Ion Salgado
AUZIA EUSKARAZ

Euskara Justizia Administrazioan zabaltzen hasi da

Duela bi urte Gasteizko Gobernuak Auzia Euskaraz proiektua aurkeztu zuen. Helburua zen auziak osorik euskaraz izapidetu ahal izatea EAEko edozein epaitegitan. Eta bere fruituak ematen hasi da egitasmoa, martxan jarri zenetik hiru epai euskara hutsez eman baitira: bat Bizkaiko Auzitegi Nagusian eta beste bi Tolosako epaitegian.

Azken hamarkadetan euskararen erabilerak hazkunde nabarmena izan du Hego Euskal Herriko hainbat erakundetan, EAEko eta Nafarroako gobernuetan, foru aldundietan, udaletan… Salbuespen aipagarriena justizia arloa izan da. Bertan euskaldunen hizkuntza eskubideak etengabe zapaldu dira. Iraganean ezinezkoa zen auzi bat euskaraz izatea, eta urteak pasa izan dira dokumentuak itzuli bitarte. Egoera horri aurre egiteko, 2014ko abenduaren 2an, Euskaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak, EAEko Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak eta EAEko fiskal nagusi Juan Calparsorok Auzia Euskaraz ekimena aurkeztu zuten.

Proiektuaren webgunean azaltzen den bezala, Auzia Euskaraz ekimenaren helburua da EAEko edozein epaitegitan auzi bat hasieratik amaierara euskaraz izapidetzea, demanda bat aurkezten denetik amaieraraino urrats guztiak euskaraz egiteko aukera bermatuz, hau da, abokatu batek demanda aurkezten duenetik bulego judizialetako barne tramitazioa egin eta epaia eman arte. Helburu hori lortzeko, auziek izaten dituzten faseetan agertzen diren oztopoak gainditu behar izan dira. Izan ere, eragile askok hartzen dute parte prozesuan eta denek ez dute euskaraz hitz egiten edo ez dute ezagutza nahikorik euskaraz lan egiteko; hori ere zailtasun bihurtzen da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko garaian.

Auziak euskaraz izapidetzea lortzeko bidean aurrera egiteko, auziek izaten dituzten faseetan agertzen diren askotariko oztopoak gainditu beharra dago. Eragile askok hartzen dute parte, eta, esan bezala, denek ez dute euskaraz hitz egiten edo ez dute ezagutza nahikorik euskaraz lan egiteko. Duela bi urte prentsari zuzendutako dosierrean azaltzen zen bezala, proiektua sortu zenetik auzi judiziala bere osotasunean aztertu da eta prozesu horretan bulego judizial eta fiskaletan parte hartzen duten eragileak kontuan hartu dira, baita laguntza zerbitzuak eta epaiBI lantaldea ere. Azkenengo lantalde horretako ordezkariek izan baitira koordinatutako ekintza «eraginkor eta errealak» bultzatu behar izan dituztenak.

EpaiBI lantaldeko kideek beste lantaldeen lan erritmoak zehaztu behar dituzte. Zentzu horretan, tramitazio judizialean kolektibo ugarik hartzen dutela parte gogoratu beharra dago; bada, Auzia Euskaraz proiektuko helburuak lortzeko, tramitazioetako operadore judizial nagusiak identifikatu dira eta eragin-esparruen lantaldeak sortu dira. Proiektuari hasiera emateko bost lantalde osatu dituzte: epaile eta magistratuen lantaldea, fiskalen lantaldea, abokatu eta prokuradoreen lantaldea –profesionalen lantaldea–, epaitegietako funtzionarioen lantaldea, eta Justizia Administrazioko letraduen lantaldea. Lantaldeen arteko elkarlana eta koordinazioa sustatzeko Auzia Euskaraz Batzordea eratu da.

Lakuak azaldu bezala, Auzia Euskaraz proiektuan ekintza eraginkor eta errealak bultzatzea du helburu Auzia Euskaraz Batzordeak, EpaiBi hizkuntza normalizaziorako ordezkarien esku dagoena. Batzorde horretan, besteak beste, proiektuaren helburuak zehazten dira, lanak bultzatzen dira eta egon daitezkeen oztopoak gainditzen laguntzeko bideak definitzen dira. Halaber, Auzia Euskaraz proiektuaren arduradunek diotenez, proiektuak “hobekuntza taldeak” izeneko parte hartzeko metodologia hartzen du oinarri, non pertsonak izango diren protagonista, egile eta eragile.

