Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa

Zonifikazioa, hirigintza, Zizur

Nafarroako hizkuntza-zonifikazioa 1980ko hamarkadan eraiki zen euskarari harresi bat ezartzeko. Lau alderdien gobernu berriak berandu baino lehen eraitsi beharko lukeen harresia, Kontseiluak edo Euskal Herrian Euskarazek etengabe aldarrikatu moduan. Harresi zitala delako, lurralde antolamenduarekin erabat lotutakoa, herritarren oinarrizko eskubideak bizitokiaren eta lurralde mailako zerbitzuen kokapenaren arabera zonifikatzen dituen heinean: zona euskaldunean bizi den herritarrak, esaterako, etxean utzi behar ditu bere hizkuntza eskubideak zona mistoan dagoen Iruñerriko ekipamendu handi batera (ospitalera, biltzar jauregira, unibertsitatera…) joaterakoan. Gero esango dute ez dagoela erlaziorik lurralde antolamenduaren eta hizkuntzaren artean!

 

Iruñerriko Zizur udalerriak eremu mistotik eremu ez-euskaldunera igarotzeko egunotan egindako eskaerak zonifikazioaren ahuldadeak are gehiago azaleratu ditu. Eta ez da txantxa, bertan dagoelako San Fermin ikastola, Nafarroako handienetakoa. UPNren kasketak, gainera, ageriago utzi du hirigintzaren eta euskararen arteko harremana. Ez baita kasualitatea justu Zizur Txikia kontzejua biltzen duen udalerrian jazotzea eskaera hori, duela bi igandetako GARA egunkariak jakitera eman zuenez, Enrique Miranda undiotarraren bidez: «Zizur Txikian bizi den jende gehiena Opus Deiren ingurukoa da, eta, hori dela eta, UPNk hauteskunde-arrakasta izugarria lortzen du bertan». Parlamenturako azken hauteskundeetan, hain zuzen, Zizur izan zen 2.500 biztanle baino gehiagoko udalerrien artean UPNren boz gehien lortu zituena Nafarroa osoan: % 45,29.

Interesgarria da hauteskunde datu hori Zizur Txikiaren kokapenaren eta hiri-ereduaren azterketarekin gurutzatzea. Kokapena aparta baita «Nafarroako Unibertsitatea» delakoaren campusean lan eginez gero: Opus Deiren Goroabe ikastetxe nagusia zein Donapeako UGPS polemikoaren lursailak, esaterako, kilometro eta erdi eskasera daude, oinez lasai egiteko moduko distantziara. Eta, hiri-ereduari buruz, oso deigarria da Zizur Txikiko 2.385 biztanleetatik gehiengo osoa etxe familiabakarretan bizitzea, testuinguru antzekoan dauden herrietan ez bezala (alboko Zizur Nagusia, adibidez). Ez dago gated community baten moduan hesitua, ez, baina argi dago Zizur Txikiak Opus Deiren gizarte-klub bat ere (Quinto Real) barne biltzen duen hiri-enklabe esklusibo bat osatzen duela, besteak beste hiri-plangintzari esker.

Eta ezin ahaztu Zizurren bertan jazotzen diren beste bi hirigintza-kontu potolo: ustel irtendako Gatzolatzeko jarduera ekonomikoetarako sektore erraldoia, kontzeju hori Nafarroako zorpetuena bilakatu duena (kasualitatez, Zizur Txikiak jarraitzen dio zorpetuenen zerrendan); eta, jakina, last but not least, oraingoz kale egindako Gendulaingo hiritzar berria, 55.000 biztanle bildu behar dituena. Jesus A. Barrikarte UPNko alkate euskofoboaren desioak betez gero, eremu ez-euskaldunean biziko diren 55.000 nafar herritar. •