Juantxo EGAÑA

Zementua Itziartik Arroara airez garraiatzeko lanak

Arroako (Gipuzkoa) ABC enpresak –izenak Alberdi, Bau eta Caso hiru bazkideen inizialak biltzen ditu–, Portland zementua saltzen zuen, Arroa markarekin. Zementu mota hori ekoizteko, 1939an Itziarko Usabiarta harrobia ustiatzen hasi ziren. 1941ean, harrobiko materiala lantegira errazago garraiatzeko, aireko tranbia bat eraikitzeari ekin zioten, 3.780 metroko distantzia ibiltzeko, eta 1945ean inauguratu zuten. Zenbait langile ageri diren argazkia Enrique Calderon De la Cruz injineru eta argazkizaleak egin zuen 1941ean. Valentzian jaioa, gaztetatik etorri zen Donostiara bizitzera. Parte hartzen zuen obra guztien argazkiak egiten zituen. Irudiak egiteko, mota guztietako kamerak baliatu zituen, formatu handikoetatik estereoskopikoetara, guztiak ere Ingalaterran fabrikatuak.