Proiektuaren fruituak

Duela bi aste argitaratutako post batean, Auzia Euskaraz ekimenaren arduradunek proiektua fruituak ematen hasi dela nabarmendu zuten. «Pixkanaka-pixkanaka euskara justiziaren eremu eta jardun desberdinenetara zabaltzen ari da» azaldu zuten, eta horren lekuko diren hainbat esperientzia aipatu zituzten. Adibidez, gero eta euskaraz idatzitako demanda gehiago daude. 2015ean 29 demanda sartu ziren euskaraz, 2011n baino 25 gehiago. Eta epaitegietako itzulpen eta kontsulta terminologikoen kopuruek ere goranzko joera izan dute. Auzia Euskaraz proiektua martxan jarri zenetik eman dira epaiak euskara hutsean ere: bat Bizkaiko Auzitegi Nagusian eta bi Tolosako epaitegian, bata 2015ean eta bestea 2016ko urrian. Halaber, Donostiako Lan-arloko 4 zenbakiko epaitegiko epaileak urteak daramatza epaiak elebitan ematen. Pasa den urtean, esaterako, 70 epai eman zituen elebitan.

Halaber, Euskara Emaileekin saioak egin dira Bergaran, Gernikan eta Tolosan. «Epaitegietako euskararen normalizazioan aurrera egiteko, bertako eragile juridiko euskaldunekin elkarlanean Euskara Emaileen Komunitatea sortzeari ekin genion iaz. Zehazki, arlo prozesalean euskararen erabilera areagotzeko neurri egingarri batzuk adostu genituen hiru barruti judizial horietako funtzionario, justizia administrazioaren letradu, epaile, prokuradore eta abokatuekin», adierazi zuten arduradunek, Justizia Administrazioan euskararen erabilera arautzeko bidea duela hogei urte ireki zela gogoratu zutenek. Orduan eratu baitzen testu juridikoak euskaraz normalizatzeko Justizia Sailaren batzordea.

Sortu zenetik ona, 6.642 eredu itzuli dira, «eta ez da hori batzordearen lorpen bakarra: egindako lanak izan du aitorpenik, Euskararen Aholku Batzordeko terminologia sailak batzordea solaskidetzat hartzen baitu, zuzenbideko terminologiaren inguruko batzordearen iritzia entzunez». «Baina batzordeari bide berri bat ireki zaio Auzia Euskaraz proiektuaren eskutik. Izan ere, 2013an sorturiko ekimenaren xedea epaitegietako prozesuetako urrats guztietan euskararen erabilera ziurtatzea da. Hori lortzeko urrats egokienak zehaztearren, Justiziaren arlo guztietako eragileekin hainbat eta hainbat bilera egin ondoren, gehienetan berebiziko beharrizan bat jarri da agerian: profesionalentzat, ezinbestekoa da Estatuko lege nagusien itzulpen eguneratua eta adostua izatea esku artean», azaldu zuten.

 

Sakelako telefonoan eraman daitekeen aplikazioa

Auzia Euskaraz aplikazioa Justizia Administrazioko hizkuntza normalizaziorako lantaldeak sortutako tresna digitala da, eta justiziaren arloan euskararen erabilera sustatzea du helburu. Lakuak garatutako Auzia Euskaraz proiektuaren baitan sortu den aplikazio hau abokatutzan, prokuradoretzan eta notariotzan diharduten profesional euskaldunei zuzenduta dago bereziki, nahiz eta zuzenbidearen esparruko unibertsitate komunitatearentzat eta euskara juridikoan interesa duen edo demanda judizial bat euskaraz aurkeztu nahi duen edonorentzat ere baliagarria den.

Gasteizko Gobernuak ohar batean azaldu zuenez, Auzia Euskaraz aplikazioak bi xede nagusi ditu: arlo juridikoko eragile euskaldunen komunitatea sendotzea eta hizkuntza juridikoko baliabideak eskaintzea gailu mugikorretik klik bakarrean. Berez, euskara juridikoaren datu-baserik handienetakoa da, eta 400.000 itzulpen baino gehiago daude erabilgarri. Bi helburu nagusi horiek betetzeaz gain, Lakuak beste helburu hauek ere bete nahi ditu: komunitate juridiko euskaldunera kide berriak erakartzea; profesionalek euskara erabiltzea sustatzea; euskararen kalitatea ziurtatzea, hizkuntza juridikoarekin zerikusia duten zalantzak argituz; hizkuntza normalizaziorako lantaldearen zerbitzua hobetzea; eta erabiltzaileen esku jartzea Justizia Administrazioko hizkuntza normalizaziorako lantaldeak garatutako tresnak.