URDAIBAI BIRD CENTER eta ENEEK

Txoriak eskasia sasoian lagundu, sasoi oparoetan beraiek lagun gaitzaten

Rachel Carson zientzialari eta ekologista estatubatuar entzutetsuak pasa den mendeko 60ko hamarkadan alarmak piztu zituen bere “Silent spring” (Udaberri isila) liburuarekin. Bertan, nekazaritzan inolako kontrolik gabe erabilitako pozoiek ingurumenean duten eragin tamalgarria salatzen zuen, eta hori irudikatu nahi izan zuen titulutik hasita: nekazaritza kimiko-intentsiboak txoririk gabeko udaberri isil baterantz zuzentzen gaituela adierazi nahi izan zuen. Liburua kontzientzia ekologikoaren mugarri bat izan zen.

Harrezkero egoera zertxobait aldatu da, baina oraindik ere, arrazoi ezberdinak direla medio, hegazti populazioen beherakadak jarraitzen du. Txoriak, ekosistemen orekarako (eta gizakion gozamenerako!) duten balioaz gain, nekazaritzarako onuragarriak ere izan daitezke, umaldietan (udaberri-udan) intsektu kopuru oso esanguratsuak ehizatzen baitituzte, izurrien agerpena kontrolatuz. Horregatik, nekazaritza ekologikoan txori populazioen sustapena estrategia garrantzitsua da, bai ekosistemaren oreka laguntzeko, bai eta, ondorioz, izurrien kontrola errazteko ere.

Gurean badugu hegazti txikien populazioak indartu eta populazioon joerak aztertu nahi dituen ekimen kolektibo bat: Inguruko Hegaztiak proiektua. ENEEKen erroldatutako zenbait nekazari ekologikok parte hartzen dute bertan. Europa mailan oso errotua dagoen ekimena da (Erresuma Batuan, esaterako, 500.000 lagunek hartzen dute parte tankera honetako proiektu batean). Euskal Herrian, beste urtebetez, eta dagoeneko badira lau, Inguruko Hegaztiak ekimena aurrera eramaten ari da Urdaibai Bird Center. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eta ENEEK beraren parte hartzea dauka proiektuak.

ENEEK eta Urdaibai Bird Centerren artean hitzartutako akordioaren eraginez, proiektuan erabiltzen den txori-jan guztiak jatorri ekologikoa dauka eta, ahalik eta maila handienean, berton ekoitzitakoa da (Arabar Lautadan ekoitzitako ekilore haziak dira horren adibide). Ekimenaren xedea hurrengoa da: txoriek neguan ematen den intsektu eta fruitu kopuruaren murrizketari aurre egin ahal izateko, janlekuak eskuragarri jartzea. Horrek, bide batez, inguruko hegaztiak behatu eta ezagutu ahal izateko aukera ematen du, datu interesgarriak azaleratuz. Norberaren etxean janleku bat jartzea nahikoa da, eta ikusten ditugun espezieak erregistratzea horretarako propio Urdaibai Bird Centerrek prestatutako fitxa erraz batzuetan.

Ikerketa parte hartzailea

Boluntarioek inguruko hegaztiak identifikatzeko gakoak ikasten dituzte Urdaibai Bird Centerreko adituen eskutik. Era horretan, txorien problematikak ezagutu, eta habitatak kontserbatzearen garrantziaz kontzientzia hartzea lortzen da. Gainera, parte hartzaileen behaketetan jasotako informazioarekin eskala handiagoko jarraipen bat egin dezake Urdaibai Bird Centerrek, ondorio zehatzagoak ateraz.

Hegazti txikiek bereziki pairatzen dute negua, hotzarekin eta eguraldi makurrarekin batera beraien elikadura iturriak nabarmen murrizten direlako. Janlekuak jarrita, egoera latz hori zertxobait lausotzen da, eta gerora, aukera gehiago izango dituzte migrazioa zein ugalketa arrakastaz burutu ahal izateko. Are gehiago, udaberritik aurrera intsektuak berriz ere ugaritzen direnean, txori horiek beraiek gure etxe inguruan geratuko dira, baina kasu horretan zomorroak, euliak, eltxoak eta bestelakoak janez.

2015-2016 neguan hemeretzi partaidek bidali zituzten beraiek jasotako datuak. Zenbaki guztiak bateratuta, ikusi da negua aurrera joan zen heinean kopuruek gora egin zutela modu jarraituan. Urtarrilaren erdialdera, eguraldi ezegonkorra zela eta, lehen gorakada ikusgarria eman zen, 500 txori inguru erregistratuz. Hurrengo asteetan, aldiz, kopuruak behera egin zuen, prezipitazioen gutxitzeak eta tenperaturen igoerak elikagai gehiago topatzeko aukera ematen baitiete inguruko txoriei (eta, ondorioz, ez dute gure janlekuen beharrik). Otsaila hilabeterik hotzena eta hezeena izan zen, beraz, janlekuetan hegaztien kopuru maximoak erregistratu ziren; bigarren astean 600 txori, hain zuzen ere.

Ekimenari esker 27 txori espezie ezberdinen datuak jaso ahal izan dituzte Urdaibai Bird Centerren. Egoiliarrak diren hegaztiak neguan zehar nahiko egonkor mantentzen dira. Horiei batzen zaizkie negu-pasan gure inguruan dauden hegaztiak, baita udaberriko migrazioa hastearekin batera, martxoan zehar, hegoaldetik iparralderantz ugaltzera doazen taldeak ere, kopuruak asko igoz.

Pasa den neguan espezie bakoitzarentzat erregistratutako ikuskapen grafikoak, eta baita asteroko eguraldiaren gorabeherak adierazten dituztenak ere eskuragarri daude honako helbidean: ingurukohegaztiak.blogspot.com.es. Parte hartu nahi izanez gero, epea zabalik dago eta webgune horretan bertan topatuko dituzue argibide guztiak.