Urdatxeko herritarrak, zutik elizaren aurrealdean

Urdatx edo Santa Grazi Pirinioetan dago, Zuberoan, hain zuzen. Argazkiko eliza erromanikoa 630 metroko garaieran dago eta 1085ean eraiki zuten, Leireko monasterioaren aginduz. Haren ondoan erromesentzako ospitale bat ere eraiki zuten. Urdatx Donejakue bidean dago, eta udalerri berean daude Kakueta eta Ehüjarreko arroila ezagunak. Bidexketan gaindi Iratiraino iristen da, Nafarroaraino. XIX. mendearen hondarrean, Urdatx argazkilari ibiltarien ikono bilakatu zen. Eliza horri argazkiak egin zizkiotenen artean, nabarmentzekoa da Mieusement. Egile ezezaguneko irudi hau 1900ean egina da. Elizaren aurrealdeko hilerrian, herritarrak daude bilduta, guzti-guztiak zutik.
