Xabier Izaga Gonzalez
BOTERETZEKO TOPAKETAK

Euskal Herriko Bilgune Feministak bere urteurrena ospatuko du gaur Berriozarren

Ospakizun urtea du honakoa Euskal Herriko Bilgune Feministak, hamabost urte bete berritan. Gaur Berriozarren antolatu dituen VII. Topaketa Feministetan, urteurrena ospatzeaz gain, sare feminista indartu, Bilguneren proiektu politikoa erreferentzia gisa agerrarazi eta bere estrategia berretsi nahi du, boteretze feminista ardatz.

Urte berezia da oso Euskal Herriko Bilgune Feministarentzat hamabost urte bete ditueneko hau. Ospatzeaz gainera, baina, egindako ibilbideari begira jarri da, haren eta eginkizun dagoenaren azterketa egiteko. Urteurreneko lehen ekimena Valladolideko kartzelara joan zen Emakumeen Espetxe Martxa Feminista izan zen. Joan den martxoaren 25en, berriz, Ekonomia Feminista foroa egin zuten, eta gaur bertan, Berriozarren, Emakume Abertzaleon VII. Topaketa Feministak, “Indar bat gara gu” lelopean.

Orain arteko ibilbideaz eta aurrera begirakoaz hitz egin dugu Amaia Zufia Bilgune Feministako kidearekin, Berriozarreko topaketak prestatzeko azken lanek utzi dioten tarte batean.

Atzera begira, hainbat lorpenen balioa azpimarratu nahi dutela dio, egindako ibilbidea oro har ospatu eta aurrekoen borroka eskertu, horregatik diote, harro, duela hamabost urte euskal feminismoaren lekukoa hartu zutela, aurreko «arbaso» haien ondorengoak direla aldarrikatuta, eta euskal feminismoaren ikuspegi horretatik abiatu zirela, hiru zapalkuntza mota kontuan hartuz eta horiei askabideak bilatuz. Hiru zapalkuntza horiek, jakina, emakume, langile eta euskaldun gisa zapaltzen dituztenak dira. Edonola ere, urteetan aurrera egin ahala, beste askotariko zapalkuntza batzuk ere aitortzen ikasi dute, eta beren «begiradan» txertatu dituzte: sexualitateari, kulturari, hezkuntzari eta beste esparru batzuei dagozkienak.

Zufiak azpimarratu duen beste elementu bat «sarea» da. Duela hamabost urte Bilgune alternatiba feminista gisa sortu zen, estrategia feminista bat garatzeko, eta bide horretan ba omen zekiten berme nagusia Euskal Herrian zeuden emakume abertzale eta feministen sarea jostea izango zela, bai herriz herri bai eremuz eremu. Hartara, Bilguneko taldeetan ez ezik, herri mugimenduan, kulturgintzan, hedabideetan, euskalgintzan, hizkuntzan eta abarretan ere badaude, nolabait sare bat osatuz, beren proiektu politikoa elikatzeko presentzia hori ezinbestekoa zela ikusi baitzuten. Konexio horiek aktibatu eta aliantzak erein dituzte mugimendu feministan. Zufiak dioenez, feministek badute indargune bat: bakarrik jardunez mundua aldatzea oso zaila dela konturatu izana. Hortaz, hasieratik aliantzak eta sareak ezinbestekoak izan dituzte, eta mugimendu feministan hainbat elkarlan bilatu dituzte: Emakumeen Mundu Martxa, data zehatzak antolatzeko koordinakundeak, ekimen bereziak, hala nola joan den urteko Feministok Prest ekimena, Abortu Legearen aurkako manifestazioak...

Ezinbestekoa dute, halaber, euren proiektu politikoa integrala eta holistikoa izatea, «ez da txosten baten zati gehigarria, guk herri feminista bat eraiki nahi dugulako, anbizio politiko horrekin jaio ginen. Horrek eskatzen digu, eta gizarteari eskatzen dio, eremuz eremu dauden zapalkuntza eta indarkeria patriarkalei muga jarri eta bistaratzea, eta harreman ereduak eraldatzeko proiektu eta estrategiak garatzea».

Hamabost urteotan egin duten beste ekarpen garrantzitsu bat militantzia ereduak eta kultura politikoak iraultzea izan da, beste modu batez pentsatuz, militantzia eta plazera uztartzea posible dela, zaintzak erdigunean jartzea posible dela eta hori ere ekintza politikoa dela ikusaraztea. Izan ere, orain garatzen ari diren ideia osatze eta sanazio prozesuen ingurukoa da. «Gorputzean ditugun minak oso politikoak dira, zapalkuntza sistema batean bizi garen heinean sortzen direlako, eta militantziak eta aktibismoak tarte bat egin beharko lioke gorputzaren osaketari, modu kolektiboan planteatuta, ditugun gaitz, ezinegon eta samin horiei guztiei modu indibidual eta pribatuan aurre egin beharrean».

