2017/05/27

Gidor Bilbao Telletxea
«uztaro» aldizkariko zuzendaria

Ondo ezagutzen du aldizkaria, ez alferrik 22 urte daramatza bertan. Orain, baina, zuzendari kargua hartu du Jokin Apalategiren eskutik.

«Ez dago guk nahiko genukeen lekuan, baina gero eta gehiago irakasten da eta ikertzen da euskaraz»
Amagoia Mujika Telleria
Pd22_gidorbilbaoona

Berak hartu du Jokin Apalategiren erreleboa “Uztaro”-ko zuzendaritzan. Ez du uste aldaketa handirik etorriko denik, 22 urte baitaramatza “Uztaro”-n orain arte zuzendari izandakoaren ondoan. Bilbaok Apalategiren bidea segitzeko asmoa dauka, harekin ikasitako balioekin lanean, euskal komunitatea begi batean eta Europako aldizkarigintza bestean.

Duela 27 urte Udako Euskal Unibertsitateak apustu garrantzitsua egin eta «Uztaro» sortu zuen. Diziplina ugarikoa eta espezializazioari begirakoa.

“Uztaro” euskarazko ikerketari tokia egiteko eta ikerketa euskaraz bultzatzeko aldizkari bat da. Normalean, gurekin argitaratzen duen jendeak beste leku batzuetan ere argitaratzen du ingelesez. Egun ibilbide akademikoa egin nahi badugu derrigorrez argitaratu behar dugu beste aldizkari batzuetan ere, gure komunitate zientifikoa ez delako bakarrik gure hizkuntzakoa. Aldarrikatu nahi duguna da komunitate zientifiko zabalago horretan euskal komunitate bat ere badagoela, eta ez duela zentzurik euskal komunitate horri ingelesez zuzentzea, euskaraz idaztea dela normalena.

1990. urtean apustu garrantzitsua izan zen «Uztaro», ezta?

Apustu arriskugarria zen; nahiko idazle aurkituko ote ziren, nahiko artikulu izango ote ziren argitaratzeko, nahiko irakurle izango ote zen… Enpresa apustu oso garrantzitsua izan zen, proiektu hau ez baita dirua irabazteko, baina bai ahalik eta gutxien galtzeko behintzat. Asmatu egin dela pentsatzen dut, zorionez unibertsitateak ere ibilbide bat egin duelako. Ez dago guk nahiko genukeen lekuan, baina gero eta gehiago irakasten da eta ikertzen da euskaraz.

Gainera, nik uste dut harrotasunez esan dezakegula “Uztaro” aldizkariak jakin duela urrats batzuk momentu egokietan ematen. Munduko beste aldizkari batzuk eman dituzten urratsei adi egon gara eta gure aukeren barruan saiatu gara pausuak ematen.

Zein urrats, adibidez?

Unibertsitateak eta aldizkarigintzak urrats bat eman du ez bakarrik kalitatea eskaintzen, baita hori erakusten ere. Ez da nahikoa aldizkari ona garela esatea, hori adierazle batzuen bidez erakutsi beharra dago gero. Adierazle horiek mundu osoan estandar modura erabiltzen dira. Uste dut une egokian egin genuela ahalegina hori gurera egokitzeko.

Aldaketa nagusiena “Parekoen Ebaluazio Itsua” deitzen dena da. Horren arabera, Historiako artikulu bat Historiako bi edo hiru adituk aztertzen dute beti argitaratzeko modukoa den edo ez. Gainera, autoreari proposamenak egiten dizkiote normalean. Hori da pareko ebaluazioa. “Itsua” izateak esan nahi du ebaluatzaileak ez dakiela nor den artikulu hori idatzi duena eta autoreak ere ez dakiela nork ebaluatu duen. Badaki norbaitek zuzenketa batzuk proposatu dizkiola, baina ez daki nork. Hori, gainera, modu dokumentatuan egiten da, ebaluazioaren zehaztasun guztiak ondo jasota geratzen direlako.

Hori guztia zehazteko protokolo bat egin genuen eta harrotasunez esan dezakegu beste aldizkari batzuk hori erabili dutela gerora. Ez ginen lehenengoak izan, Eusko Ikaskuntzak gurekin batera egin zuen, baina gero beste aldizkari batzuk guk egindako protokolo hori erabili dute bere-berean.

Ebaluazio horiek irizpide zientifikoak erabiltzen dituzte. Euskara ebaluatzen al da?

Euskarak ere badu bere ebaluazioa. Gure ebaluatzaileei forma ere kontuan hartzeko eskatzen zaie eta fitxa bat betetzen dute. Normalean ebaluatzaileak euskararen inguruko proposamenak ere egiten dizkio autoreari.

Egileek zuengana jotzen dute edo alderantziz?

