David MESEGUER
«VISCA KURDISTAN, BIJI CATALUNYA!»

Bi erreferendum baina sentimendu bakarra

Kurduek eta katalanek independentzia erreferendumak dituzte hizpide. Bi herrien egoera politiko eta sozialak erabat ezberdinak diren arren, estatu propioa lortzeko asmoa albora dezaten Madrilen eta Bagdaden (Ankara eta Teheran ahaztu gabe) presioak parekatu egiten ditu.

Eta zuek datorren astean, ezta?», behin eta berriz galdetu didate Hego Kurdistanek egin berri duen erreferendumaren inguruan galdetu diedan herritar ugarik. «Espero dezagun berandu baino lehen bi herrialdeak, Katalunia eta Kurdistan, estatu bilakatzea», esan zidan adineko emakume batek Arbileko hautesleku baten atarian.

Kurdistanera orain arte egindako bidaia ugarietan kurdu askok Euskal Herriaren eta Estatu espainolaren areko gatazkari buruz galdetzen zidaten, baina, oraingoan, Katalunia izan dute hizpide. Gauza bera gertatu zen urriaren 1ean Bartzelonan; Hego Kurdistango egoeraz eta Irakeko, Turkiako eta Irango gobernuen zigorrez mintzatzen zenik ez zen falta. Katalunian Ekialdeko Hurbileko herriaren egoera kontuan hartzen dela erakusten duten kurduen ikurrak ere ikusi ahal izan ziren astearteko greba orokorrean. «Visca Kurdistan, biji Catalunya!» leloa ere entzun zen Bartzelonako kaleetan.

Bi erreferendumak astebeteko epean egin direla kontuan izanda, ez dago soberan jakitea zer pentsatzen duten batzuek eta besteek, herritarrek eta politikariek, beste herrialdean garatzen ari den autodeterminazio prozesuari buruz.

Poliziaren bortizkeria

«Erreferendumaren egunean Bartzelonan gertatu zenak erabat harritu nau», dio Mohamed Husseinek, Ekonomia master bat egiteko irailean bertan Kataluniako hiriburura bizitzera etorritako 37 urteko kazetari kurduak. «Ez nuen espero horrenbesteko polizia bortizkeriarik iritzi politiko desberdina izate hutsagatik», gaineratu du. «Kurdistango erreferenduma inolako arazorik gabe antolatu ahal izan zuten bertan gure indar armatuak ditugulako, pexmergak hain zuzen, askotan Irakeko Armada bera baino indartsuagoak direnak», azaldu du Mohamedek, Bartzelonan bizitakoaren ondoriozko ikara gorpuan. «Katalanek polizia indar bat baino ez dute eta horrek ahula izatea eragiten du», gaineratu du, hainbat hauteslekutan ikusi zuenaren harira.

Aurreko igandean, poliziaren bortizkeriaren eta Estatu espainolak jarritako oztopo guztien gainetik, 2,2 milioi lagunek eman zuten botoa, ia %90 independentziaren aldekoak. Hego Kurdistanek irailaren 25ean egin zuen autodeterminazio erreferenduma eta hautesleen %72k hartu zuten parte; independentziaren aldekoak %92,73 izan ziren.

«Egoera politiko guztiz desberdinak bizi dituzte, noski, baina Katalunia eta Kurdistan, biak daude estatu bihurtzeko irrikatan. Tamalez, Madrilgo eta Bagdadeko agintariek ez dute autodeterminazio eskubidea onartzen», salatu du ikaskideekin batera greba egunarekin bat egin zuen Mohamedek.

«Bagdadek duen jarrera herri bat kontrolpean mantentzeko estatuek erabiltzen duten botere eta errepresioaren adibide da. Agerian utzi eta salatu egin behar da», dio, bere aldetik, Celia Appel SEPC Herri Katalanetako Ikasleen Sindikatuko bozeramaleak.

Bagdadek hainbat zigor ezarri dizkio Hego Kurdistango Gobernuari «ilegaltzat» duen erreferenduma antolatzeagatik. Lehenetarikoa Arbil eta Sulaimaniyako nazioarteko aireportuak ixtea izan da, kurduak ez baitzeuden prest horiek Iraken esku uzteko. Bide batez, Turkiak eta Iranek hainbat muga postu itxi eta Hego Kurdistanera zihoazen hegazkin bidaiak bertan behera utzi dituzte. «Abenduan familiarekin egoteko etxera itzuli nahi dut, baina, aire blokeoa dela-eta, ez dakit zer egingo dudan... Bagdadetik aire bidaiak ez dira eten, baina niretzat, etnikoki kurdua izanik, arriskutsua da bertatik joatea», azaldu du kezkatuta Mohamedek.

