Ekialdeko Plan Orokorra


Robert Jan van Pelt arkitektura-historialari ezaguna Donostian dago egunotan, eta, datorren astelehenean, azaroak 14, hitzaldi ireki interesgarri bat emango du Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Eskolan. Ontarioko University of Waterloo unibertsitateko irakasle eta Holokaustoan adituak Bigarren Mundu Gerran naziek planifikatutako “Generalplan Ost” (Ekialdeko Plan Orokorra) delakoa xehatuko du bertan. Aurten 75 urte bete baitira “Planung und Aufbau im Osten” (Plangintza eta berreraikuntza ekialdean) Berlingo hirigintza-erakusketatik, zeinetan Heinrich Himmlerrek eta Konrad Meyerrek Polonia kolonizatzeko eta berregituratzeko plan hura publikoki jakitera eman zuten, haien estrategia urbanistiko-arkitektonikoa zenbait plano eta maketen bidez azalduz.
Hitlerren ideiei jarraikiz, Himmler SSetako buruak eta Meyer agronomoak, zenbait aditu esanguratsuren laguntzarekin batera (Walter Christaller geografo entzutetsua, haien artean), Poloniaren germanizazio goitik beherakoa planifikatu zuten, eta, helburu horretan, lurralde-antolakuntzak, hirigintzak, paisajismoak eta are arkitekturak paper esanguratsua eduki behar omen zuten. Teknikotzat aurkeztu ohi zaizkigun jakintzak, nazien ideologia suntsitzailearen esanetara. Nahitaezko deportazio masiboen bidez ordezkapen etnikoa egitearekin batera (ehunka mila poloniar edo/eta judutar kanporatu jatorri germaniarreko biztanle berriei leku egiteko), «irabazitako» lurraldea nolabait egituratu eta moldatu beharra zegoen, ikuspegi are estetikoetatik ere, guztiz alemaniarrak izan zitezen.
Zeregin horretan, lehen sektoreko laborantza-mundua izan behar zen gakoetako bat. Baserritarren nekazaritza finkamendua jo baitzen lurralde berria kolonizatzeko tresnarik egokiena, historiako beste zenbait kasutan bezala (Erromatar Erresumako zenturiazio-sistema, Sobietar Batasuneko kolkhoz eta sovkhoz etxaldeak, Espainiako “Instituto Nacional de Colonización” frankistaren gerraosteko herrixkak…). Ekialdeko Plan Orokorraren laborategi gisa planifikatutako Wartheland eskualdean, adibidez, poloniarrei indarrez desjabetutako landetxeak arkitektura-estilo germaniarreko baserriz apaindu behar zituzten kolonoek. Landetxe horiek 300 eta 400 biztanleko multzo urbanistiko distantziakideak osatu behar zituzten, gizarte kohesioa sustatzeko, ekipamenduz hornitutako zentro baten inguruan, non, besteak beste, Gaztedi Hitleriarren Etxea kokatuko zen. Eskala ezberdineko xehetasunak, landaredia barne, kultura-paisaia nazionalsozialista ekialdera gero eta gehiago hedatzeko.
Eragiten duen erabateko arbuio eta nazka nagusi izanda, txundidurarako lekua ere uzten du Ekialdeko Plan Orokorraren xehetasunetan murgiltzeak. Haren osaeran modu krudel batean elkartu zirelako botere-gehiegikeria eta ezagutza. Argi baitago idazmahaietatik ere egituratu zela Holokaustoa. Hain zuzen, hurrengoa esango zuen, bere alferreko defentsan, Adolf Eichmann Holokaustoaren antolatzaile nagusietakoak: «Idazmahaian eseri, eta neure lana baino ez nuen egin». •

2025eko telesailik onenak

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian
Noiz hasi ote zen dena?
