Oier Gorosabel
Fisioterapeuta eta osteopata

Zenbatean behin joan fisioterapeutarengana?

gara-2017-02-09-Opinión

Mea culpa! Ez, lasai, ez naiz judu-kristauen ariketa faboritoan hasiko. Esaldi horrekin iradoki nahi dudan gauza bakarra zera da: osagileok ere, gure jakituria handitzeko bidean, sineskera zaharrak baztertu behar izaten ditugula sarri, bereziki ebidentzia zientifikoari jaramon egiten badiogu. Horretara, mesfidatiak izan zaitezte egia kategorikoen aurrean: behinola era batera formulatutako teoriak, urteak joan urteak etorri aldagaitz dirautenak, eta argudio nagusitzat «beti horrela egin izan da» eta «niri ongi doakit» dutenak.

Sarrera hermetiko xamarra geratu zait benetan; gauza gehiegi hitz gutxitan adierazi nahi izatearen ondorioa izaten da hori, osasun munduan bizi dugun maremagnumaren puntatxoa. Baina utz ditzagun eztabaida deontologikoak profesionalen arteko eztabaidetarako: gaurko gaia, beste askotan legez, irakurle batek eginiko galdera baten haritik tiraka ekarri dut. Beatrizek galdetu dit: «Zenbatean behin joan behar da fisioterapeutarengana?». Duela urte gutxi arte, «hilean behin» esango nion; orain, berriz, «zenbat eta gutxiago, hobe» esango nuke.

Nola uler liteke hori? Askok harridura aurpegia jartzen dute horrelakoak esaten dizkiedanean: haien iritziz negozio baten jabea naiz, eta, beraz, bezeroak fidelki etortzea bilatu beharko nuke. Hain zuzen ere, esaten denez, premiarik ez dagoen lekuan premia sortzean datza arrakasta komertziala. «Nola izan daiteke zure helburua bezerorik ez etortzea?». Ez dira gutxi horrela pentsatzen duten lagunak, osasuna nolabaiteko merkantziatzat hartuta. Baina haiendako negozioa dena, niretzako, zerbitzua da; eta haiek bezerotzat hartzen dituztenak, niretzako, pazienteak dira.

Bistan da hori horrela izan arren alde ekonomikoa ere zaindu behar dugula: bokazioak bokazio, bizitzak baditu beste esparru asko, eta hilero fakturak ordaindu behar dira. Baina horrek ez du justifikatzen gaixotasunekin salerosketan aritzea, jendea premiarik gabe guregana etorraraziz. Gainera, esango nuke osagileren batek horrela jokatzen badu diru gehiago irabazteko asmotan, agian sorpresa hartuko duela. Jendea ez da hain tontoa. Demagun bi aukera daudela: bata, hilean behin berarengana joatera “kondenatzen” zaituen terapeuta; bestea, behin osatutakoan berriz ez gaixotzeko gakoak ematen dizkizuna. Nik esango nuke pertsona azkar batek, fisioterapeuta baten premian dagoenean, bigarrena aukeratuko duela. Horietatik bizi nahi dut nik, ez nire menpekotasuna duten paziente gatibuez.

Beste gauza bat da paziente batzuek, borondatez edo halabeharrez (denek ez baitute kirola eta horrelakoak egiteko astirik) tarteka zuregana etortzen jarraitu nahi izaten dutela. Ondo! Ez ditugu bidaliko, noski. Baina ez dugu inor engainatu behar: bere osasunaren giltza aurkitzen dugunean (eta batzuetan ez da erraza), eskura eman behar diogu. Berak erabaki behar du harekin zer egin. •

www.abante.eus