«Herri kurduak borrokari eutsi eta kalean jarraitu behar du, gauzak horrela soilik lortzen dira. Bide instituzional hutsa urratzea denbora galtzea besterik ez da», gomendatu du Celia Appel SEPCeko eledunak. «Arreta handiarekin jarraitzen ari gara Hego Kurdistango autodeterminazio prozesua, nahiz eta jakin Masoud Barzanik boterean jarraitu ahal izateko deitu duela», gaineratu du Eulalia Reguant, Kataluniako Parlamentuko CUPeko diputatuak. «Arbileko Gobernuak ikusi du bere betiko aliatuek [Turkiak] bizkarra eman diotela. Horrek beste eskualdeetako kurduak bide bera hartzera bultza ditzake».

Jai giroa... Kurdistanen

«Zur eta lur geratu ginen Katalunian Polizia espainolak izandako jokabide bortitz eta gizalege gabekoarekin», bat dator Sa’di Ahmed Pira, Kurdistango Abertzaleen Batasunaren (UPK) zuzendaritzako kidea. Izan ere, Katalunian ez bezala, Hego Kurdistanen independentziarako erreferenduma jai eta aldarrikapen giroan ospatu zuten. UPK-ko politikariak, hori bai, argi du: «Herri kurduak Kataluniaren autodeterminazio eskubidearekin bat egiten du, auzia soilik herri katalanari baitagokio».

Enpresari kurdua, boto zaindari

Brino Tano Mendebaldeko Kurdistango Kobane hirian duela 60 urte jaiotako enpresa gizona da. Calafell eta Bartzelona artean dituen bost dendak itxi zituen asteleheneko grebarekin bat eginez. «Bozkatu ondoren egun osoa eman nuen hauteslekuan Polizia noiz agertuko», azaldu du Brinok. «Sentsazio erabat arraroa zen. Oso pozik nengoen bozkatu ahal izan nuelako, baina oso triste hainbat lekutan izandako polizia bortizkeriagatik», dio Al-Assad sendiaren erregimenaren errepresiotik ihesi duela 30 urte Kataluniara heldutako kurduak.

«Polizia espainolaren jarrera diktadura batena izan zen. Mundu guztiak pentsatzen zuen Europan demokrazia zela nagusi», bat dator Soran, Sulaimaniyako erdigunean zilar denda bat duen saltzailea. Bere herrialdera itzuliz, Hego Kurdistanen nazioarteko hegaldiak bertan behera geratu izanagatik kezkatuta dago oso, «dagoeneko egoera txarrean den ekonomian eragin kaltegarria izan dezakeelako».

«Erreferenduma egin da, baina independentziarako bide luzea da oraindik ere», ohartarazi du Ahmed Pirak, Irakeko Gobernuarekin negoziatu beharko dela gogoraraziz. «Arduragabekeria da legez kanpoko zigorrekin hastea eta Bagdadeko Parlamentuan kurdu eta xiiten arteko liskarrak sortzen saiatzea». Izan ere, Irakeko Parlamentuak dei egin dio Auzitegi Gorenari neurriak har ditzan independentziaren aldeko diputatu kurduen aurka. Parlamentuko eledun Salim al-Jabourik diputatuok kargutik kentzea eta epaitzea ere exijitu du.

Tamalez, ohituta

«Gure aurkako neurriek ez dizkigute kalte handirik egiten, ohituta gaudelako», nabarmendu du Brino Tanok, Halabjalp sarraskia edota ISISen aurkako borroka gogoratuz.

«Kataluniako herriarekin gaude», dio Telegram bidez Jamal Bornasar 26 urte dituen Irango Kurdistango Alderdi Demokratikoko (PDKI) gerrillariak. «Ea bi herriok independentzia laster eskuratzen dugun», azaldu du Hego eta Ekialdeko Kurdistaneko mugan bizi den pexmergak. Eskualde horretan dozenaka herritar kurdu atxilotu zituen Irango Guardia Iraultzaileak bere anaien erreferendumaren alde kalera atera zirenean.

«Kurduen hainbat erakunde eta alderdiren babesa jaso dugu», azaldu du Reguant CUPeko diputatuak. «Ipar Kurdistanen onartuta dute Turkia estatu errepresorea dela, baina Europako Batasuneko kide den herrialde batek erabilitako izugarrizko polizia bortizkeriak harritu egin ditu».

«Hego Kurdistan prest da independentziarako, urte asko baitaramatza independente bailitzan jokatzen. Armada indartsua dute eta mugak kontrolpean dituzte», lasai da Brino Tano, Hego Kurdistanen eta sorterri duen Mendebaldeko Kurdistanen arteko harremanek hobera egingo duten itxaropenez. «Okerrik ez izatea espero dut. Hala ere, Katalunian gatazka armatuaren arriskua Hego Kurdistanen baino urriagoa da, han gerra zibilaren aukera beti dago hor», amaitu du Bartzelonatik Husseinek.