2017/10/21

Erreportajea
MATA HARI
Normaz kanpoko emakumea, mundu arraro batean espioi
Mertxe AIZPURUA
0921_pdgaur8_matahari2

Bi aukera soilik zituen: jasanezina egiten zitzaion pobrezia onartzea ala arriskuaren amildegi estuan sartzea. Muga zorrotz horren artean hautua egitera behartuta zegoen. Eta egin zuen. Gizarte arauetara makurtu nahi ez duenaren gaineko kontaketa inoiz ez da lineala. Horregatik, Mata Hariren bizitza laburtuko duen errelato bakarra ehuntzerik ez dago; bizitza asko barneratu izan baitzituen, eta horietako bakoitza amets irudikatuz, gezurrez, egia-erdiz eta kontakizun asmatuz jositako sare batean korapilatzen da. Duela ehun urte, urriaren 15ean, 06:15ean puntuan, fusilatu zuten Parisen, Vincennes gazteluaren murruaren kontra. 41 urte zituen. Historiarako geratu den emakume espioiaren mitoaren itzala handitu besterik ez da egin une horretatik aurrera. Aldiz, zentzu hertsian, espioia izan zenik ere zalantzan jar daiteke, bai behintzat norma guztietatik kanpo, mundu arraro batean bizirik irauteko zeukan grinaren bultzada espioitza bezala kontsideratzen ez badugu.

Denboraren poderioz, sedukzio, zelataritza eta saldukeriaren ikur bihurtu da. Frantsesek Lehen Mundu Gerran etsaiari informazioa pasatzea egotzi zioten; frontean zeuden milaka aliaturen heriotzaren arduradun bezala aurkeztu eta femme fatal perfektuaren erretratua eskaini zioten munduari. Bere biografiak, baina, ez du oraindik bukaerarik. Azken orriak duela gutxi Herbehereetan aurkitutako gutunekin idatzi dira. Nolako begiekin irakurri dokumentuok, bere denborari aurrea hartu zion emakumea aurki dezakegu, eldarnioan moldatutako pertsonalitate bitxia edota denbora ilunek irentsitako turko-burua.

Herbehereetako Leuwarden herrixkan Margaretha Zelle bezala jaio zen Mata Hari hark, pasarte zailak biziko zituen fikziozko pertsonaia osatu baino lehenago. 16 urterekin, 51 zituen eskolako zuzendariaren sexu proposamenei muzin egiteak eskolatik kanporatzea suposatu zion, sedukzio saiakera bere buruaren gain erorita. Gerora, emazte bila zebilen Herbehereetako McLeod kapitainaren iragarkiari erantzun zion. Ezkondu eta Indonesiara joan zen bikotea, urte batzuetara Amsterdamera itzuli arte. Gaztaroko tarte horretan, senar jeloskorraren tratu txarrak jasan zituen, baita semearen heriotza sufritu ere. Jarraian, dibortzioa etorri zen, eta, berarekin batera, alabaren urruntasun behartua, haurraren tutoretza galdu baitzuen betiko.

Bakardade hotzean eta miseria gorrian zen Margaretha Zelle hura ez zen, baina, ohiko emakumea. Ez behintzat XX. mende hasierako gizartearen denbora soziala markatzen zuen erlojuarentzat. Europan atentzioa deitzen zuen fisiko exotikoa izateaz gain –1,79 metroko altuera, ile beltza eta amarengandik jasotako Javako azal beltzarana–, bost hizkuntza menderatzen zituen, eta, batez ere, ausardia eta determinazioa soberan zituen. 1903ean, Paris hartu zuen jomuga bizitza berri bat abiatzeko. Bizimodu onari lotuta, ez zegoen egoera aldatzeko prest. Indonesiatik zetorren printzesa bat bezala aurkeztu zuen bere burua Frantziako hiriburuan, Mata Hari izenekoa; dantza exotikoz, erotismoz eta sedukzioz betetako ikuskizuna eskaintzen zuen.

Mata Hariren ospea berehala zabaldu zen Parisen gizon aberats, politikari, diplomatiko eta militarren artean, eta goi mailako gizarte zirkuluetan murgildu zen. Konturatzerako, Europa erdia liluratuta zeukan; Ekialdeko kulturaren eta erotismoaren ikur bihurtuta, striptease espektakuluen aitzindaria, areto pribatuen erregina, maitale soka luzeko emakume erakargarria zen.

Diru asko irabazten zuen, baina behar ere asko behar zuen. Mata Hariren biografo batzuek diotenez, guztia gutxi zen luxuz betetako bere bizitzari aurre egiteko. Hala, zeraman goi mailako bizimodua mantentzeko arazoak etengabeak ziren. Eta beste modu batera bizitzerik ez zen bere buruan sartzen.

