Gorka Elejabarrieta

Ni ere bertan egon nintzen

Urteak daramatzat “Datorrena” deritzon zutabe hau hilean behin idazten. Dagoeneko zuetako batzuk hemen behin eta berriro errepikatzen ditudanak irakurtzeaz nazkatuta ere egongo zarete! Ez ditut mila gai ezberdin haiei buruz idazteko moduan ezagutzen, eta, ondorioz, errepikakorra izan naitekeela aitortzen dut. Ez da erraza nazioarteko politikan etorriko dena aurreikustea, are gutxiago predikzioetan asmatzea. Baina gaurkoan zutabe honen helburua ahaztu eta gertatu denaren inguruan hitz egin nahi dut. Zergatik?

Urriak 1eko asteburua Bartzelonan pasa nuen nire familiarekin batera. Ez dizuet inoiz esan baina nire bikotekidea katalana da, etxean katalana ere hitz egiten dute gure seme-alabek, eta, ondorioz, Kataluniako prozesua ez da gauza arrotza gurean; oso gertutik jarraitzen dugu, ahal dugun neurrian laguntzen dugu eta gure sentitzen dugu. Badakit nirea bezalako familia asko daudela bai Euskal Herrian bai Katalunian ere, beste gauza askorekin gertatzen den bezala, bizitzaren edozein “kategoria” berritan sartzen zarenean, zu bezalako beste askoren berri entzun eta jakiten duzulako, ordura arte guztiz ezezaguna zen mundu berri bat ezagutuz. Ez diot, noski, katalana izan behar denik edo katalan batekin bizi behar denik haien prozesua jarraitu eta modu berezian sentitzeko, ni bezala beste dozenaka, ehunka euskaldun egon baitira Katalunian urriaren 1ean.

Bertan bizitakoa hitzez azaltzea oso zaila egiten zait, horrenbeste baitira hiru egunetan sentitutakoak… Beste edozer gauzaren gainetik ilusioa azpimarratuko nuke, ilusioa etorkizun berri bat eraikitzeko aukeraren aurrean. Urduritasuna, poztasuna eta beldurra ere ikusi nituen. Ustez Poliziak eraso egingo gintuela zabaldu zen momentu batean eta hainbat pertsona fisikoki dardarka ikusi nituen, dardarka baina bere tokian tinko, mugitu gabe, bozka lekua haien gorputz ahul eta era berean gogorrekin defendatzeko prest. Igandean Katalunian iraultza bat ikusi nuen, bere esanahi osoarekin, herri bat zutik ikusi nuen, martxan. Eta herri batek horrelako determinazioa erakusten duenean, ez dago geldituko duen legerik, poliziarik edota guardia zibilik. Eta haien helburua erdietsi zuten. Asteetan, hilabeteetan, urteetan «bozkatuko dugu» oihukatu ondoren, bozkatzea lortu baitzuten. Baina, igandean, bozkatzearekin batera, katalanek haien etorkizuna ere erabaki zuten, eta argi adierazi zuten errepublika independente bat izan nahi dutela aurrerantzean. Doakizue zorion bikoitza. Bidea ez da amaitu eta datozen egun, aste eta hilabeteak oso garrantzitsuak izango dira, erabakitakoa praktikan jarri behar baita eta horretarako ezinbestekoa baita nazioarteko aitortza.

Eta gu? Guk gure bide propioari ekin behar diogu, Kataluniako prozesuak dagoeneko zeozer erakutsi badigu zera baita: posible da, herri bezala aurrerapausoak emanez gero, posible da. Eta hori asko da dagoeneko. Ezker abertzaleak bere estrategia aldatzea erabaki zuenean inork gutxik pentsa zezakeen urte gutxi batzuk geroago Katalunian independentzia erreferendum bat izango zenik. Eta posible izate horrek, harturiko bidea egokia zela berresten du, dudarik gabe. Herri bezala esan dut, eta horretan dugu etxeko lan nagusia, guztion parte hartzea beharrezkoa baita herri bezala, inongo beto eskubiderik onartu gabe, aurrera egin ahal izateko. Eta guztion parte hartzeak nahitaez adjektibo gutxiago eta lausotasun gehiago eskatzen ditu, eztabaida filosofiko gutxiago nolakotasunean eta elkarrekin aurrerapauso gehiago. Finean, estatua izan nahi duen herriak estatu politika egin beharra baitauka. •