Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Minbizia, mina bizitzan, min bizia

Irabazi asmorik gabeko elkartea da 2008an sortu genuen Harremanak Hezkuntza Elkartea. Elkarteko estatutuetan lehen eta behin jendarte parekideago baten alde egiteko asmoarekin sortutako elkartea izango dela ziurtatzen da. Estatutuak egiteko garaian Libe Yurrebaso aitzindari izan zen. Estatutuak egin aurretik argi geneukan elkarteko izenak harremanen ingurukoa izan behar zuela. Oraindik ere gogoan dut logotipoa aukeratzeko garaian Azpeitian Libek ekarritako proposamen ezberdinak aztertzen nola ibili ginen. Olatz Berastegik ere parte hartu zuen prozesu hartan. Ilusioz beterik ginen guztiok, bide berri bati ekiteko irrikatan…..

Libe Yurrebaso 2010eko maiatzaren 5ean hil zen 38 urte zituela, minbiziak jota. Gaixotasunaren ibilbidean bidelagun izaten saiatu nintzen. Hainbeste buelta eman genizkion buruari, minbizia nondik dator, zergatik, Hammer, bestea eta hura… Galdera mordoa, bizitzako bidean non izan dut min bizia?

Alde batetik, Osakidetzako eskaintza, medikuntza ofiziala. Beste alde batetik, homeopatia, pendulua eta energiak, osteopatia bioenergetikoa… Bide itxaropentsuak, eta, garrantzitsuena, Liberen leialtasuna. Leialtasuna, berak sinisten zuenaren gaineko leialtasuna; berak bere bidea aukeratua zuen eta hala jarraitu zuen bere gaixotasunean.

Aingeru txiki baten moduan joan zen, isilik, goxo eta berak aukeratutako jendea inguruan zuela. Hil aurretik, zera esan zidan: «Anita, guk biok oraindik egitasmo mordoa egin behar ditugu elkarrekin!».

Eta halaxe agindu nion, eta hemen gabiltza Olatz eta biok egunetik egunera sortzen, bururatzen zaizkigun egitasmoak aurrera eramaten. Eta badakit bera gure ondoan dagoela indarra eta ilusioa pizten…

Hileta egunean bere lagunek honako bertso hau idatzi zioten:

Norena zara zu orain Libe?

Zure, gure, bere, nire.

Alaba, arreba, ahizpa, izeba,

maitale, adiskide.

Horrelako ekaitz beltzak

indartzen ditu ametsak.

Itsas lami bat lapurtu digu

Igeldoko itsasertzak.

Norena zara orain Libe...?

Nahiz eta denbora joan,

nola ez izan zu gogoan?

Irribarre bat eginen dugu

zutaz oroitzerakoan

Eta Libez ari naizela, Mirari ere ekarri nahiko nuke gurera, Manex gure lankidearen bikotekidea. Aste honetan bertan joan zaigu tximeleta bihurtuz 39 urterekin, min biziaz, mina bizitzan… Mirari ere goxo-goxo joan omen da, aingeru baten moduan.

Manex, Asier… mutil gazteak alargun. Mirarik eta Libek antzekotasun asko zituzten, biak jendarte parekide baten alde borrokatzen ziren, sinisten zuten medikuntzaren bide ezberdinetan, alaiak ziren, lagunen lagunak….

Ostegunean nire lagun Txusa Balbasekin hitz egiten, honakoa esaten genion elkarri: zerbait eskapatzen ari zaigu minbiziaren inguruan. Industria farmazeutikoaren borrokak, ikerketa falta, emozioak eta korapiloak, aurreko belaunaldien pisua, elikadura, maitasuna…

Mirariri hiletaren egunean bere lagunek bertso hau abestu zioten:

Txikitatik elkarrekin

ekin genionan bideari

Eta bizi bide hortan

oroitzapenak ugari

Sokan, goman, sabel-dantzan

ikusten haugu dantzari

Edo txabolan sutondoan,

eraginez mingainari

Doinu berezia eman

dion gure bizitzari

Loretxo bat erne zaion

orain gure zuhaitzari

Patxo potol-potolo bat

bihotz-bihotzez Mirari

Nik badakit biak ondo daudela, eta beraien energiak gure eguneroko lanean lagunduko digula. Guk, bizirik gaudenok, bizitzan aurrera joan behar dugu, gelditzen zaizkigun ikasgaiak ikasiz. Bidaia on, lagunok. •