Jose Angel Oria
TXINA

Laino toxiko baten barruan bizitzera behartuta daude 460 milioi lagun

Meteorologoen aurreikuspenen arabera, herenegun haize hotza iristekoa zen Txinako iparraldera eta bertan bizi diren ehunka milioi lagunei atseden hartzeko aukera iritsiko zitzaien. Arnasa kalean hartu ezinik egon dira egun askotan eta etxean geratuta ere adituek gomendatzen duten kutsadura maila baino handiagoa jasan behar izan dute.

Txinako populazioaren heren bat laino toxiko baten erdi-erdian zegoen 2016ko azken egunetan eta horrela hasi du 2017a ere.

Osasunarentzat ikaragarri kaltegarria izateaz gain, txinatar askok asteotan jasan behar izan duten keak ikuspen horizontala ere asko murrizten du, eta hori oso arriskutsua da autoa gidatzen ari zarenean. «Chang’an etorbidean, Tiananmen plazatik gertu, autoan nindoala gorriz zeuden bi semaforo pasa nituen gelditu gabe, ikusi ez nituelako. Negarrez hasi nahi dut, lur jota nago», jakinarazi zuen sare sozial batean Pekin hiriburuko herritar batek.

Txinako iparraldeko makina bat hiritan egoera bera edo antzekoa dute. Pekin eta Shanghairen artean dagoen Shandong probintzian 96 milioi pertsona bizi dira eta agintariek orain aste batzuk lehen aldiz alarma gorria piztu behar izan zuten lurralde osorako, kutsaduraren eraginez, arazoa larriagotzen ari dela aditzera emateko.

Bost urte gutxiago bizi

Keak bereganatutako lurralde horietan aire garbia arnastea guztiz ezinezko bihurtu da eta dagoeneko adituek badakite zer-nolako eragina duen fenomenoak herritarren bizi-itxaropenean: iparraldekoek hegoaldekoek baino 5,5 urte gutxiago bizitzeko esperantza dute, kutsaduraren eraginez, Txinako, AEBetako eta Israelgo ikerlariek egindako txosten baten arabera.

Aire-garbigailuak erabiltzen dituzte etxe askotan kutsaduraren eragina murriztu nahian. Yang Demingen etxean bi aparatu dituzte etengabe lanean. Abenduko hirugarren astean lau egun egin zituzten etxetik atera gabe Yangek eta zazpi urteko semeak (eskolak itxi egin zituzten agintariek eta aitak hiru eguneko atsedena hartzeko aukera izan zuen, baina amak lanera joan behar izan zuen). Garbigailuak lanean ari direnean ere, etxe barruko airea bera ere kutsatuegia dago, OME Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duen maila baino lau aldiz gehiago.

Kutsadura neurtzeko airean dauden partikulen kontzentrazioari erreparatzen diote adituek. Yangen etxean 90ekoa da PM2,5 partikulen kontzentrazioa (2,5 mikrometrora edo mikrara iristen ez direnak, biriketan sakonki barneratzen direnak hain txikiak izanik), hau da, OMEk markatzen duen arrisku maila (25) baina ia lau aldiz handiagoa. Baina kalean askoz ere okerrago daude gauzak, 400era iristen da-eta partikulen kontzentrazioa. Kanpoan horrenbesteko kutsadura bada, ezinezkoa da etxe barrura aire zikinik ez sartzea, zirrikitu txikienak ere nahikoa baitira horretarako.

Hebei probintzia

Pekin hiriburua gaizki badago, Txinako iparraldeko beste hiri erraldoi asko ez daude hobeto. Arazoari aurre egin nahian, auto partikularren zirkulazioa erdira murrizten dute egun txarrenetan (Madrilen, esaterako, egin izan duten moduan), kamioirik ez da ibiltzen eta eraikuntza lanak ere etenda edukitzen dituzte. Gainera, hiriburutik gertu dauden mila lantegi inguruk beren jarduera eten egiten dute.

