Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Harremanak. Hartu eta eman

Harremanak izena jarri genionean gure elkarteari. Akaso, ez nintzen guztiz kontziente izan hasiera batean hitzaren esanahiaz. Txusak esan zidan arte “harremana” hitzak “hartu eta eman” esan nahi zuela. Eta hara! Gure lan kopuru handiena hartu-emanari eskaintzen diogu; lankideen artean harremanak lantzen ditugu eta harremanak goxatzen saiatzen gara. Harremanak eta tratu onak gure ikasleen artean, eta guraso eta irakasleei jarraibideak eskaini beraiek ikasleekin eta seme alabekin landu ditzaten. Izan ere, azkenaldian dezente korapilatsuak dira haurren arteko harremanak eskoletan. Batzuetan adin berekoen arteko gatazkak izaten dira, besteetan mutil eta nesken artekoak… Ohi denez, batek hartu nahi eta eman ez, eta bestea eman eta eman agortu arte.

Bizikidetza egitasmoak lantzen ditugu, geletako harremanak hobetzeko asmoz; diagnostikoak egin, eredu ezberdinak erakutsi, ikasleek sentitzen dituzten emozioak landu…

Zein emozio egon daiteke haur edo gazte batengan bestea jo, iraindu edota gutxiesteko? Gehienetan beldurra eta amorrua, eta, askotan, baita inbidia kutsu bat ere… Horri guk deitzen diogu “zulo emozionala”, “zulo beltza”.

Gure lanean ikusi dugunaren arabera, denbora osoz erasotzailea edo erasotakoa denik ez dago. Aldiz, gure ustez, bi pertsona horiei etiketa horiek jartzea euren gainean pisu handia jartzea da; aurrera egiteko zailtasunak, oztopoak jartzea. Izan ere, erasotzaileari boterea eman eta erasotakoari kendu egiten zaio, azken horrentzat egoerari buelta ematea ezinezkoa izango balitz bezala. Haur horiekin, heldu horiekin lan egin behar da, lehendabizi bortxakeria egoerak debekatuz, beharrezko protokolo guztiak martxan jarriz, haurra babestua senti dadin, eta, gero, laguntza eskainiz. Erasotzailearekin, bere “zulo emozionala” non dagoen detektatuz eta bere familiarekin, sistemarekin, irtenbideak eta baliabide emozionalak eskainiz. Erasotakoarekin, ordea, autonomia, konfiantza landuz, trebetasun sozialak erakutsiz, bere “Ni”-a defendatzen erakutsiz. Biolentziak hautsitako zauri emozionalak sendatuz, baina ahaztu gabe indarkeria ahalbidetzen duen sistema osoaren lanketa ere egin behar dela. Bullying kasu guztietan familia guztiekin egiten dugu lan, ulertzen dugulako oso zaila dela bestela irtenbidea topatzea.

Eta, horrelaxe, harremanetan murgildurik gabiltza lanean, haurrekin, familiekin, irakasleekin, aholkulari eta orientatzaileekin… Jendarte osasuntsu baten alde, harreman eredu ezberdin bat amestuz, haurrekin prebentzioa landuz.

Esan gabe doa, maitasunak dena sendatzen duela, eta pertsonak sendabidean bidelagun bihur daitezkeela beraien saminei eta minei entzunda, Maialen Lujanbioren bertso zoragarri hark ederki islatzen zuen moduan…

ALTZOA

Helduok bihotzean

zenbat harramazka

bizitzaren bizitzez

indarrak gasta

nekeak eta minak

askotan arrasta

uzten gaituzte eta

hori nola aska?

Bihotzeko zazta

bizkarreko lazta

banoa arnaska

hartzen nau xarmaz ta

altzoa da helduok

dugun sehaska

[2013-12-15, Barakaldo. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.

Maialen Lujanbio] •