Oso elementu garrantzitsua iruditzen zaie feminismoa euskaraz egitea ere, «gure praktika politikoak eta gure ezagutzak euskaraz sortu eta eraikitzea». Argi du Zufiak feminismoak kontzientziazio maila handia lortu duela. «Gaur egun indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia handia dago, instituzioetan legeak, bitartekoak mahai gainean jarri dira», baina arrisku berriak ere badituzte, eta batzuetan «zuritze ariketak» izaten dira, eta feminismoa diskurtsiboki ez dela hainbeste estigmatizatzen egia bada ere, azaletik sakonera, praktikara pasatu, harreman ereduak, praktikak aldatu beharra dagoela dio. «Lehentasuna zeri ematen zaion, zein den benetako arazoa gizarte honetan eta zein bigarren mailakoa, zein den benetako albistea eta zein bigarren mailakoa, zeri bideratzen dizkiogun bitartekoak instituzioetatik...», horretan guztian asko omen dago egiteko.

Boteretzea, ardatz nagusia

Gaurko topaketen helburu nagusiak, ospatzearekin batera, honako hauek dira: sarea indartzea eta Bilgune Feministaren proiektu politikoa erreferentzia gisa agerraraztea, bere estrategia berretsi eta urratsak ematea, emakume abertzale eta feminista guztiekin batera, ardatz nagusia boteretze feminista dela. Hartarako euskal feminismoaren osasuna aztertuko dute, aktibismo feministaz, konpromisoaz, militantzia ereduez, jakintzaz, kolektibitateaz, ikusgarritasunaz jardungo dute. «Feministak lehen baino ikusgarriagoak gara, baina boteretuta gaude? Noraino? Termometroa sartuko dugu kontu horietan guztietan, eta ikusiko dugu non gauden boteretuta, non ari garen eragiten eta non ez, zein diren oztopoak eta arriskuak», dio Zufiak.

Eta horrekin batera ikusiko dute boteretze feministarako prozesu batek eduki beharko lituzkeen baldintzak, zer pauso, zer ezaugarri izan behar dituen, «eta zer botere motaz ari garen, oso botere eredu bertikal, hierarkiko, patriarkala ezagutu dugulako». Beraz, aldarrikatzen duten boteretzeak zer ezaugarri izango lituzkeen zehazten joateko asmoa dute, zertarako nahi duten, nola eraiki eta nola kudeatuko duten. Estrategiaz hitz egingo dute, baina baita gorpuzteaz eta praktikara eramateaz ere. Horrenbestez, gaur goizeko mahai inguruan gai horien guztien gainean eztabaidatuko dute eta arratsaldean tailerrak egingo dituzte, boterea gorputzetik eta praktikatik lantzeko.

Gaur egun bost ildo nagusitan ari dira lanean. Bat, gatazka politiko armatuaren konponbidean, ikuspegi feminista txertatuz, emakumeen parte hartzea da. Zufiak dioenez, «badakigu bakearen eraikuntza ez dela apirilaren 8ko desarmatzea bakarrik; horrek aukera eta baldintza berriak eskaintzen ditu, aprobetxatu behar ditugunak, noski, baina bakea epe luzeko prozesua da, giza eskubideen eta naturaren errespetuarekin eta abarrekin zerikusia duena, eta ezinbestekoa izango da bakearen kontzepzioan emakumeon bizitzan indarkeriarik eza bermatzea». Beste lan ildo bat sozioekonomikoa da, eta joan den martxoaren 25ean Azpeitian antolatu zuten foroan heldu zioten. Hirugarren ildoa gaur izango dute eztabaidagai Berriozarren: eragina, lidergoa eta boterea. Erakundetzea da laugarrena. «Trantsizio feministaren bidean erakundetze publiko bat beharko dugu Euskal Herrian, herri prozesu bat egingo badugu, instituzioen bestelako egituratze bat beharko dugu, eta feminismotik nolako egiturak, nolako erakundeak behar ditugun aztertzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, emakumeon zapalkuntzari muga jartzeko, baita azken aldian egin diren urratsetan ere, hala nola Ipar Euskal Herriko Elkargoan edo Nafarroako aldaketan, feminismotik nola eragin genezakeen aztertzea». Azkenik, beste lan ildo estrategiko bat arestian aipatutako osaketa da, «borrokak eta antolakuntzak zaintza eta osatzearen eskutik ere etorri beharko dutela ulertzen baitugu».

