Nerea Goti
ZIENTZIARAKO ZIRRARA PIZTEN

Probak egin eta ikasteko esperimentu errazek liburu forma hartu dute

Inguruan gertatzen dena ikertzeko sena piztea du helburuetako bat, baina beste asko ere baditu: intuizioa bultzatzea, pentsaraztea, akatsak onartu eta horietatik ikasaraztea... Arlo horiek guztiak jorratzen dira Elhuyarrek argitaratutako «Ume jakinguratsuen esperimentu-liburua» lanean. Erreza, entretenigarria, praktikoa...

Hori gertatzen da horrela delako, eta kito» esaldi ezaguna ahotik ezabatzen duen liburua argitaratu berri du Elhuyarrek. “Ume jakinguratsuen esperimentu-liburua” da, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat pentsatuta dago eta ehun sormenezko ariketa praktiko baino gehiago proposatzen ditu. Zientziarako zirrara piztea lortu ala ez, umeek duten jakin-minatik tira egiten du argitalpenak dudarik gabe, eta aukera ugari ematen ditu etxeko saltsero txikiak ikertzen jartzeko, haurrek eurek irakaspenak ateratzeko.

Lehen kolpean, helduen arreta pizten duten hainbat osagai ditu proposamenak: sormena lantzen du, esperimentu ariketak biltzen ditu, liburu praktiko, dibertigarri eta hezigarria da... Horrelako proposamenetan, baina, maiz gertatzen da liburua esku artean hartu eta esperimentua egiteko orduan zailtasunak agertzen direla: beharrezko material edota tresnak falta ditugu etxean, ez baitira erraz eskuratzekoak. Akabo, beraz, une magikoa, beste momentu baterako utzi behar dena.

Zailtasunek ikertzeko grina itzal dezakete askotan. Bada, ez da inolaz ere liburu honen kasua. Egileek nabarmentzen dutenez, esperimentuak oso erraz egitekoak dira, eta horren proba da planteatzen diren erronkak gauzatzeko behar diren elementu eta materialak etxe guztietan izaten direla: ura, azukrea, gatza, esnea, legamia, lurra, izotza, plastikozko ontziak...

Erraztasun horiek emanda, denbora pasatzeko esperimentu liburu huts bat baino askoz gehiago da publikazioa. Elhuyar argitaletxeak nabarmentzen duenez, balio zehatz batzuk lantzera bideratuta dago lana, eta ikerkuntzarako grina piztea da helburuetako bat. Liburura Asia Citroren irudi eta testuen itzulpena da, eta helburu nagusi bat bilatzen du: haurrak pentsaera zientifikoa izan dezaten gidatzea ariketen bidez, hau da, «intuizioa eta gauzak ikertzeko eta aurkitzeko sena piztea».

Lurdes Ansa Elhuyarreko Argitalpen arduraduna da. GAUR8ri azaldu dionez, umeen pentsaera zientifikoa aztertzen dugunean, haurren lekuan jartzen saiatu behar dugu. Bada, gakoa umeek hain gustuko duten “zergatik” galderan dago. «Haurren pentsaera zientifikoaz hitz egiten dugunean gauzak zerbaitengatik gertatzen direla esaten ari gara; ikasten dutela ekintza bakoitzak baduela bere ondorioa eta ondorio bakoitzak baduela bere arrazoia. Umeari horren inguran pentsarazi egiten dio liburuak», nabarmendu du Ansak.

Umeak egin dezala bidea

Gauza sinpleak, egunerokoan ikus ditzakegunak dira ariketen bidez proposatzen direnak. Elhuyarreko arduradunak nabarmendu duenez, «helduok joera dugu esateko ‘gertatzen da, horrela gertatzen delako’», eta horrek umearen jakin-mina apurtzen du. «Ez diogu jarraitzen uzten, baina orain badaukagu aukera horretan eragiteko, laguntzeko eta hori zergatik den erantzuteko, azalpen horiek jasota daudelako liburuan», argitu du.

Hori bai, helburua ez da liburuak proposatzen dituen ariketen bidez helduak haurra bideratzea. Ideia da umeari bide hori egiten erakustea. Planteamendua honakoa da: «zuk egin, zuk ikusi, zuk probatu, zuk atera zure ondorioak eta nahi baduzu horren gainean hitz egingo dugu». Argi aipatzen dute «kontuz, ez egin hori, gaizki aterako zaizu-eta» esaldi famatuak ez duela asmoarekin bat egiten. Kontrako norabidea proposatzen dute: «ez utzi, aurrera egin, probatu zer gertatzen den, zuk zeuk ikusiko duzu, eta ikasiko duzu».

Hutsegiteen kudeaketa

Baina, zer-nolako esperimentuez ari gara? Bizitza errealeko ohiko jardueretan oinarrituta, liburuan umeak dira «protagonista nagusi eta bakarrak». Horregatik diseinu grafikoa beraientzako pentsatuta dago, erakargarri izateko, eta azalpenak ere haurren adinera egokitu dituzte. Horrez gain, «genero berdintasuna» oso kontuan izan duen lana da.

Gai ezberdinak hartuta zortzi kapitulutan banatuta dago liburua. Begirada azkar batean, etxeetan maiz ikusten diren gozokiekin lotutako ariketa bat aurki daiteke. Gomazko zizareak edo hartzak erakusten ditu irudiak eta horiek «luzatzen eta txikiagotzen» probatzea proposatzen da, ura, ozpina, azukrea, zukua edo soda erabiliz. «Egin proba gomazko hartzak edo zizareak osagai lehorretan bilduz eta nahaste desberdinetan bustiz» planteatzen du liburuak, baita galdera bat bota ere: «Zure ustez, gomazko hartz edo zizareek gauza bera egingo al zuketen likidoen tenperatura aldatuz gero? Egin proba, eta ikusi zer gertatzen den».

Lurdes Ansa Elhuyarreko arduradunak zehaztu duenez, oso gauza sinpleak egin daitezke, eta horren adibide gisa landareen ureztatzean oinarritutako ariketa bat aipatu du. Pote ezberdinetan landare bat landatuta, ontzi bakoitza ur kantitate jakin batekin ureztatzea da proposamena, kasu bakoitzean izango den emaitza ikusteko.

Hautatutako ariketen egingarritasuna ikusarazteko, beste adibide bat jarri du Ansak. Legamia hartu eta tenperatura ezberdinetan dagoen urarekin nahastea da kontua, edota gatza botatzea. Ondoren, zer gertatzen den behatu behar du haurrak. Horren inguruko azalpen guztiak aurkituko ditu helduak, gertatutako prozesua bera ere, era sinplean gertatutakoa azaltzeko moduan. Izan ere, zenbait azalpen haurrarekin arituko den helduari zuzenduta daude. Horrekin batera, zehazten du zer behar den, jarraitu beharreko urratsak, korapilatsuak izan daitezkeenak...

Horrez gain, bada lantzen den beste kontu bat, akatsak onartu eta horietatik ikastearena. Huts egitea nola kudeatu behar den galdetuta Ansak azaldu zuenez, «zientzian egunerokoa da akatsetatik ikastea», eta bide hori erakutsi behar zaie umeei, huts egitea normala dela eta horrek ere pentsarazi egiten duela: zerk egin du huts, zer egin behar da hurrengoan emaitza bera ez izateko... «Zientziaren oinarrietako bat da probatzea, akats bat izan bada zergatik gertatu den ikusi eta aurrera egitea», amaitu du Ansak, haur zein helduentzat mezu baliagarria helaraziz.