Aimar Etxeberria Korta
ESKOZIA, EREDU BILA

Iparraldea eredu, hegoaldearekin harremanetan jarraitzeko

Europarekin hariak mantentzeko eredu bila dihardu Eskoziako Gobernuak. Bada, Europa iparraldeko herrialdeei begira jartzeko agintzen dio iparrorratzak; Norvegiara, bereziki. Europar Batasunean jarraitu gabe, kontinentearekin harremanak mantentzea posible delako.

Bost nazio-estatu. Historia ezberdina duten bost herrialde; Europara modu ezberdinetan lotzen direnak, Europa modu ezberdinean ikusten dutenak: Danimarka, Finlandia, Islandia, Norvegia eta Suedia. Eta multzo berean sar daitezkeen beste hiru lurralde autonomo: Faroe uharteak, Groenlandia eta Åland. Europa iparraldera begiratu behar dugu herrialdeok begiztatzeko. Eta Europa iparraldera begira dabil Eskozia ere, herrialdearen etorkizuna gidatuko duen iparrorratzaren bila.

Brexitak zabaldutako zalantzaz beteriko aro honetan, Europari lotuta egongo den etorkizun baten bila dabil Eskozia, herrialdeko herritar gehienek iragan ekainaren 23an hautetsontzietan emaniko mandatuari jarraiki (biztanleen %62k egin zuten Europar Batasunean jarraitzearen aldeko hautua). Kontua, baina, harreman horren nolakotasuna zehaztean datza, herri independente ez izatearen handicaparekin. Hori horrela, aurrez aipatu Europa iparraldeko herrialdeek Europarekin duten harremanei erreparatuko diegu, harik eta soluziobide egokiena aurkitu arte.

Bost historia, bost ikuspegi

Danimarkako Aarthus Unibertsitatean irakasle den Mary Hilsonek dio Europa iparraldeko herrialdeak eredu direla egun, 2008ko krisi finantzarioaz geroztik batez ere: «Goratuak dira ekonomialarien artean eta erreparatu besterik ez dago gisa ezberdinetako rankingetan erdiesten dituzten emaitzei (poztasuna, hezkuntza, garapen soziala, berdintasuna...). Berretsi baino ez da egiten gure ereduaren apropostasuna». Garbi du, baina, herrialde bakoitzak historia eta nortasun propioa dituela; hala, Europarekiko harreman berezitua du herrialde bakoitzak.

1973. urtean hasten dira Danimarka eta Europaren arteko lehen integrazio prozesuak, herrialdea Europako Ekonomia Erkidegora batzen denean. Erreferendum bidez erabaki zuten danimarkarrek Europako Ekonomia Erkidegora batzea, eta eurekin eraman zituzten Faroe uharteetako eta Groenlandiako bizilagunak ere, nahiz azken horiek 1985ean utzi zuten aipatu erakundea. Europako Ekonomia Erkidegoan sartuz geroztik, baina, euroeszeptizismoaren ikurtzat du herrialdea Hilsonek, ordutik gaur arte Europarekin zerikusia izan duten zortzi erreferendumetan aurkako botoa eman dutela azpimarratuz. Sonatuenak, besteak beste, Maastricheko akordioari danimarkarrek emaniko ezezkoa edota eurora batzeari uko egin izana izan daitezke. Iragan urteko abenduan eman zion azkenengo ezezkoa Danimarkak Europari, 28en taldeak proposatutako segurtasun neurrietara gerturatzea errefusatu zuenean. Hala ere, Europako Ekonomia Erkidegoaren parte izate horrek zuzenean Europar Batasuneko kide izatera eraman zuen herrialdea.

Norvegiaren kasuan, Europako Ekonomia Erkidegoan parte hartzeko ahaleginetan jardun zuen. 1963an egin zuen aipatu erakundean sartzeko lehendabiziko eskaera, Britainia Handiarekin batera hain justu, eta 1972an eraman zuen afera erreferendumera herrialdeko orduko Gobernuak: herritarren %53,5ek errefusatu zuten aukera. Kontua, baina, ez zen hor geratu eta, 1994an, Europako Ekonomia Eremuan integratu zen. Hala, Norvegia ez da Europar Batasuneko kide egun, baina bai Europako Ekonomia Eremukoa. «Merkatu bakarreko kide bezala hitz egin dezakegu Norvegiaz, Europar Batasuneko kide izateaz baino», azaldu du Hilsonek. Alderaketa bat egitearren, baina, 2004rako Europar Batasunetik agindutako 14.086 zuzentarau zituen bere eginak herrialdeak, Batasuneko kide zen Suediak adina kasik.

Suedia eta Finlandia baitira, Danimarkarekin batera, Europa iparraldeko herrialdeen artean Batasunaren parte direnak. Historikoki, kosta egin zaie aipatu herrialdeei bloke komunitariora gerturatzea, Gerra Hotzaren garaietan batik bat eta segurtasun kontuak medio. Batasunerako integrazioa, beraz, Gerra Hotzaren amaierako testuinguruan kokatu behar da. Austria bezalako beste herrialde “neutro” batekin eman zuten urratsa, 1995ean. Gaur-gaurkoz, gainera, Finlandia da moneta bezala euroa erabiltzen duen Europa iparraldeko herrialde bakarra, Danimarka eta Suediak erreferendumean errefusatu baitzuten aukera.

