«Principle of consent»
Ez dakit ingeleseko principle of consent nola adieraz dezakegun hoberen euskaraz, nik neuk “onarpen printzipioa” esango diot, jakinik ez dela ziurrenik itzulpen egokiena. Onarpen printzipioa Irlandako bake akordioetako oinarri nagusietako bat da. Printzipio horren arabera, eta Irlandako testuinguruan betiere, zilegitasun berdina dute Irlandaren batasunaren zein Irlandako iparraldea Erresuma Batuaren barruan jarraitzearen aldeko aldarrikapenek. Egungo errealitate politiko eta instituzionaletik abiaturik erabakitzeko eskubidea onartzen zaizkio bai Irlandako hegoaldeari bai iparraldeari, bi subjektu diferente bezala, eta, ondorioz, irlaren batasuna erdiesteko beharrezkoa da horren alde gehiengo bat ager dadin batean zein bestean.
Hori horrela, batasuna eskuratzeko bidea, teorian behintzat, nahiko argia da, eta Sinn Feinek ederki marraztu du: Irlanda eraikitzeko dinamikak bultzatu, eta, aldi berean, lurralde bakoitzean batasunaren aldeko gehiengoak eraiki. Horretarako lurralde bakoitzak bide, dinamika eta erritmo propioak behar ditu, eta, batasunaren aldeko gehiengoak lortzeko, batasunaren aldeko beharra ere sentitu behar du jendarteak.
Antzeko bidea darama Herrialde Katalanetako prozesuak ere, lau lurralde erritmo eta bide propioekin eta helburu bakarrarekin. Irlandaren kasuan Ostiral Santuko akordioak izaera formal eta legala aitortu zion onarpen printzipioari. Herrialde Katalanetako kasuan, berriz, herriak, eta, hala, bertako prozesu askatzailea da onarpen printzipioari zilegitasuna eta arrazoia eman dizkiona. Askotan esan bezala, ez daude bi egoera berdin, eta, ondorioz, ezin dira bi prozesu berdin egon.
Munduan zehar ongizate estatu aurrerakoiak, parekidetasuna, hezkuntza sistema progresistak, kontziliazio eredu egokiak bilatzen ditugunean, maiz Europako iparraldera jotzen dugu: Norvegia, Finlandia, Islandia... Errealitatea, baina, herriotako batzuetan azken urteetako tendentziak beldurgarriak direla da. Badirudi urteetan izan duten aitzindaritza jarrera, emaitza aski onak edo gutxienez gainontzekoei baino hobeak eman dizkien jarrera, abandonatu egin dutela eta eraikitako sistema ondorio lazgarriak dakartzan neoliberalismo basatienarekin homologatzen dabiltzala. Baina bada herriotako ezaugarri bat, gaurkoan azpimarratu nahi nukeena, oinarrian hango mugimendu ezkertiarren DNAn aspaldi txertaturik dauden bost ezaugarri garrantzitsu dituena: subiranotasun nazionalaren defentsa, feminismoa, ekologia, internazionalismoa eta autodeterminazio eskubidearen onarpena. Alderdi politiko ezkertiarrek, herritar mugimenduak, sindikatuek... partekatzen dituzten bost printzipio dira.
Europa iparraldeko mugimendu askatzaileek urteak daramatzate borroka bikoitz hori lantzen, askatasun nazionala defendatzen eta askatasun soziala bultzatzen, subiranotasuna eta parekidetasuna demokraziarekin zuzenki lotzen baitute. Orain, Europan eta mundu mailan hedatzen ari diren mugimendu eta prozesu progresista ezberdin asko bide bera ibiltzen ari dira eta horrek ezker abertzalearen jaiotze tesiak eta argudioak indartu egiten ditu.
Onarpen printzipioa, askatasun nazionalaren eta sozialaren gaurkotasuna eta logika, eta subiranotasunak demokraziarekin duen lotura zuzena aipatu nahi nituen gaurkoan, eta horretarako kanpoko bi adibide hurbil erabili buruan dudana hobeto adierazi ahal izateko. Argi dago munduak dituen erronka nagusiak globalak direla; zibilizazio krisi orokorrari aurre egiteko ezkerrak planteatu behar dituen alternatibek, berriz, lokalak behar dute izan. Norberak bere eremuan eragin eta ekarpena egin, eta ekarpen horien guztien batura izan behar da ezkerraren alternatiba globala. •

2025eko telesailik onenak

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian
Noiz hasi ote zen dena?
Kontakizun feministaren botere eraldatzailea
