Nerea Goti
GIMNASIA BERDEA

Lorezaintza ekologikoaren bidez, osasuna hobetzea eta herria edertzea helburu

Osasungarria da eta ukitu freskagarria dauka Gym Berdea egitasmoak. Larrabetzun iaztik dastatzen dute, astean behingo bi orduko saioetan. Adina ez da arazoa, ezta sasoia ere; parte hartzen duenak, ekolorezaintza ikastearekin batera, osasuntsu bizitzen ikasten du. Ikasitakoa herrian bertan jartzen dute praktikan, gune publikoak edertuz.

Osasuna da gakoa Gym Berdea egitasmoan, eta ez parte hartzaileena bakarrik, natur ingurunearen osasunean eragitea baita bigarren helburua. Larrabetzun jarri zuten martxan iaz Gym Berdearen lehendabiziko esperientzia. Udan atseden hartuta, otsailetik abendura izaten dira astean behingo saioak. Parte hartzeko adin mugarik ez dago, ezta prestaketa fisiko berezi baten beharrik ere; aniztasuna da proiektuaren beste altxorretako bat.

Horrenbestez, Gym Berdeko parte hartzaileen artean ez dago profil zehatzik. Hori bai, gehienak emakumezkoak izan dira orain arte. Iaz hiru gizon eta hamaika emakume jardun ziren. Aurten lau gizonek eta zazpi emakumek osatzen dute taldea. Keko Alonso Gym Berdea proiektua bultzatzen duen biologoa da. Azaldu duenez, parte-hartzaileek askotariko egoerak dituzte. «Jende ezberdina dago, momentu honetan apur bat trabatuta dagoena bizitza proiekturik topatzen ez duelako, lana aurkitu ezinik dabilena, erretiratua, etxetik kanpoko lanarekin eta beste pertsonen zaintzaren zamarekin gaindituta dauden emakumeak...»

«Talde jarduera da eta edozein lanbide, ideologia, adin edota erlijio egon daiteke», esan du. Izan ere, «ezberdinen nahasketa» da aldarrikatzen den balioetako bat. «Herria gune berdeen bidez edertu nahia da» lagun ezberdin horiek batzen dituena.

Lorezaintza ekologikoa

Lorezaintza da, zalantzarik gabe, proiektuaren zutabe nagusia, eta ez da edonolako lorezaintza Gym Berdeak lantzen duena. Alonsok azaldutakoaren arabera, «ekolorezaintza», «naturaren aldeko» interbentzioak. Gehienbat bertoko espeziekin lan egiten dute, eta lore ederrez beteriko guneak sortu baino, bertoko sistema naturalarekin bat egiten duten guneak sortu nahi dituzte.

Ongarri organikoak erabiltzen dituzte, konposta... eta oso kontuan hartzen dituzte intsektuak eta oso eskala txikian lurrean dagoen sistema oso bat babestu behar dela.

Kontatu duenez, taldean badago lorategia daukan jendea zein kaktus bat bera ere izan ez duena. Orokorrean, lehenengo urtean oinarriak jartzen dira, baina ez dago arau zorrotzik edukiei jarraitzeko; bakoitzak bere erritmoa eramaten du eta aukeren eta ahaleginen araberakoak dira emaitzak.

Taldean eta maila pertsonalean egindako balorazioetan nabarmendu omen da ikastaroak balio izan duela zenbait ohitura osasungarri berreskuratzeko, baita ametsak ere, norberaren ongizatean egindako aurrerapausoak. Ideia horrekin bat dator Leire Fresnedo Gym Berdean izandako esperientzia kontatzean: «Ikasi dut lorezaintza ekologikoa, nola landatu eta loreak zaindu ongarri industrialak erabili gabe. Ikasi dut zein inportanteak diren zomorroak lorategian, arbolen izenak euskaraz... eta horretaz aparte, burutzen diren lanak sasoian ipintzen zaitu modu batean edo bestean».

Nabarmendu duenez, bestelako irakaspenik ere jaso du, naturaren garrantziaz jabetzeko, klima aldaketa eta arbolek duten papera kontuan izateko... «Kontzientziatzen laguntzen du, naturarekin daukagun harremanari begiratuta, herria zaindu eta txukuntzeko, herriaren kalitatea hobetzeko, parkeak hobetu eta edertzeko...» eta, gaineratu duenez, «pazientzia lantzen» ere ikasi du, «lorezaintzak meditazio puntu bat baitauka».

Herriko gune berdeetan egindako interbentzioak udal arduradun politiko eta teknikariekin planifikatzen dira aurretik. Alonsok gogora ekarri du lehenengo interbentzioa herriko erreka baten inguruan izan zela, zumeak, lizarrak eta haltzak zeuden toki batean. Ur-bazterreko landaretza gune hori aberasteko ia ehun zuhaitz landatu zituzten.

irla naturalak hirigunean

Asmoa herrigunean irla naturalak bultzatzen saiatzea zen eta, Alonsok azaldu duenez, egiten den horren garrantzia ez da beti ulertzen. Gazteek hobeto ulertzen omen dituzte mota honetako interbentzioak, baina adinekoei gehiago kostatzen zaie. «Arbolak ez du ezer ematen eta argia kentzen du, traba egiten du, batzuen ustez, kontuan hartu gabe arbolarik gabe gero abuztuan ezin zarela etxetik irten gerizperik ez dagoelako, edo eltxo eta zerrenen predatzailerik ez dagoela».

Ikastaroa izaera komunitarioa hartzen joan da zenbait jarduerarekin. Orain, esaterako, eskolako ikasleekin habiak egiten ari dira. Konturatu ziren Larrabetzun habia egiten zuten oso hegazti gutxi zegoela, ziur asko horretarako zulodun zuhaitz zahar askorik ez dagoelako. Eskolan, teknologian lantzen dute jarduera hau, eta Gym Berdeko parte hartzaileekin batera jarriko dituzte habia berriak.

Ariketa fisikoaren arloa konplikatuagoa da adin eta sasoi maila ezberdinekoen artean. Alonsok dioenez, frisbia da joko asko ematen duen elementua, inpakturik ez dagoelako eta ahalegin fisikoa norberaren gaitasunen araberakoa izan daitekeelako.

Garrantzi handia ematen die luzaketei, ez baitago ohitura handia horiek egiteko, batez ere adineko jendearen artean. Fresnedok baieztatu duenez, beroketak egitea funtsezkoa da, «askotan makurtuta» egon behar delako, «palarekin zuloak egin» eta «gimnasiak ongizate orokor bat ematen dizu beti».

Alonsoren esanetan, batzuen ustez, denbora galtzea da, emaitzak ongizate pertsonalaren aurretik jartzen dituztelako, eta askok auzolan kutsua hartzen omen diote egitasmo honi. Bere hitzetan, hala izan daiteke, bai, kanporako nahi diren emaitzak barruko ongizatearekin lotuta daudela ahaztu gabe.

Hain zuzen, Lakuako Osasun eta Lan eta Gizarte Politika sailen laguntza du egitasmoa Euskadi Lagunkoi programaren barruan, eta ekain aldean ekingo diote udalerri berrien hautaketari.