Islandiak, berriz, Norvegiaren antzeko papera jokatzen du Europarekiko harremanei dagokienez. Europako Batasunetik kanpo aurkitzen da herrialdea, baina, Norvegia bezala, Europako Ekonomia Eremuko kide da. 2008ko finantza krisiaren ostean berriz mahaigaineratu da afera europarra herrialdean. Hala, Batasunean sartzeko eskaera egin zuen Islandiako Legebiltzarrak 2009an, baina atzera bota berri dute eskaera 2015ean.

Finlandia, europarrena

Finlandia da Europa iparraldeko herrialdeetatik “europarrena” Tuomas Iso-Markku Nazioarteko Kontuetarako Finlandiako Institutuko kidearen arabera, Batasuneko kidea izateaz gain euroa erabiltzen duelako. Baina ez da beti horrela izan, Sobietar Batasunaren eta Europaren artean jokatzea tokatu zaion neutraltasunaren ondorioz, batez ere. «Bi blokeen arteko oreka mantentze horretan, neutraltasunaren papera jokatu behar izan du Finlandiak urte luzez, Gerra Hotzaren amaiera arte», azaldu du Iso-Markkuk. Hala, gainerako herrialdeak baino beranduago integratu da Finlandia erakunde europarretara: 1995ean batu zen Europar Batasunera. Eskozia Brexitaren ostean irekitako aroan jokatzen ari den paperarekin alderatu du Iso-Markkuk Finlandiak Gerra Hotzaren garaian jokatutakoa, kasu honetan bloke komunitarioa uztea erabaki duen Estatuaren eta Europaren artean egiten ari den orekatze ariketari erreparatuta.

Brexitaren osteko aroari erreparatuta baina, Danimarkak Groenlandia eta Faroe uharteekin duen harremana goratu du Ulrik Pram Gad Danimarkako Aalborg Unibertsitateko irakasleak. Gogoratu du Danimarkak, erreferendumean, Europako Ekonomia Erkidegoan sartzea erabaki zuenean Groenlandiako bizilagunen gehiengoak aipatu aukeraren aurka egin zuela. Groenlandiarren erabakiaren aurka, aipatu erakundean integratzera behartuta ikusi zuen bere burua herrialdeak, harik eta 1985ean berau uztea erabaki zuen arte. Horretarako, konstituzio aldaketa bat eman zen Danimarkan, Groenlandiari bloke komunitarioarekin sokak hausteko aukera emanez.

«Erresuma Batuari erreparatuta, arrakastatzat har daiteke soilik Gales eta Ingalaterraren borondatearen ondorioz Estatua Europar Batasunetik ateratzea?», luzatu du galdera Pram Gadek. Haren esanetan, aterabide horrek sezesiorako aukera areagotu dezake Eskozian, eta gatazken itzulera eragin Irlanda iparraldean. Horregatik, deszentralizazioaren aukera mahaigaineratu du, Erresuma Batuak Estatu izaten jarrai dezan baina nazioek nolabaiteko eskumenak izan ditzaten: «Agian ez da egokiena, ezta posible ere». Baina hori gertatu ezean aurreikusten duen etorkizuna ere ez da gozoena: «Edo soluziobide praktiko bat aurkitzen da eta Eskoziari Europarekin nolabaiteko harremana mantentzen uzten zaio edo bigarren independentzia erreferendumaren bila jo beharko luke herrialdeak».

Nolabaiteko pribilegioak dituzte Faroe uharteetako bizilagunek ere, Bjort Samuelsen uharteko diputatuak azaldu duenez. Bertako bizilagun guztiek dute nazionalitate danimarkarra, baina ez alderantziz. Hala, nahi duten pasaportea aukeratzeko eskumena dute Faroe uharteetako bizilagunek: beraiena edo danimarkarra, zeinak Europar Batasuneko pasaportea izatea esan nahi duen.

Norvegia, eredu

Esan dugu Europarekin hariak mantentzeko ahaleginetan dabilela Eskozia eta, dirudienez, hautatu du jarraitu nahi duen eredua: Norvegiarena. Iragan astean aurreratu zuen albistea BBC irrati-telebista publikoak, eta Holyroodeko Legebiltzarrean ere eztabaidagai izan zen afera. Hala, Europako Ekonomia Eremuko kide izatearen aldeko apustua egingo du Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroaren Gobernuak Londresek eta Bruselak 2017ko martxoan hastekoak dituzten negoziazioetan.

Modu horretan, Eskozian bizi eta lan egiteko eskubide osoa izango lukete Europar Batasuneko herrialdeetan bizi direnek, baina erakunde europarren eta britainiarren oniritzia beharko du Holyroodek bere asmoak gauzatzeko.

Norvegia, Islandia eta Liechtensteinen bideari jarraituz, merkatu bakarrerako sarbide osoa izango luke Eskoziak, baina herrialdea behartua egongo litzateke Europar Batasuneko aurrekontuari bere ekarpena egitera eta Bruselatik datozen lege gehienak bere egitera. Bestalde, baina, eskumen osoa izango luke herrialdeak arrantza, nekazaritza edota justizia bezalako sektoreetan.

Aukera horren aurrean, Duncan Halley doktoreak honako galdera luzatu du: «Eredu hau Norvegiarentzako arrakastatsua izan bada, zergatik ez da izango arrakastatsua Eskoziarentzat ere?». Hala ere, ereduak arrakasta izango badu Eskoziako Gobernuak arduraz eta zuzen jokatu duelako izango dela gaineratu du, eta ez interes alderdikoiei men egin dielako. Datozen asteetarako espero da Sturgeonen Gobernuaren estrategiaren berri izatea, Theresa May buru duen Gobernu britainiarren asmoak oraino ezagutzen ez badira ere.