Agian, Lehen Mundu Gerra piztu ez balitz, Mata Hari gizartearen eta konbentzionalismoaren mugetatik kanpo bizi izan zen irudi exotiko bat bezala geratuko zen; bitxikeria hutsa izango zen bere garaiko munduarentzat. Hala diote bere bizitza aztertu duten ikerlari serioenek. Alabaina, gatazka suntsitzaile eta izugarria bizitzea tokatu zitzaion. Eta agertoki horretan, Europa zaharraren moralaren gainetik zegoen emakume independentea izateak oso prezio garestia izan lezake. Garaiko emakumerik erakargarriena eta desiratuena zen, eta, segur aski, horrek ere zeresana izango zuen bere bizitzaren amaiera nolakoa izango zen zehazterakoan...

Susmagarri perfektua

Erregerik gabeko europar gortean, Mata Hari gortesauak zuzeneko haria zuen hainbat estatuko eliteekin. Eta garai hartan emakume gutxi izango ziren hainbat hizkuntzatan moldatzen zirenak, bakarrik bidaiatzeko adorea zutenak, arazorik ez zutenak maitalez maitale ibiltzeko... Argi dago nahikoa meritu bazirela gerra betean norbait espioi izatearen susmagarri perfektu bilakatzeko. Bertsio desberdinek diotenez, alemaniarrek kontratatu egin zuten, eta ostean frantsesek agente bikoitza izan zedila eskatu omen zioten, eta berak onartu egin zuen. Eta errusiarrek ere milioi frankorekin tentatu omen zuten... Aldiz, ez da posible izan Mata Hariren espioitza lanaren inguruko inolako froga sendorik aurkitzerik, eta, nolanahi ere, gatazkaren garapenean inolako garrantzirik ez diote eman historialariek.

Legendak pertsonaia fribolo, kalkulatzaile eta hotza marrazten du, gerraren erdian, diruaren truke, alde guztiei zerbitzuak eskaintzen zien emakumearena. Biografo batzuen ustez, baina, espioi gisa, oharkabean lanean aritzeko, ezagunegia zen. Espiatu bazuen –eta badirudi alemaniarrek emandako enkargua onartu eta kobratu egin zuela baina ez zuela gauza handirik egin, eta, aldiz, frantsesei hainbat informazio eman zizkiela–, historialariek bat datoz: gutxi espiatu zuen. Edozein kasutan, inongo segurtasunik kolokan jarriko zuen informaziorik ez zuen eman. Ez batzuei ez besteei. Zinemak eta literaturak emandako irudiaren gainetik, joko arriskutsu batean eroritako biktima bat izan zela diotenak egiatik hurbilago dauden sentsazioa gailendu da azken urteotan.

1917ko otsailean Parisen atxilotu eta epaitua izan zen, alemaniarrentzat lanean aritutako H21 agentea izatea leporatuta. Sasoi horretan, Frantziari gerra luzeegi gertatzen ari zitzaion: garaipen gutxi eta hildako asko. Alemaniako Armadak bere zoruan jarraitzen zuen, ezer gutxi zegoen ospatzeko, eta sufrimendua nagusi zen. Soilik emozionalki bazen ere, eragina izango zuen lorpena behar zuen frantziar Estatuak. Erabat beharrezkoa zen ehunka alargun, milaka umezurtz eta kontaezinenak ziren fronteko elbarrituen animoa lasaitzeko. Frantziak nolabaiteko mendekua eskatzen zuen garaian, zer hobe espioi bezala aritutako norma guztietatik kanpoko emakume hura baino!

Okerrenaren errepresentazioa bihurtu zen Mata Hari. Arerioen alde jokatu zuen, eta, gainera, sedukzioaren arketipoa laburbiltzen zuen; berarekin batera zetozen sentsualitatea, tentazioaren sugea, misterioaren lilura eta eskandaluzko bizitzaren kondena.

Inolako froga argirik gabe egin zen bere kontrako prozesua, gerora salatu bezala. Heriotzara kondenatua, dotorezia osoz jantzi zen azken hitzordurako. Batailoia osatzen zuten soldaduei musu bat bidali ondoren, bera maite izan zuten politiko, militar eta influentziazko gizonen arrastorik gabe hil zen. Fikzio eta legenda artean. Gaur arte.

IBILBIDEA Leeuwarden (Herbehereak) jaio zen, 1876ko abuztuaren 7an, Margaretha Zelle bezala. 1917ko otsailaren 13an, Lehen Mundu Gerra betean, Parisko hotel batean atxilotu zuten. Ordurako Mata Hari bezala zen ezaguna. Urriaren 15ean, 06:15ean, fusilatu zuten Parisen bertan, Vincennes gazteluan, alemaniarren aldeko espioia izatea egotzita.