Raimundo Sarriegi, Donostiako bandaren buruan

Raimundo Sarriegi konpositore donostiarra 1838an jaio zen. Gaztetatik ibili zen konpartsetan kantari eta zenbait txarangatako kide izan zen, baita Donostian musika banda bat sortzea xede zuen elkarte filarmoniko batekoa ere, La Euterpe hain juxtu. 1861ean bere obrarik ezagunena egin zuen, “Donostiako Martxa”; 1882an, “Diana”, “Iriyarena” eta “Erretreta”, eta,1884an, “Tatiago”. Pentsaeraz liberala, 1885etik 1889ra bitartean Donostiako zinegotzia izan zen. 1913an hil zen. Hermenegildo Otero argazkilari donostiarrak 1868an egindako argazkian, Donostiako Musika Bandaren buruan ageri da Sarriegi. Argazkilari horren irudirik ezagun eta hedatuenetakoa Hernaniko udaletxekoa da, 1875ean Santiagomendiko posizio karlistetatik jaurtitako granada batek jo ondoren egina.