Gorka Elejabarrieta

Zurrunbiloan

Batzuetan egunak, asteak, ezer nabarmenik gertatu gabe doaz aurrera, bata bestearen atzetik. Beste batzuetan, aldiz, ordu gutxian, egun gutxian, denetarik gertatzen da. Horrelakoak izan dira azken egunak, eta tankerakoak espero dira datozenak ere.

Aurreko astean Europako Parlamentuko ezkerreko parlamentarioak biltzen dituen GUE/NGL taldeak ikasketa egunak egin zituen Euskal Herrian lehen aldiz. Europako ezkerreko alderdi nagusien ehun ordezkari baino gehiago etorri ziren Donostiara, eta, haien barne eztabaidak egitearekin batera, Euskal Herriko egoera eta gurean dauden borroka ezberdinak zuzenean ezagutzeko parada izan zuten. Guk ere Europako ezkerraren egoeraz hobeto jabetzeko aukera izan dugu jardunaldiotan.

Erresuma Batuko hauteskundeek ezusteko emaitza ekarri dute. Ezustekoa? Egia esan Jeremy Corbynek kanpaina bikaina egin du, ekitaldi jendetsuak antolatuz, egiazko alternatiba sinesgarria aurkeztuz eta eztabaida politikoa guztiz baldintzatuz eta aldatuz. Theresa Mayk hauteskundeak aurreratu zituen garaipen zabala lortzeko helburu eta asmoarekin, gehiengo absolutu nabarmen bat bereganatu eta alderdi laborista txikitzeko, bere analistek hori gertatuko zela esaten baitzioten. Eta hauteskundeak irabaziagatik, ez du bere helburua lortu. Horregatik, hauteskunde biharamunean irabazle baino galtzaile giroa zen nagusi kontserbadoreen artean. Jeremy Corbyn Erresuma Batuko politika aldatzen ari da; bere burua alderdi laborista zuzentzeko aurkeztu zuenean inork gutxi pentsa zezakeen irabazteko aukera zuenik, are aukera gutxiago ematen zizkioten Erresuma Batuko lehen ministro bilakatzeko. Bada, egun inork gutxi pentsatzen du hori gertatzea ezinezkoa denik. Erresuma Batuko hauteskundeek bestelako emaitzak ere utzi dizkigute. Sinn Feinek emaitza oso onak lortu ditu Ipar Irlandan, inoiz lorturiko diputatu kopuru handiena eskuratuz, nahiz eta bere ohitura politikoa jarraituz ez dituzten Westminsterreko eserlekuak hartuko. SNPk diputatu dezente galdu ditu eta ikusi beharko da horrek inolako eraginik duen Nicola Sturgeonek planteatu duen Eskoziako bigarren independentzia erreferendumari begira.

Erresuma Batuko hauteskundeen datuak aztertzen ari ginela, Kataluniako Gobernuak, bere lehendakari Carles Puigdemonten ahotik, erreferenduma urriaren 1ean izango dela adierazi zuen. Badago data eta badago galdera. Espainiako Gobernuaren etengabeko mehatxuen aurrean, katalanek erreferenduma antolatu ahal izateko zer eta nola egingo duten galdetzen diogu askok gure buruari Euskal Herrian. Baina nik badaukat beste zalantza potoloago bat, zer eta nola egingo du Espainiako Gobernuak Kataluniako prozesua geldiarazteko? Ez dut uste katalanek bide erreza dutenik, baina nire ustez Espainiako Gobernuaren posizioa are zailagoa da. Batetik, argi dago Katalunian jendartearen gehiengoak erreferenduma aldarrikatzen duela, behin eta berriro frogatu dute hori azken urteotan eta hori da horrelako prozesu batean izan dezakezun indargune nagusia. Izan ere, azken finean, katalan instituzioak egiten ari diren guztia jendarteak eskatu du, eta ez alderantziz. Borroka instituzionalak garrantzi handia dauka, baina aldaketa estrukturalak ezin dira gauzatu instituzioetatik soilik, instituzioak ezin baitira abangoardia izan. Bestetik, erreferenduma eskatzen dutenek nazioarteko arau eta legeri guztiak errespetatu dituzte, eta, gainera, elkarrizketa eta akordiorako borondatea adierazi dute une oro, baita oraindik ere. Gatazka honetan –gurean bezala hain juxtu– jarrera zentzuduna katalanena da, ez Espainiako Gobernuarena.

Eta Euskal Herrian gaur EH Bilduk bere kongresua egingo du. EH Bilduko kideek aurkeztutako proposamena onartuz gero, gaurtik aurrera bere izaera aldatuko du koalizioak datozen erronka potoloei behar bezala erantzun ahal izateko. Bere estatutuek proposatu bezala, subjektu politiko berriak «koalizioen aniztasun ideologikoa, alderdien egituren eraginkortasuna eta herri mugimenduen horizontaltasuna eta parte hartzea» bermatuko ditu. Ez daude bi prozesu berdin eta ezin dira bestelako esperientziak beste nonbaiten aplikatu, baina badago beste egoera batzuez ikasterik. Nire ustez Corbyn, Sinn Fein, SNP eta Kataluniako prozesua EH Bildu berriak bere burua begiratzeko ispilu egokiak izan daitezke. Guztien nahasketa bereziki. •