Berriozarren elkartuko diren 600 emakumeek lan handia dute aurretik, baina baita, zalantzarik ez, zer ospatua ere.

 

Abertzale feministen topaketak, mugarriak

Hamabost urteko ibilbidean zenbait mugarri jarri ditu Euskal Herriko Bilgune Feministak, gehienak Emakume Abertzaleon Topaketa Feministetan kokatuak. Topaketok emakume abertzale eta feministekin elkartzeko guneak dira, diskurtsoak trukatu eta sortzeko guneak, eta, batez ere, norabide eta estrategia politikoak markatu eta elkarrekin ahalduntzekoak. «Zure herrian, zure bakardade horretan zaila da feministok garen indar hori nabarmentzea, eta egun horietan ehunka emakume elkartzean, sekulako boteretzea gertatzen da», dio Amaia Zufia Bilguneko kideak.

Euskal Herriko Bilgune Feminista 2002an sortu zen. Hala ere, izandako aurrekarietako bat Emakume Abertzaleon I. Topaketa Feministak izan ziren, 2001ean, Bilgunea sortu baino lehen, beraz. Leitzan bilduta, Euskal Herriko emakumearen egoeraren diagnostikoa egin eta mugimendu feminista nazional baten beharra nabarmendu zuten.

2003an, Bilgunea eratuta, Eibarren egin zituzten II. Topaketa Feministak ekintza eremu nagusiak definitzeko. Eremu horiek hezkuntza, sozioekonomia, komunikabideak eta kultura dira. Haietan bai sareak bai proiektuak garatu beharko zituzten.

Bi urte geroago, «bake prozesua pil-pilean zegoen momentuan», nazio gatazka politiko-armatuaren konponbidean emakumeen parte hartzea izan zen gai nagusia Bilbon egindako III. Topaketetan.

2009an, Tolosan, bi gai izan zituzten eztabaidagai. Batetik, instituzioek bideratzen dituzten politika eta planen inguruko hausnarketa egin zuten: nolakoak izan behar duten plan, lege eta politikek «benetan emakumeon egoera iraul dezaten». Eta bigarren gaia ordurako mugimendu feministan orokortu eta errotutako eztabaida batekin zegoen lotuta, identitateen gainekoari, hain zuzen. Zehatzago, identitate politiko feministen gaineko eztabaidari. Alegia, «Euskal Herriko eraldaketa gauzatzeko zein subjektu feminista den beharrezko, zein praktika feminista...».

Estrategia gaurkotzeko prozesua

V. topaketak 2012an izan ziren. Berriro ere Leitzan elkartu ziren Bilgune Feministaren hamargarren urteurrena ospatu eta plan estrategikoaren berregokitzapenari heltzeko, hamar urte haietan zertan aurrera egin zuten eta zer hutsune zituzten aztertuz.

2012an hasitako estrategiaren gaurkotze prozesua 2014an Ondarroan egin zituzten VI. Topaketetan gauzatuko zen. XXI. mendean izandako aldaketa prozesuak, krisi ekonomikoa, neoliberalismoaren ofentsiba, Euskal Herriko ziklo politiko berria eta feminismoaren garapen teoriko eta praktikoa aztertu, eta, aldaketa prozesu horietan Euskal Herriko emakumeak nola zeuden kontuan izanda, beren estrategia feminista egokitu zuten. «Ondarroan gure iparra, gure utopia berrizendatu genuen», dio Amaia Zufiak. Bilguneren helburu nagusia burujabetza da, baina burujabetza feminista, eta, horretarako, momentu horretatik bertatik trantsizio bat abiatu beharra sumatu zuten. «Trantsizio horretan uztartzen dira alternatiba txiki-handien eraikuntza, indarrean dagoen ereduaren aurreko erresistentziak sortzea eta hainbat eremutako feministen artean proposamen politikoak eta epe luzeko konpromisoak adostea».

Horrek «etxeko lanak» ekarri zizkien. Horietako bat feministen eragiteko gaitasuna eta ahalmen politikoa handitzea izan zen. Feminismoa noraino zabaldu zen ikusita, eremu gehienetan presente baitago, talde feministetatik harago, hedabideetan, sare sozialetan, hezkuntzan, alderdietan... eragin nahi zuten. Baina badakite, halaber, askotan eredua aldatzeko, oso maskulino eta patriarkalak diren ereduak aldatzeko, nahikoa botererik ez dutela. Eta Euskal Herriko burujabetza prozesu baten baitan proposatzen duten trantsizio feminista abiatzeko, beren eragiteko gaitasuna eta boterea, beren indarra azken batean, artikulatu, bultzatu eta areagotu behar dutela dio Zufiak. Horixe da, hain zuzen, VII. Topaketen zeregina.