Eta 1965 arte han bizi izan zen familia guztia». Valtierrako kobazuloak ostatu txukunak dira orain, ederrak, xarmantak, turistak erakartzen dituztenak. Baina istorio latza gordetzen dute, eta hori beti gogoan dauka Mendik, Casas Cueva Bardeneras enpresako zuzendariak. Bizirauteko erremedio gisa sortu ziren kobazuloak, Nafarroako familia haiek ez zutelako dirurik etxe bat erosteko, «adreilu bakar bat ere erosteko».

Zortzi koba erakusten ditu, egun apartamentu dotore bihurtutakoak: porlanezko zorua, horma pintatu eta hezetasunik gabekoak, ohe eta altzari modernoak, komuna, egongela, sukaldea, telebista. Orain dirua ordaindu behar da, dirurik gabekoek bizitzen zituzten esperientzien zantzu bat izateko. Mendik oso presente dauka iragana. Eta nahi duenari, apartamentu hauek nola egin zituzten azaltzen dio.

«Gizona 17 edo 18 urterekin hasten zen mendia zulatzen, pikatxoiarekin eta palarekin, gutxienez sukaldea eta logela zabaldu arte ezin zuelako ezkondu eta emaztea ekarri. Gero, umeak izaten zituzten heinean, koba pixkanaka handitzen joaten ziren. Nekazari pobreak ziren, egun osoa lanean ematen zuten soroetan, eta gauez beste ordu bat edo bi pasatzen zituzten dinbi-danba, kobazuloa zabaltzen».

Harpeetan bizitzeko ohitura oso aspaldikoa da Nafarroako Erriberan, baina XIX. mendeko etorkinek halako boom bat piztu zuten: «Goseari aurre egiteko, Bardea laboratzea erabaki zuten garai hartan», azaltzen du Mendik. «Ez zen halakorik sekula egin, eskualde hau beti izan zelako artaldeentzako eremua, eta artzainak kontra azaldu ziren, noski. Baina familia bakoitzari berrogeita hamar hektarea lantzeko baimena eman zioten eta horrek kanpoko jende asko erakarri zuen. Non jarri behar zuten bizitzen, inolako baliabiderik gabe? Mendia zulatzen hasi ziren orduan».

Miseria gorrian bizi ziren Valtierrako laborari haiek: «Nire lagun batek iltzatuta dauka oroitzapen bat, gerraosteko errazionamenduaren garaikoa: bere amak ogi puska ziztrin bat bost zatitan banatu zuen, guraso eta hiru seme-alabentzat. Bere puska zapi batean gorde eta lanera abiatu zen aita. Patroiak mokaduren bat emango zien jornalariei; kontua da, gauez etxera itzuli zenean, aitak oraindik ere ogi puska gainean zeukala. Afaltzeko arrautza bakarra zegoen bostentzat, eta lagunak gogoratzen du aitak zapitik ogi puska atera eta anai-arreben artean nola banatu zuen, gorringoan busti zezaten. Gizona afaldu gabe oheratu zen».

Agintariek ez zuten neurririk hartu, harik eta atzerrian bizimodu honen berri eman zuten arte: egunkari frantses bat izan omen zen, 1960ko hamarkadan, Caparrosoko harpe bateko familiaren argazkia atera eta «Espainian horrela bizi dira» idatzi zuena. Orduan sentitu omen zuten lotsa agintariek. Francoren Etxebizitza Patronatuak ehunka etxe merke egin zituen presaka, besteak beste kobazuloetan bizi zirenentzat. «Etxeetara aldatzean, izugarri estimatu zuten argindarra, ura eta komuna», kontatzen du Mendik. «Eta inguruko kobazulo guztiak dinamitatu zituzten, Valtierrako hauek eta besteren bat izan ezik».

Iraun zuten kobak ere, ia ezkutuan gelditu ziren: ukuilu edo biltegi moduan erabili zituzten herritarrek, 1980ko hamarkadara arte. Orduan, pixkanaka, kobazuloak txukuntzen hasi ziren. Bisitarientzako prestatzen. Erakarpen turistiko dira orain, iraganeko premia gorriak sortutako zuloak. •

www.anderiza.com