Izan ditugu gorabeherak. Une batzuetan original gutxi jaso ditugu eta bila ibili behar izan dugu. Baina lortu dugu egun alderantziz izatea. Orain argitaratu nahi duten egileen itxaron zerrenda dugu. Batetik, lortu dugu aldizkariari prestigio bat ematea kalitate adierazleak modu objektiboan agertuz. Eta, bestetik, euskal komunitate zientifikoak bere bidea egin du eta gero eta ikerlari gehiago daude euskaraz idazteko gai direnak.

Pentsatzekoa da giza eta gizarte zientziek darabilten euskara asko aldatuko zela azken 27 urtean, ezta?

Espezialitate bakoitzak bere bidea egin du eta gauzak esateko formulak topatu behar izan ditu. Nik neuk nire ikasketa guztiak gaztelaniaz egin ditut eta egun euskaraz irakasten dut. Hasi nintzenean, itzultzen aritzen nintzen beti, gaztelaniaz ikasitakoa edo ingelesez irakurritakoa itzultzen. Badaramatzat urte batzuk euskaraz ikasten, euskaraz irakasten eta euskaraz argitaratzen, itzuli gabe, zuzenean. Nire irakaskuntza nik eta nire bidelagunek euskaraz ekoizten dugunarekin ere elikatzen da. Duela 27 urte hori zailagoa zen. Gainera, hizkuntza orokorrak ere egin du bere bidea. Hala ere, oraindik zailagoa da espezializazio jakin batean euskaraz idaztea. Samurragoa da ingelesez edota gazteleraz idaztea. Zergatik? Espezializazio bakoitzean gehiago irakurtzen dugulako gazteleraz, ingelesez edota frantsesez.

Horrez gain, oraindik UEUk euskara zuzentzaile bat kontratatzen du artikulu guztiak zuzentzeko. Gero eta artikulu gehiago iristen dira ezer ukitu gabe argitara daitezkeenak. Baina tartean badaude oraindik zuzenketa batzuk behar dituztenak. Gure gain hartu dugu lan pedagogikoa ere eta gure zuzentzaileak proposamenak eta zuzenketak bidaltzen dizkie autoreei, horietatik ikas dezaten.

Jokin Apalategiren eskutik jaso duzu zuzendaritza. Zertan igarriko da aldaketa?

Ez dut uste asko igarriko denik, gauza asko berarekin ikasi ditudalako. Jokini buruz hiru gauza nabarmenduko nituzke. “Uztaro”-n bertan ezagutu nuen duela 22 urte. Hasieran akaso ez nintzen kontziente, baina orain oso kontziente naiz: bere seme-alaben adinekoak izan arren, nolako errespetuz eta arretaz entzuten zituen beti guk esandakoak. Batzuetan ondo irudituko zitzaion eta besteetan ez, baina utzi egin zigun gauzak egiten. Bigarrena, zelako errespetuarekin entzuten zuen mundu guztia, isil-isilik. Batzuetan ematen zuen gai horien inguruan ez zuela zer esanik, ez zuela iritzirik. Baina galdetu eta beti zeukan ondo osatutako iritzia. Eta, hirugarrenik, bere ibilbide profesional eta pertsonalagatik, Jokinek oso ondo ezagutzen ditu mundu editoriala eta Europako aldizkarien errealitatea. Oso adi egon da Europako aldizkariei eta oso presente izan ditu haiek emandako pausoak.

Nik ere orain jakin beharko nuke gazteagoei, nire seme-alaben adinekoak izan daitezkeenei, protagonismoa ematen eta egiten uzten. Nire iritzia eskatzen badidate, ematen, baina ez beti eta ez beti lehenengoa. Eta zuzendari bezala niri egokitzen zait orain Europako aldizkarigintzari begira egotea.

Ez da erraza ikerketaren garrantzia jendartearen begien aurrean jartzea.

Oreka garrantzitsua da. Komunikabideei erantzun egin behar zaie eta gure lan ildoetan presente izan behar ditugu. Baina ez dezagun dena egin komunikabideei begira. Gure espezialitateen baitan egin behar duguna egin dezagun, baina ez dezagun lana egin berri emango dugunaren arabera.

Oreka garrantzitsua dela esaten dudanean adierazi nahi dut ikerketa batzuk oso aplikatuak izan daitezkeela. Badira oso erakusgarriak eta salgarriak diren ikerketak eta badira ere kontrakoak. Ez dezagun bideratu dena salgarri izango den horretara. Oinarrizko ikerketak batzuetan ez du emaitza ikusgarririk ematen, baina erabat beharrezkoak dira.

«Nik jakin beharko nuke –Jokinek gurekin egin duen bezala– gazteagoei, nire seme-alaben adinekoak izan daitezkeenei, protagonismoa ematen eta egiten uzten. Nire iritzia eskatzen badidate, ematen, baina ez beti eta ez beti lehenengoa»