Baina herritar eta konpainia guztiek ez dituzte agintariek eskatutako neurriak betetzen. Ingurumen Ministerioak jakinarazi duenez, enpresa batzuek ez diote jaramonik egin alerta gorriari, batez ere Hebei probintziako zentral elektrikoek eta planta kimikoek. Industria asko duen probintziako hiri batzuetan Pekingo kutsadura maila bikoiztu egiten dute.

Paul Krugman AEBetako ekonomialariak idatzi du Los Angeles eta Houston hirietan tankerako arazoa izan zutela 1970eko hamarkadan, eta geroztik askoz ere aire garbiagoa izan dutenez (garai hartan zituzten sindikatu indartsuen jarduerari esker, beste faktore batzuen artean), hiri horietako umeen sasoiak hobera egin duela. Ekonomiaren Nobel saria 2008an jaso zuen gizonak garbi dauka kutsadurak behera egin izanak eragin duela hori.

Bestelako neurriak ere hartu behar izan dituzte egungo Txinako agintariek, zirkulazio istripuak saihestu nahian, keak ikuspena murriztu izanak arriskutsuegi bihurtzen baititu errepideak. Zenbait autopista itxita eduki dituzte eta ehunka hegaldi bertan behera geratu dira.

Umore puntu batekin, honakoa zioen herritar batek Weibo sare sozialean: «Kutsaduratik ihes egiteko aukerarik ez dugu, nahita ere. Pekinen ongi etorria zara, baina, alde egin nahi baduzu, irteera ezin aurkiturik geratuko zara».

Erretzea baino hilgarriagoa

«Kutsadurak 900.000 heriotza eragingo ditu Txinan datozen hamabost urteetan», esan dute makina bat hedabidek. Datua Bihotzaren Amerikar Elkarteak eskainitakoa da. Asiako herrialde erraldoia PM2,5 partikulen kontzentrazioa itxurazko maila batera eramateko gauza izango balitz, bihotz gaixotasunekin lotutako heriotzen tasa %2,7 jaitsiko litzateke, eta %7,2 gaixotasun kardiobaskularrekin lotutakoa. Proportzio horiek kontuan hartuta, adituek kalkulatu dute 2030 bitartean 923.000 txinatar salbatuko liratekeela.

Metro kubikoko 55 mikrogramo partikula da Bihotzaren Amerikar Elkarteak aipatzen duen «itxurazko maila», hau da, Pekinen Olinpiar Jokoak 2008an egin zirenean zutena (orduan ere oso neurri zorrotzak hartu ziren kutsadura mailari eutsi nahian). Baina maila horri eusteak ezinezkoa dirudi, hiriburuko batez besteko maila 86 mikrakoa baita, eta Txina osoko hirien batez bestekoa ere gomendatutakoa baino handiagoa da: 62. «Itxurazko maila» hori OMEk gomendatzen duen mailara (metro kubikoko 10 mikrogramo) eramanez gero, ondorioak askoz ere ikusgarriagoak izango lirateke. Kasu horretan ia 6 milioi txinatarren bizitza salbatuko litzateke, herritar guztiek tabakoa erretzeari (2 milioi) utziko baliote eta hipertentsioari eusteko (3,58 milioi) gauza izango balira baino gehiago.

Herritarren haserrea

Ez da harritzekoa txinatar asko haserre egotea. Alderdi Komunistak berak onartzen du arazoa egon badagoela eta bere ingurumen politika aldatzen hasia da. Parisen 2015eko abenduan egin zen klimaren gailurrean bere jarrera erabat aldatu zuen eta edozein akordio lortzeko garaian oztopo izatetik (Kopenhagengo gailurrean gertatu moduan), kutsaduraren aurkako neurri eraginkorrak exijitzera pasa zen. Gainera, 2015ean kutsaduraren inguruko alerta sistema jarri zuten abian eta hiri nagusietan «laino kanoiak» hedatu zituzten. «Kanoi horien desfileak ez du ezertarako balio. Askok uste dugu herria lasaitzeko hartutako erabakia baino ez dela», zioen sare sozialetan herritar batek.

