Iñaki Altuna

«Guardia Zibila gorrotoa eragiteko makina bat da»

Guardia Zibila Euskal Herrian. Beste ezerk adierazten al du hobeto «euskal gatazkaren» muina? Euskal Herriaren ukapenaren ikur bihurtu da indar armatua, eta errepresio eta basakeria gertaera lazgarrienen protagonista izan da urteotan guztiotan. Gerra zikina, torturak, bortxaketak, kontroletan herritarrei egindako gehiegikeriak… Lasa eta Zabala, Zabalza, Lutxi Urigoitia, Gurutze Iantzi… Martxelo Otamendi edo Beatriz Etxebarria… «Hable en cristiano», «mirando al monte», «trágate esa pegatina», «putos vascos», «nos vamos a follar a la puta de tu novia»…

Hainbat komunikabide horretan saiatu arren, ezker abertzalea ez da Guardia Zibila errefusatzen duen sektore bakarra. Adierazgarria izan zen 90eko hamarkadan Joseba Egibarrek botatako honako esaldia: «Guardia Zibila gorrotoa eragiteko makina bat da». Txapelokerren kontroletako gehiegikeriak zirela-eta egin zituen adierazpenok Egibarrek. Alkate jeltzale batek ere pairatu zituen berdez jantzitakoen umiliazioak, eta hedabideen aurrean salatzea erabaki zuten.

Altsasukoa, beraz, testuinguru horretan gertatu dela ezin daiteke ahaztu. Horregatik ez da tabernako liskar soil bat izan, berez horixe baino izan ez bazen ere. Beste zerbait bihurtu dute, edozein lurralde okupatutan indar okupatzaileek erabiltzen dituzten kode eta jokabide bertsuak erabili dituztelako Guardia Zibilak, epaileak eta enparauek. Liskarra probokatzeko eta liskarraren ondoren errepresiorako eta kriminalizaziorako baliabideak martxan jartzeko. Tasiok GARAn maisuki azaldu bezala, Espainian barrena halako gertaera batek oso bestelako trataera izango luke. Hortxe koxka: beraientzat ere Euskal Herria ez dela Espainia.

Probokazioak eta kriminalizazioak izan badituelako helburu jakin batzuk. Guardia Zibilak zaintzen duen estatus politikoa pipiak jota dago. Euskal Herrian ez du atxikimendu handirik. Proiektu horren aldekoek behera egin dute nabarmen. Nafarroako erakunde nagusietan aldaketa egon da, eta EAEko azken hauteskundeetan PPk eta PSOEk babes eskasa jaso dute. Eskaintza politikorik eta kultura demokratikorik gabe, Estatuak inposizioren nagusitasuna erakustea besterik ez du.

Gainera, azken hamarkadotako gatazka gogorra gainditzeko nahia islatzen duen giroaren beldur da, giro horrek Euskal Herriaren onarpena eta erabakitzeko eskubidea barnebiltzen dituen proiektua indartzen duelako. Eta horregatik irudikatu nahi du behin eta berriz aurreko fasea, bertan ito nahi duelako eztabaida politikoa.

Eta, bide batez, etsipena ere sortu nahi du. Garaile azaldu nahi du, eta ezker abertzalean garaitua izanaren sentipena hedatu nahi du, independentziaren proiektua garatzeko baldintza politikoak eta sozialak indartu diren arren. Altsasukoaren modukoekin honako sentsazioa sortu nahi dute: lurrean zaituztegu botata, garaituak eta babesgabe, eta orain, gainera, tiro egingo dizuegu.

Horregatik da hain garrantzitsua Altsasun bertan egituratzen ari den herri erantzuna. Udal osoak, UPNko zinegotziak izan ezik, bat egin du protestarekin. Herritarrak erasota sentitzen dira. Lastima izan da batzuek hasieran emandako maila eskasa. Uxue Barkosek berriro ere kale. Aldaketak duen gabezia handiena erakunde nagusi horren lidergo faltan datzala ikusi dugu berriro.

Esanguratsua ere Espainiako ezkerrak, PSOEtik harago beharko lukeen ezkerrak, emandako erantzun penagarria. Nola ekarriko diote Estatuari benetako aldaketa eta demokratizazioa gai ez badira halakoen aurrean gutxieneko erantzun bat emateko, ez badira gai botereak eta eskuinak inposaturiko mezua kolokan jartzeko?

Estatu espainola ustelduta dago, eta ustelkeria horren beste adibide nabarmen bat zazpi gazte kartzelara eraman dituen Zigor Kodea da; hain zuzen, euskaldunok terroristatzat hartzeko baliabide gaiztoa jasoa duelako. Nazio Batuen gaitzespena ere jasoa du, terrorismoaren aitzakiapean dena kriminaliza daitekeelako.

Independentzia nahi izateko beste arrazoi bat. •