Jose Angel Oria
INDIA

Gorenak arrazoia eman dio 16 urteko gose greba egin zuen emakume ekintzaileari

1950eko hamarkadako lege batek erabateko inpunitatea ematen die uniformedunei eta Indiako ipar-ekialdeko Manipur estatuan 1.500 pertsonatik gora hil dituzte. Irom Sharmila ekintzaileak 16 urteko baraualdi egin zuen legearen aurka, eta gero hauteskundeetara aurkeztu zen. Sekulako porrota jaso zuen. Hegoaldera joan da bizitzera.

Irom Sharmila
Irom Sharmila

Irom Sharmila ekintzailea haserre ageri da irudi gehienetan. Injustiziaren aurkako borroka luzeari heldu zion 28 urte zituela eta beste inork baino gehiago egin du Manipur Indiako estatuko egoera bere onera ekartzeko. Hamasei urteko baraualdia egin zuen orain urtebete arte, eta orduan militarren inpunitatearen aurkako borroka beste era batean egitea erabaki zuen: hauteskundeetara aurkeztu zen, baina berak babestu nahi dituen herritarrek beraiek betiko lapurren aldeko aukera egin zuten, eta 90 botorekin utzi zuten, lur jota.

Kerala hegoaldeko estatu aurrerakoira joan zen arnas hartzera, eta gero Tamil Naduko Kodaikanalera (36.000 biztanle), baina bertan ere ez diote bakean bizitzen uzten. Britainiar herritar batekin (Portugalgo eta Indiako jatorria duen Desmond Coutinhorekin) ezkondu nahi du eta horretarako ere arazoak baino ez ditu aurkitu.

Indiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio orain, judizioz kanpoko dozenaka exekuzio (giza eskubideen aldeko elkarteek diote uniformedunek Manipur estatuan 1.530 herritar hil dituztela) ikertzeko agindu baitio Ikerketa Bulego Federalari. Baina Sharmilari garaipena dirudien hori gozatzeko aukera ere lapurtu egin diote.

Orain hamazazpi urte erabaki zuen gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiten zuen emakumeak gauza guztiak utzi eta AFSPA Indar Armatuen Ahalmen Berezien Legearen aurkako gose greba hastea. Bezperan Manipur estatuan oso ugariak diren talde armatuetako batek (hogeitik gora dira iturri batzuen arabera, eta, bestelako helburu eta diskurtsoarekin hasitakoak izaten badira ere, kasu askotan lapurreta egin beste asmorik ez dute izaten) konboi militar baten aurkako erasoa egin zuen, zenbait biktima eraginez, eta ondoren Assam Rifles konpainiak mendeku hartu nahi izan zuen autobus markesina batean zain zeuden herritarrei tiro eginda: hamar hildako, 60 urteko emakume bat eta haurtzaroan Indiako presidenteak berak Ausardiaren Domina eman zion gazte bat barne.

Nola liteke? AFSPA legeak ahalbidetzen ditu horrelako krimenak 1958az geroztik, Indiako ipar-ekialdeko estatuetan eta Kaxmirren dauden segurtasun indarrei edonori tiro egiteko aukera ematen baitie, inolako ondorio legalik jasan gabe. Markesinako sarraskiarengatik ez du inork ordaindu, nahiz eta herritarrek garbi adierazi zuten haserrea. Mundu osoan zabaldu zen Manipurreko emakumeek larrugorririk kuartel baten aurrean egindako protestaldia: “Indiako Armada, bortxa gaitzazue berriro” idatzi zuten pankartan ama eta amonok, nazka-nazka eginda. Harrigarria hain matxista eta kontserbadorea den herrian.

Hamasei urtez eutsi zion Irom Sharmilak ezer ez jateko erabakiari. Epaileek agindu zuten ekintzailea Poliziaren zaintzapean edukitzeko, bere buruaz beste egin nahian zebilelakoan. Sudurretik sartutako hodi baten bitartez elikatzen zuten. Irudi hori izan da munduan gehien zabaldu dena.

Orain urtebete Sharmilaren eledunek jakinarazi zuten abuztuan emango ziola amaiera gose grebari, «16 urtetan lortu ez duena 30 urtetan ere lortuko ez duelakoan». Estrategia aldatu eta hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuen, independente moduan, nahiz eta AAP Aam Admi Party alderdiko “haserretuek” (jende arruntaren alderdia) beren zerrendan sartzeko proposamena egin zioten. BPJ Narendra Modi lehen ministroaren alderdiak bost milioi dolar eskaini omen zizkion beraiekin bat egiteagatik, baina berak PRJA Justiziaren Aldeko Aliantza eta Herriaren Berpiztea alderdia eratzea erabaki zuen.

Eta 2017ko martxoa iritsi zen: hauteskundeak. Ekintzaile eredugarriari herritar askok adierazten zion sostengua gose greban zegoenean, «baina bozketa egunean bizkarra eman zioten eta betiko lapurrei eman zieten botoa». 90 boto besterik ez. Okram Ibobi Singh Manipurreko gobernuburuak 18.649 lortu zituen. Erabateko porrota. Datua mingarriagoa da parte hartzea oso altua, %80tik gorakoa, izan zela kontuan hartuta. «Jendeak huts egin zidanean, lur jota geratu nintzen. Ni politikan ez sartzea nahi badute, beren boto eskubidea aukera zuzena egiteko erabili nahi ez badute, horrela izan dadila», esan zuen 45 urteko emakumeak.

«Eskerrik asko 90 botoengatik»

«90 boto. Ez genuen horrelakorik espero. Hauteskundeak irabaziko genituelakoan geunden, baina guztiz kontrakoa gertatu da», esan zien kazetariei Tele Salam PRJA alderdiko kideak. «Eskerrik asko 90 botoengatik», idatzi zuen Irom Sharmilak berak Facebooken. Alderdikideek ezin dute ulertu gertatutakoa, «ustelkeriarik gabeko politika garbia eskaintzen zuen aukerak hain boto gutxi jasotzea». Batzuek zioten «diruaren botereak oraindik ere eragin gehiegi» duela herritar askorengan.

Bozketak iritsi aurretik ere pasa zitzaion burutik ekintzaileari kanpaina bertan behera uztea. Grace Jajo Manipurreko kazetariak bere etxean hartu zuen Sharmila, gose greba utzi ondoren toki guztietan baztertu egiten zutenean. Emakume talde batek iraindu zuenean, hautagaia oso gaizki ibili zen eta ez aurkeztea ere aztertu omen zuen, lagunak esan duenez.

Manipurren langabezia-tasa oso altua da eta gazte askok talde armatuekin bat egin beste erremediorik ez dute ikusten aurrera ateratzeko. Beste batzuek, emakumeek batez ere, hiri handietara jotzen dute, bertakoek egin nahi ez dituzten lanak egitera. Gainera, estatuak muga arazoak ditu Birmaniarekin. Hemendik urte batzuetara Sharmilaren estatuak jarriko dituzte plazatan eta guztiek esango dute bere jarraitzaile izan zirela.

Honi buruzko guztia: INDIA