Gainera, kutsadurari aurre egiteko hartzen diren muturreko neurri horiek ere kaltegarriak izan daitezke. Txinako ikerketa talde batek egin duen txostenaren arabera, lantegiak itxita eta autoen zirkulazioa erabat murriztuta eduki ondoren, «normaltasuna» itzultzen denean kutsadura maila berriz igotzen da, hasieran zuen maila bera gainditu arte.

Chengdu erdialdeko hirian ere sekulako kutsadura izan dute. Abenduaren 6an herritar batzuek protesta egin zuten bertako Finantza Zentroaren aurrean. Estatuei ere maskarak jarri zizkieten manifestariek. Planta kimiko bati leporatzen diote arazoa, baina egin dituzten kanpainek ez dute gauza handirik lortu. Gobernuak poliziak bidali zizkien, protesta isilarazteko, eta sare sozialetan zeuden kutsadurari buruzko mezu guztiak desagertu egin ziren.

Hazkunde ekonomiko ikusgarriaren ajea

Txinak azken hamarkadotan izan duen hazkunde ekonomiko ikusgarria (azken 35 urteotan batez besteko %10eko hazkundea) dago airearen kutsaduraren atzean. Hazkundeari eutsi ahal izateko, jarduera industrialak bete beharreko arauak, ingurumenari dagokionez, ez dira Euskal Herrian bezain zorrotzak eta konpainia batek baino gehiagok ez dituzte betetzen gutxieneko arau horiek ere.

Gainera, garai batean autoa izatea amets hutsa zen herritar gehienentzat, eta gaur egun txinatar askok bere ibilgailu propioa du.

Bestalde, ikatza da oraindik herrialdeko energia iturri nagusia. 2013ko datuen arabera, energia beharren %66 ikatzak ase zituen, petrolioak beste %18,4 eta gasak %5,8. Iturri berriztagarrietatik eta zentral nuklearretatik lortu zuten beharrezko gainerako energia.

Txinak mundu osoak erretzen duen ikatzaren erdia kontsumitzen du. Gobernua gai horrekiko menpekotasuna murrizten ahalegintzen ari da azken urteotan eta gaur egun energia berriztagarrien alorrean diru gehien inbertitzen duen herrialdea da Asiako erraldoia, baina begiraleek diote oraindik hamarkadak beharko direla egungo egoera atzean utzi eta Txina garbiago bat ezagutzeko. Herrialdeak duen energia iturri eskuragarriena da ikatza, merkea, egonkorra eta erraz erabiltzeko modukoa.

Energia-eraginkortasunaren alorrean asko du aurreratzeko Txinak. Britainia Handiak, Alemaniak edo Japoniak sortzen duten aberastasun bera sortzeko, txinatarrek beste herrialde horiek halako hiru behar dute. Neurri batean, arazoa teknologikoa da. Lantegietako makinak, ikatz planten iragazkiak, argindarra banatzeko sarea... daude hobetu beharrean. Gainera, eraikin asko behar bezala isolatu gabe daude eta eraikuntzan kasu askotan oso kalitate baxuko gaiak erabili izan dira.

Beste herrialde askotatik ia desagertu egin den industria astunak ere badu zeresana horrenbesteko kutsadura eragiteko garaian. 2013ko datuen arabera, industriak Txinako ekonomiaren %44 suposatzen zuen. Etxebizitzak eta azpiegiturak eraikitzeko beharrezkoak diren altzairu, porlan eta kimika industriek sekulako kutsadura eragiten dute, energia asko kontsumitzeaz gain. Pekineko PM2,5 partikulen %40 inguru industria astunak sortutakoak dira.

Jarduera ekonomikoak gaiak garraiatzea exijitzen du eta horrek ere airea kutsatzen du, batez ere kamioien bitartez egiten bada, trenez egin beharrean, esaterako. Pekingo airean dauden partikula kaltegarrienen %30 inguru ibilgailuek sortutakoak dira, batez ere kamioi handienek. Kontuan hartu behar da Txinan erabiltzen duten gasolina ez dagoela Euskal Herrikoa bezain findua.

Honi buruzko guztia: TXINA